Voyeur baten amets amaigabea

'La vie d' Adèle' filmak seko zora(bia)turik, Cannes ahaztu zen hamaika sailetan barna zabaldurik, barreiaturik izan ziren beste hainbat zeluloide puskarekin. Gu, ordea, ez gara ahazturik.

Jim Jarmuschen Only Lovers Left Alive. BERRIA.
begona del teso
Cannes
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Egun hartan Mistral haizeak jotzen zuen, zin degizuet. Bizi jo. Gogor jo. Mistral haizeak, Proventzako aire horrek badu parekorik hemengo eta Tanger aldeko andre haize horiekin, jendea zora(bia)tzen duten aire magikohoriekin. Zin degizuet, Abdelatif Kechichek egindako La vie d' Adèle Cannesen aurkeztu zelarik, Mistralak jotzen zuen. Eta Cannes osoa, epaimahaia barne, dardarka hasi zen. Dar-dar epelean. Dar-dar voyeur batean. Horratio bi emakumeren arteko amodiozko istorio horrek, Donostiako Zinemaldian irailean izango denak eta Iparraldeko aretoetan urrian ikusgai izango dugunak, urrea bereganatu zuen horren aise, horren erraz. Pantailaratu zen egun hartan Mistral haizeak jotzen zuelako, besterik ez. Hizkuntza frantziarrak badu Cannesi Kechicheren filmarekin gertatu zitzaiona adierazteko, azaltzeko era eder bat: Coup de foudre —tximistak kolpaturik bazina bezala esaten da ele horretan. Hala gertatu zen egun hartan, zin degizuet berriro ere.

Baina zeluloidezkoa izan arren, zeharo haragizkoa den film horrek beste era maltzur eta deabruzko batez menperatu zuen Cannes, bertan biltzen den jendetza belauniko jarriz. Eta beste era horrek zinemaren beraren esanahia gordetzen du bere barrenetan: ikusle oro voyeur hutsak gara; besteen gorputzak eta arimak biluzik daudela ikusterakoan neurri gabeko eta neurtu ezinezko plazera gureganatzen dugun jendilaje estrainioa.

La vie d'Adèle-k ez du, egia esan, ezer berririk kontatzen: bi neskak elkar ezagutzen dute. Bata bestearen maistra izango da sexu lesbikoaren sekretuetan. Gero gerokoa… Ikuslea harrapaturik bezain ezeroso sentiarazten du filmak. Hori da inork ukatuko ez dion lorpen ikaragarri zinematografikoa. Bi gorputz horiek amodiozko ariketa ederretan(ederregietan akaso?) ikusteak liluratu egiten du. Zorabio arte. Baina ikusle horrek ederto badaki mundu sekretu batean sartzen ari dela. Baimenik gabe igual?... Horrexegatik, zinemaren beraren erraietan dagoen zio berdaderoa (voyeurismo, hots) ukitu izan zuelako, eta egun hartan Mistralek jotzen zuelako irabazi zuen urrea filma horrek.

Baina Cannes beste miloi bat film da. Eta hori beste tentazio menderaezina da han izateko luxu, plazer eta suerte ona duenarentzat. Tentazio eta mina, min sendaezina: areto batean sartzen zaren guztiro badakizu beste ehunka film galtzen ari zarela. Sentsazio horrek badu bere xarma hilgarria. Zin degizuet , berriro ere.

Horrexegatik, barruan bor-bor dituzun bultzadei kasu eginezhartuko dituzu Cannesen hil ala biziko auziak diren erabakiak: Non sartu? Zer ikusi? Non izan orduak eta orduak zutik edota lurrean eserita zerbaiten desio, zain eta esperoan?

Nik Cocteauren La Belle et La Bête aspaldiko mirari orain zaharberrituaren alde egin nuen apustu. Zer dela eta? Auskalo. Agian, Reino de Cordelia argitaletxeak ateratako ipuin horren argitalpen berriak Sthendal sindromea sorrarazi zidalako duela gutxi. Agian, piztia guztiak ederrak direla sinesten dudalako. Frogarako, inoiz eta inon dastatu(ko), ukitu(ko), edan(go) edo mastekatu(ko) ez dugun ilunpe zoragarri eta zorigaiztokoan filmaturiko Jarmuschen banpiroen kondaira gaur egungo eta miresgarria, Only Lovers Left Alive.

Winding Refn eta Jodorowski

Orduro, momenturo aukera egin eta erabaki hartu behar hori bada, berriro diotsuet, amildegirantz hurbiltzen zaituen bultzada desiragarria. Horrexegatik, hobe aspaldiko lagun zoroekin berriro biltzen bagara. Horietako batek, Alejandro Jodorowski aztiak, Deabruarekin zein Jainkoekin harremanetan dagoenak, Quinzaine des Realisateurs sail apartekoan La danza de la realidad aurkezten zuen. Sasoi ederrean, sasoi suzkoan. Zeluloidea eta arimak jangauza dituen sortzaile bati dagokion sasoian da Alejandro. Normala oso, ulergarria arras, Iparraldeko aretoetan dagoenekoz ikusgai den Only God Forgives, odolez eta zinema ezinbestekoaz blai den marabillaren zuzendariak, Nicolas Winding Refnek, Jodorowski maisutzat izatea.

Aukerak egin behar. Erabakiak hartu behar. Lan itzela. Lan gozoa. Lan perilosa. Horrexegatik, non hobe Paolo Sorrentinok La grande bellezza-n marrazten duenluxuzko Erroma ustelduan baino? Normalean, gure aretoetara iristen diren film arrunt horiek horren gutxi exijitzen digute, ezen derrepentean solasaldi politiko eta filosofiko maltzurretan darabiltzan pertsonaiekin nahasteak terraza batean nondik Erroma osoa ikusten den, La vie d'Adèle-k sekula sorraraziko ez digun plazera eman /ematen/emango digun.

Erabakiak. Aukerak. Galerak. Irabaziak. Film erraldoiak. Film txiki gazi-gozoak. Esaterako, The Selfish Giant. Gutxi ezaguturiko zinema lurretan ibiltzeko parada. Etsenplurako, Filipinak. Handik etorri ziren bi proposamen kategoriazko hauek: Norte, The End of the Story eta Death March gehi guk horren gaizki ezagutzen dugun bertako akziozko zinema komertzialarekin lotura estuak zituzten beste film interesgarri batzuk.

Cannes 2013. Mistral haizeak bizi jo zuen egunean pantailaratu zen Urrezko Palma bereganatu zuen lana. Bost. Haizeak sartzerik ez zuen aterpeetan geunden gutako asko benetako zinema perilosa ikusten. Zein da zinema perilosa? Sekula sentitu ez duzun hori estreinakoz sentiarazten dizuna. Guk uste, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.