Azkeneko pausotxoa

Bilbo Basketek Obradoirori irabazi behar dio bosgarren izateko dituen aukera apurrak baliatzeko

Hervelle, baloiarekin, Obradoiroren aurkako lehen itzuliko partidan. L. J. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
ACB liga gaur bukatuko da, eta saskibaloi jokalarien sindikatuak deituriko grebak, halakoetan gertatu ohi den bezala, aurrera egin ezean, titulurako kanporaketekin jarraituko du lehiak. Final-laurdenak ostegunean hasiko dira, eta bertan egongo dira Laboral Kutxa eta Bilbo Basket. Gasteiztarrek bigarren postuan bukatuko dute liga; bilbotarrek, ordea, ziur asko, seigarren. Halere, badute bosgarren izateko aukera; horretarako, baina, gaur Obradoirori irabazi behar diote Santiagon (Galizian, 12:30 ), eta ordu berean Cai Zaragozak Murtziaren aurka gal dezan itxaron.

Ez da berdin bosgarren edo seigarren bukatu. Bosgarren bukatuz gero, Valentzia izango du aurkari final-laurdenetan, eta seigarren izanez gero, Bartzelona. Balizko bi aurkarien ahala ikusita, merezi du Bartzelona saihesteko borroka egitea. Ez da lanerraza baina. Bilbo Basketek Vasileiadis eta Rakovicen hutsuneak ditu, eta Obradoirok derrigorrez irabazi behar du kanporaketetan sartzeko dituen aukera apurrak baliatzeko. Irabazita ere, dena den, ustekabeko handia litzateke Murtziak Zaragozan irabaztea. Kirol arloaz gain, Bilbo Basketen ere albiste dira auzitegiak, taldeak salaketa jarriko baitio Uxue etxeari babesarengatik zor diona —oraingoz 600.000 euro— ez pagatzeagatik.

Laboral Kutxak eta Gipuzkoa Basketek ere gaur jokatuko dute. Gasteizko taldeak sasoia fintzen jarraitzeko aukera izango du Kanariaren pistan (13:15, ETB1). Baskoniak gaur jakingo du zein izango duen lehen aurkari: Kanaria Handia edo Unicaja. Segur asko Kanaria Handia izango da, zazpigarren baita, eta etxean jokatuko du Valladoliden kontra.

Lagun Aroren azkena

Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ACBko azken partida jokatuko du gaur, Real Madrilen pistan (18:00). Azken aurreko sailkatuak liderrari egingo dio bisita, eta hutsune askorekin gainera, besteak beste Ibekwek eta Woodsek ezingo dutelako jokatu. Bi taldeek ez dute ezer jokoan. Partida honen ondoren Lagun Arok ekainaren 15era arte zain egon beharko du bulegoetan mailari eusten dion ala ez jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.