Komunikazioa

Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko du ETB1eko 'Hizkamizka' lehiaketa

Irailean estreinatuko dute euskarazko kultura orokorreko lehiaketa; aste barruan emango dute, arratsaldean

Gutxienez 200 euro irabazi ahalko dute lehiakideek egunero. Irudian, Zuhaitz Gurrutxaga lehiaketaren aurkezlea. EITB.
Adrian Garcia.
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Lehiaketa berria estreinatuko du irailean ETB1ek: Hizkamizka. Astelehenetik ostiralera bitartean emango dute, arratsaldean. Kultura orokorreko galderetan oinarritutako saioa izango da, eta Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohiak aurkeztuko du. Ezin dut burutik kendu ere aurkeztu zuen Gurrutxagak. Hasier Etxeberriak zuzenduko du lehiaketa.

Lehiaketan 18 urtetik gorako gizon-emakumeek parte hartu ahalko dute. Eta hasiak dira saioak grabatzen, Donostiako Miramongo estudioak udan libre daudela aprobetxatuz.

Saio bakoitzeko bi partaide lehiatuko dira aurrez aurre. Kultura orokorreko 100 galderari baino gehiagori erantzun beharko diote. Trivial mahai jokoko galderen antzekoak izango dira, baina askok Euskal Herria izango dute erreferentzia.

Nork egina da Guggenheim aurreko Puppy txakurra? Zein da Baionako jakirik ospetsuena? Zein irlatan eduki zuten preso Napoleon? Nork esan zuen, «euskaldunon aberria Euzkadi da».

Gisa horretako galderei egokiro erantzunez, lehiakideek pixkanaka hutsik dauden hainbat taula beteko dituzte. Taula horietan kantuen zatiak, esaera zahar bat, edo hitz baten definizioa agertuko da. Proba irabazteko, taulako esaldia zuzen irakurri beharko dute.

Bost probatan gidatuko ditu lehiakideak Gurrutxagak. Proba bakoitza igarotzean, zailtasuna handituz joango da. Saioko irabazleak 200 euro eskuratuko ditu, gutxienez; dirua poltsikoratzeaz gain, hurrengo saioan parte hartzeko eskubidea ere izango du.

Azken proban, zakua eraman ahal izango du irabazleak, eta 200 euroko dirusaria handitu. Irabazten ez duen aldiro, 100 euro gehituko zaizkio zakuari. Aste osoan inork ez badu zakurik irabazten, 500 euro pilatuko dira. Halere, zakua eskuratzeak ez du lehiakidearen agurra esan nahiko; hurrengo saioan ere jokatuko du.

Euskal Herri osoko jendea biltzea du xede Etxeberria saioko zuzendariak. Gainera, partaidetza heterogeneoa nahiko luke. Horregatik, saioaren ekoizleekparte hartzera animatzeko deia egin dute, «ondo pasatzeko, lehiatzeko eta diru pixka bat irabazteko». Izena emateko,[email protected] helbide elektronikora idatz daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.