Jakin Talde berriko kideak

2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Lorea Agirre 'Jakin' aldizkariaren Zuzendaria. Kazetari eta antropologoa

Beasain (Gipuzkoa) 1968. Informazio Zientzietan eta Antropologian lizentziatua. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA-n lan egin zuen kazetari gisa. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean irakasle izan zen, eta fakultate bereko Sorguneak ikergunean lan egin zuen. Gezurra ari du. Egunkariaren itxieraren kronika liburuaren (Euskal Editorea, 2004) egilea da, eta baita Rosa Luxemburg eta Joxemi Zumalaberen biografia banarena ere.

Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria. Idazlea, kultur eragilea eta euskaltzain osoa.

Forua (Bizkaia) 1942. Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziatua eta Zientzia Politiko eta Soziologian doktorea. Idazlea, soziologoa eta euskaltzain osoa. Euskal idazleak gaur, Euskal kultura gaur, Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) eta beste liburu askoren egilea; baita XX eta XXI. mendeko euskal liburu guztien katalogoarena ere. Euskaldunon egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria zen hura 2003an itxiarazi zutenean. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan da 1967tik gaur arte, eta aurrerantzean Jakin Fundazioaren lehendakaria izango da.

Xabier Eizagirre 'Jakin'-eko Erredakzio burua. Kazetaria

Zarautz (Gipuzkoa) 1966. Filosofian lizentziatua EHUn. EHUKo Filosofia fakultatean irakasle izan ostean, 1999tik gaur arte Jakin aldizkariko erredakzio arduradun izan da, eta aurrerantzean erredakzio buru kargua izango du. Hainbat argitalpenen egilea, horien artean Dogma Zientzian? Feyerabend, Kuhn, Popper (Jakin Irakurgaiak, 2004), Juan Bautista Bengoetxearekin elkarlanean idatzia.

Haizea Barcenilla Arte komisario eta kritikaria

Lezo (Gipuzkoa) 1981. Artearen Historia ikasia eta Londresko Goldsmithsen arte komisariotzako masterra egina. BERRIA-ko arte kritikaria izan da hainbat urtez, eta Gara egunkariaren Mugalari gehigarrian ere kolaboratu izan du arteaz idazten. Erakusketa askoren antolatzaile eta komisarioa, eta erakusketetako katalogo askotako testuen egilea.

Harkaitz Cano Idazlea

Lasarte-Oria (Gipuzkoa) 1975. Zuzenbidean lizentziaduna. Lubaki idazle gazteen taldeko kidea gisa hasita, ibilbide oparoa egin du euskal literaturgintzan. Beste askoren artean, Belarraren ahoa eta Twist nobelen egilea da (Euskadi sariaren irabazle biak, 2005 eta 2012an hurrenez hurren), eta baita Neguko zirkua narrazio liburuarena eta Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuarena ere.

Idurre Eskisabel Kazetaria eta antropologoa

Beasain (Gipuzkoa) 1970. Informazio Zientzietan eta Antropologian lizentziatua. Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta BERRIA-ko erredaktore izana da. Euskadiko Irratian kolaboratzaile lanetan aritua. Gaur egun EHUko irakaslea da, Informazio Zientzien fakultatean, eta BERRIA-ko eguneroko kolaboratzailea.

Patxi Juaristi Soziologoa

Markina-Xemein, Bizkaia, 1967. Deustuko Unibertsitatean Soziologian lizentziatua, eta doktore 1995az geroztik. EHUko irakaslea da, eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate zuzendari izan zen hainbat urtez. Karmel aldizkariko ohiko kolaboratzailea da; euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Jagon saileko kidea. Euskal Herria Globalizazioaren aurrean saiakerarekin Mikel Zarate saria irabazi zuen 2000. urtean.

Joanmari Larrarte Kudeaketa arduraduna

Hernani (Gipuzkoa) 1967. Euskal Filologian lizentziatua. Hamar urtez Berria Taldeko kontseilari ordezkari izan ondoren, kargua utzi zuen iaz, eta gaur egun Bidera Zerbitzuetako kudeaketa arduraduna eta BERRIA-ko Administrazio Kontseiluko kide da. Euskaldunon Egunkaria-n ere kontseilari ordezkari izan zen. Aurretik, AEKko Gipuzkoako arduraduna izan zen hainbat urtez.

Maialen Lujanbio Bertsolaria

Hernani (Gipuzkoa) 1976. Arte Ederretan EHUn lizentziatua. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren irabazlea 2009an. Aurretik Gipuzkoako Txapelketa zuen irabazia, besteak beste, 2003an. Prentsa idatzian kolaboratu izan du, Euskaldunon Egunkaria, BERRIA eta Argia-n batez ere, eta gaur egun Euskadi Irratian kolaboratzen du.

Imanol Murua Uria Kazetaria

Zarautz (Gipuzkoa) 1968. Informazio Zientzietan lizentziatua. Argia-n, Euskaldunon Egunkaria-n, Jakin-en, Egunero-n eta BERRIA-n aritu da kazetari lanetan. Bi bider irabazi du Rikardo Arregi kazetaritza saria, 1996 eta 2006an, eta behin Argia kazetaritza saria, 2008an. Hiru libururen egilea da; horien arteko ezagunena Loiolako hegiak (Elkar, 2010) da. ETAren jardun armatuaren amaierari buruzko tesia ari da idazten gaur egun Renon (AEB), Nevadako unibertsitatean.

Andoni Olariaga Pentsalaria

Berriz (Bizkaia) 1984. Filosofian lizentziatua. UEUko Filosofia sailburua izan zen bi urtez. Gara egunkarian kolaboratu izan du maiz. Modernitatearen auziaz (Jakin Irakurgaiak, 2009) liburuaren egilea da, Jon Jimenezekin batera. Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan unibertsitate gradu-ondokoaren sustatzailea eta irakaslea da, eta baita Lapiko Kritikoa kolektiboko kidea eta hAUSnART aldizkariko zuzendaria ere.

Olatz Osa Editorea

Oñati (Gipuzkoa) 1970. Pedagogian lizentziatua. Hainbat urtez EKBn lan egina, eta urtebetez Donostiako Ilazki euskaltegiaren zuzendaria izana. Hamar urtetik gora dira Elkar argitaletxean lanean hasi zenetik. Elkar argitaletxeko zuzendaria da gaur egun, eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariordea.

Gexan Sors Marketin arduraduna

Errenteria (Gipuzkoa) 1983. Enpresaritzan lizentziatua eta marketin eta segmentazioan graduatua. Euskadiko Kutxan egin zuen lan lehenik, eta gero Ampo enpresako komertzial izan zen Indian. Duela bost urte hasi zen Elkar argitaletxean lanean eta argitaletxe horretako marketin zuzendaria da gaur egun.

Eguzki Urteaga Soziologoa

Miarritze (Lapurdi) 1973. Bordeleko Victor Segalen Bordeaux 2 unibertsitatean Soziologian lizentziatu eta doktoratua, eta Pabeko eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitateetan Geografian lizentziatua. Soziologiako irakasle da gaur egun EHUn. ETB, Euskadi Irratia, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa eta Gara-ko ohiko kolaboratzailea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.