Komunikazioa

Maputxeak protagonista dituen lehen telebista katea abian da Argentinan

Indigenen errealitatea eta kultura azaltzea du helburu Wall kintun kateak, baita gizartean eztabaida piztea ere

Maputxeek sortu eta bultzatutako telebista kate bat aurkeztu dute Argentinan; irudian, iragan astean arduradunek egindako agerraldia. ROMINA SANTARELLI.
Donostia
2012ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Iragan astetik maputxeek ahots eta izaera propioak dituzte Argentinako komunikabide sarean. Izan ere, iragan ostiralean hasi zituen emisioak Bariloche eremuko lehen telebista indigenak: Wall Kintun. Maputxeen hizkuntzan ingurura begira esan nahi du. «Barilochek kanpora asko begiratzen du», azaldu du Diego Pereyra zuzendariak. Hain zuzen ere, herrialdea turismoari begira bizi da. Telebistaren helburua, baina, herritarrek inguruari begiratzea da; hots, gizartean gogoeta eta eztabaida piztea, bai duten egoeraren inguruan, bai eraiki nahi duten etorkizunari buruz. Horretarako, hainbat gizarte eragileren parte hartzea bultzatuko du telebista kateak, baita herritarrena ere. Salatu dute hedabide talde handiek interesa dutenean bakarrik egiten dietela kasu indigenei, baina euren asmoa bestelakoa dela: «Maputxeen errealitatea eta kultura zabaldu nahi ditugu, biztanleek bat egin dezatengalduz joan den kultura eta hizkuntzarekin», dio Inalen Antillana produkzio arduradunak. Horregatik, izenaz gain, edukiak ere mapudunguna hizkuntzan sortuko dituzte. Haurrentzako programazioa, giza eskubideak oinarri dituzten filmak, elkarrizketak eta herri indigenei buruzko informazio eta eztabaida saioak eskainiko dituzte, besteak beste. Maputxeek euren historia kontatu nahi dute, modu eta baliabide propioekin.

Ibilbide luzeko aldarrikapena

Aspaldiko aldarrikapena da herri indigenek dutena, legediak komunikazio eredu eta baliabide propioak onartzea alegia. Telebista kate indigena sortzeko proiektua orain urte batzuk hasi zen gauzatzen, lege aldaketa bat abiapuntu: 2009an, Cristina Fernandez Kirchner Argentinako presidenteak, ikus-entzunezkoen lege berria bultzatu zuen, 1980tik indarrean zena ordezkatuz. Araudi berriak hedabide propioak edukitzeko eskubidea onartzen die herri indigenei, ordura arte debekatuta zutena. Legeak, ordea, kolokan jartzen du ikus-entzunezkoen oligopolioa eta komunikazio talde handiek presioa egin dute legea atzera botatzeko. Clarin taldeak helegitea jarri zuen, eta Justizia auzia aztertzen ari da. Legeak mapa mediatikoa banatzera behartu nahi du; hala, talde handienek uko egin beharko diote merkatuaren zati bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.