Berlinale, non zinema guztia gauzatzen den

Aurtengo zinemaldi Berlingoan ezinik ez da izan. Munduko lau izkinetatik etorritako zeluloide puskak ikusi ditugu. Baita bosgarren izkina ezkutatu batean sortutakoak ere.

Calin Peter Netzerren Pozitia Copilului-k jaso du Urrezko Hartza. BERRIA.
begona del teso
Berlin
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Berlinen ezinik ez da. Pobrezia dago, jakina. Krisialdiak ate guztietan egiten du burrunba. Bankuak Bankuak dira hemen, hor eta han. Izan ere, hilaren 16an piztu zuten Berlinen Stop Etxegabetzeak mugimenduarekin zerikusi franko eta garbia duen errebolta. Kreuzberg auzo txiro, bizi, turkiar, gazte, kaletar, ezkertiar hartako Ali Gülbol biztanlearen familia 44 urtez bizi izan den etxea galtzeko arrisku bizian zegoen. Mila lagun atari aurrean eseri ziren, Poliziak inguraturik, etxegabetze hori galarazteko asmo frankotan. Egunkari guztiek Euskal Herriko eta Espainiako Stop Kaleratzeak mugimendua aipatzen zuten inspirazio eta iturri. Borrokarako deia Interneten bidez zabaldu da, eta, jada, ekintzarako prest daude taldeak Vienan, Hanburgon eta Frankfurten.

Auzoko futbol zelaiaren ondoan, non bildu zen jendea Etxolak salbatu, jauregiak itxi leloa eztarrietan, zinemaldia. Berlingoa. Berlinale. Izan ere, duela urte batzuk zinema festa Berlingo auzoetara atera da. Berlinale goes Kiez lelopean eta Forum Expanded sail esperimentalaren bitartez,hiriaren erditik urrunen dauden aretoak zinemaz blai izaten dira hamabi egunez. Areto urrutiak eta lekurik estrainioenak ere bai. Esaterako, iraganean krematorioa izanda orain lorategia den esparru batean ikusgai dastatu genuen Isabella Rossellinik landutako irudi sorta kontzeptuala.

Berlinenez dago ezinezkorik. Dirurik ez du hiriak. Hesia bota zuten kasik momentu berean gobernuak emandako diru laguntzak bertan behera utzi ziren. Baina Berlingo biztanleei kasik bost. Bizirik irauten ikasi zuten aspaldian, eta horretan dihardute jo ta fuego. Bizikletaz, jangauza organikoak aukeran taberna ia guztietan, pubetako mahaiak ezezagunekin partekatuz eta tabakoa era nahiko librean leku dezentetan erretzen.

Berlinen, horren arm aber sexy' (behartsua baina sexya) den hirian, jendeak, jendetzak (300.000 sarrera saldu ditu zinemaldiak) zinema izan du hizpide, eztabaidagai, opari, ezten, zirrara. Zinema irudietan. Zinema hitzetan (hamaika izan dira hitzaldiak, solasaldiak, mintegiak). Eta zer zinema mota? Gehienbat, munduarekiko, gizakiekiko, naturarekikoatxikimendu sendo eta sakona aurkezten duena. Salaketarako zein elkartasunerako prest eta presto dagoena. Etsenplurako? Danis Tanovicen Epizodu u zivotuberaca zeljeza. Bertan, Zirkus Kolumbia-ren egileak Bosnia berriko miseria betikoak pantailaratzen ditu. Etsenplurako, Urrezko Hartza eraman zuen Errumaniako Pozitia Copilului, non eri horrek berezko duen umore beltz, ozpindu eta pozoinduaz gaur egungo herrialdearen ezinegon barru-barrukoa azaltzen den.

Berlinen jakirik gozoenak izan daitezke zeluloidezko arma, tresna, bitartekorik ezin hobeak. Hara non, gastronomiari eskainitako sailean, Kulinarisches Kino-n, hots, bi film esanguratsu bezain umoretsu aurkitu genituen: Make Hummus Not War eta Perú sabe: la cocina arma social.

Gazte aldarriak

Berlin eta Berlinale harrigarriak dira benetan. Hiriak ez du parekorik, eta Berlinek bere buruaren isla ikusten du kidetzat duen Donostiako Zinemaldian. Berlinek eta Berlinalek etorkizun oparoa badute. Generation sail garrantzi handikoa ume etagazteei da eskainia. Beraiekpartitzen dutepropio duten kristalezko hartza. Ezin imajinatu zeinen apustu eder eta ausartak egiten dituzten. Aurten, esaterako, Poloniako Baby Blues saritu dute. Han, 16 urte baino ez duen bikote bat jaio berria zaien semetxoa zaintzen ahalegintzen da skatean eta lagunartean diharduten bitartean. Era zeharo natural batez. Naturalak dira denak proposamen honetan. Bai beraiek, bai zuzendaria, bai ikusleak ere.

Goraipatu zuten Berlingo gazteek Hego Koreako Pluto ere. Han, unibertsitatera iristeko lizeo bateko hainbat ikasleren lehia gupidagabea ikusten dugu beldurrezko zinematik ez oso urrun den zeluloidezko giro aparteko batean.

Berlinera eta Berlinalera hamaika ikustera joan behar duzu beti. Aurten, sail berri bati ekin diote, Native izenekoari. Bertan, Ipar Amerikako, Zeelanda Berriko eta Australiako jatorrizko herriek egindako zinemari erakusleiho zabala eskaintzen zaio. Harrigarria benetan apatxeek, navajoek, Blood leinuko kideek eta maoriek sortutakoirudi multzo amaiezina, orain arte kasik ezezaguna mundu gurean.

Eta bertan, guk, euskaldunok, horren ondo ezagutzen ditugun auziak: hizkuntza, tradizioa, modernitatea, biolentzia galerak, irabaziak, patua, etorkizuna. Izenik? Emakume batena, esaterako: Merata Mita, maori herriaren lehendabiziko zinema zuzendaria, hil berria. Izenbururik? The Exiles, joan den mendeko 50eko hamarkadan Los Angelesen bizi ziren indioen potreta mingarria baina zinematografikoki maiestate handikoa. Herri hauen aldarrikapena? Honako hau: «Orguilos gaude gure iraganaz. Garai haietan Lurra genuen ispilu eta iturri. Garai haietan, zeruak islatzen zituen gure ametsak. Garai haietan, kontaturiko istorioen bitartez bilakatzen ginen gu anai- arrebak. Garai haietan, kontakizunen bitartez eta esker gure haurrak buruzagi prestuak heltzen ziren. Garai haiek bihotzean, zin egiten dugu gure istorioak salbatuko ditugula eta gure zauriak sendatuko. Gure patuaren egileak izan nahi dugu, zinema lagun».

Ez, Berlinen eta Berlinalenamets eta errealitate ezinezkorik ez da…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.