Dimitri Pitermanek 6,8 milioi euro ordaindu beharko dizkio Alavesi

Kluba Konkurtso Legera eramateagatik kondenatu du Gasteizko Merkataritza Auzitegiak
Dimitri Piterman, Alaveseko presidente zenean.
Dimitri Piterman, Alaveseko presidente zenean. RAUL BOGAJO / ARP

Erredakzioa -

2012ko apirilak 18
Dimitri Piterman Alaveseko presidentea izandakoak 6,8 milioi euro ordaindu beharko dizkio Gasteizko taldeari, kluba Konkurtso Legera eraman izanaren erantzule gisa. Merkataritza Arloko Gasteizko Epaitegiak atzo eman zuen epaia, eta Piterman kondenatu du, eta, harekin batera, Milanendra Vikramsingh Pitermanen emaztea eta Jose Nereo Ruiz Alaveseko presidenteorde izandakoa. Hirurak ziren taldeko arduradun nagusiak kluba Konkurtso Legean sartu zenean. Horregatik ere, epaitegiak debekatu egin die besteren ondasunak kudeatzea, edozein pertsona edo enpresa ordezkatzea, merkataritzan lan egitea eta merkataritza edo industria enpresetan edozein administrazio kargu izatea. Pitermani hamabost urteko debekua jarri dio epaitegiak, eta zortzikoa Vikramsinghi eta Nereo Ruizi. Horretaz gain, eginbideen kostuak ordaindu beharko dituzte. Hirurek helegitea aurkezteko aukera dute Arabako Lurralde Auzitegian.

Alavesek Pitermanen aurkako salaketa jarri zuen, 2004tik 2007ra hura akziodun nagusi eta presidente izan zenean klubak 25 milioi euro inguruko zorra pilatu zuelako. Horren ondorioz, kluba Konkurtso Legean sartu zen, eta desagertzetik gertu ere egon. Zorionez, zenbait erakunde eta enpresaren laguntzarekin salbatu egin zen. Iazko ekainean, berriz, Saski Baskoniak erosi egin zituen Alaveseko akzio gehienak, eta horri esker egin du aurrera.