Kantonamenduetako bozak. Bigarren itzulia. Georges Labazee. Departamenduko PSko burua

«Aukera dugu gobernutik ezkerreko balioak bultzatzeko»

Heldu den ostegunean Georges Labazee izendatuko dute Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente.
GAIZKA IROZ

Aitor Renteria -

2011ko martxoak 29
Igandeko kantonamenduetako bozen ondotik, alderdi sozialistako kontseilari nagusiak Pauen bildu ziren atzo. Departamenduan gehiengoa dute, eta heldu den ostegunean Georges Labazee Biarnoko kontseilari nagusia Kontseilu Nagusiko presidente hautatuko dute. Labazeek dio datozen urteotako lan ardatz nagusiak elkartasuna, hezkuntza eta garapen ekonomikoa izanen direla.

Frantziako Iraultza izan zenetik, sortu zenetik, lehen aldiz sozialistek gobernatuko dute Paueko Kontseilu Nagusia. Urrats historikoa dela uste duzu?

Gehiegi erabiltzen da historiko hitza, eta horregatik ez dut gogoko. Baina galderak berak adierazten du igandean bizitakoaren garrantzia. Lehen aldiz ezkerrak gobernatuko du departamendua. Hamarkada luzeetan oposizioan egon naiz, eta orain aukera ukanen dugu gobernutik gure balioak bultzatzeko. Une politiko garrantzitsua da departamenduarentzat. Izan dadin Biarnoan, izan dadin Euskal Herrian, departamenduko gizon eta emazteek konfiantza adierazi diote alderdi sozialistari, eta irrika hori aldaketa politikoaren bidez gauzatzea deliberatu dute. Herritarrak daude deliberoaren oinarrian eta guztientzat gobernatuko dugu, biarnes eta euskal herritar guztientzat.

Etzi bilduko da Kontseilu Nagusia Pauen. Zu izanen zara presidente berria?

Bai, ez dago zalantzarik. Arratsaldean bilduko da Kontseilu Nagusia, eta hitzartze baten ondoren hartuko dut kargua. Hitzaldi horretan datozen hiru urteetarako ardatz nagusiak aurkeztuko ditut. Kontuan hartu behar da, lehen erran bezala, lehen aldiz sozialistek aginduko dugula departamenduan. Departamendu honetan sekula egin ez den politika aurrerakoia ezarri nahi dugu abian. Kargu hartzea baliatuko dut irizpide horiek plazaratzeko, lehen egunetik marrazteko zein izanen diren aldaketaren lerro nagusiak.

Zein dira politika horren lehentasun edo ardatz nagusiak?

Gure politikak hiru ardatz nagusi ukanen ditu: herritarren eta lurraldeen arteko elkartasuna, hezkuntza eta gaztedia eta, bukatzeko, garapen ekonomikoa. Azken hori da bertze bi ardatzak bermatzeko lanabesa. Nekazaritza, ekonomia numerikoaren garapena... funtsean, enplegua sor dezaketen arlo guztiak izendatu eta garatu nahi ditugu. Herritarren ongizatea bermatu nahi badugu, baliabideak behar ditugu. Ondasun ekonomikoa herritarren artean banatu ahal izateko, sortu behar da lehenik. Horregatik, lehentasuna izanen da enplegua eta aberastasuna sor dezaketen arloak indartzea. Elkartasuna herritarren artean eta elkartasuna lurraldeen artean. Oreka hori mantentzea da lehentasuna.

Alderdi sozialistak, ordea, kontseilari nagusi gehiago ditu Biarnon Ipar Euskal Herrian baino. Ez ote du desorekarik eraginen departamenduan?

Hautagaiek ez dugu agintzen hemen edo han hautatzea. Alderdiak hautagaiak proposatzen ditu eta herritarrek hautatzen. Beraz, herritar guztien nahia da kontuan hartu beharrekoa. Eta Euskal Herrian ere emaitza onak lortu ditugu igandean. Agindua adierazgarria da. Herritarrek aldaketa nahi izan dute, eta hori PSren eskutik gauzatuko da. Baionako hiru kantonamenduak ezkerraren esku daude. Beraz, ez dago lurraldeen arteko desorekarik. Egia da sozialistek Kontseilari Nagusi gehiago dugula Biarnon, baina faltsua litzateke erratea eskuina dela nagusi Euskal Herrian eta ezkerra Biarnoan. Egoera aski orekatua dago bi lurraldeetan, eta legitimitate osoz gobernatuko dugu departamenduan. Desoreka aipatzen dutenek ez dute errealitatea hartzen kontuan, beren ustea edo gogoa baizik.

Urte luzeetan, izan dadin Batera edo azken hauteskunde kanpainan EH Bai, behin eta berriz aldarrikatu da Ipar Euskal Herriak instituzio berezia behar duela. Kontuan hartuko duzu eskaria?

EH Baiko lagunek horren inguruko galderak egin zizkidaten eta erantzun nien. Ez dut anitz gehiago errateko gai horren inguruan. Frantziako gobernuak lurralde antolaketa iragarri du 2014rako. Sarkozyk bultzatu du, eta ez dugu horren inguruko xehetasunik. Beraz, igurikatu beharko da ikusteko zer proposatzen duen eta Euskal Herriaren gaia horretan nola gara daitekeen. Baina nik ez dut bertze proposamenik esku artean. Hauteskunde kanpaina hasi aitzin bildu ginen ABko ordezkariekin. Aipatu genituen elkarlana, sostengua, hainbat gauza. Azken unean, ezetz erantzun zigun ABk, eta EH Bairen baitan joan dira. EH Bairen galderei ere erantzun diegu, publikoa da. Errandako hori mantentzen dut.

Funtsezkoak izan dira abertzaleen bozak alderdi sozialistak kantonamendu batzuk eskuratzeko edo atxikitzeko? Hor dago Frantxua Maitiaren kasua, adibidez.

Bigarren itzulia baino lehen bildu ginen EH Baiko Garaziko ordezkariekin eta bertan jakinarazi ziguten beren hautagaia kenduko zutela. Kontuan hartzen dut haien jarrera, baina haien baitatik erabaki zuten. Ez naiz hasiko EH Bairen erabakiak aztertzen. Egia da bozen aldea txikia izan dela kantonamendu horretan, baina ezin dut erran abertzaleei esker lortu dugunik kadira.

Kantonamendu bakar batek egin du ezkerretik eskuinera, Angeluk. Egoera politiko berezia dute han edo herritarrek Jean Espilondo kontseilari nagusi ohia zigortu nahi izan dute?

Ezin da ulertu aldaketa politikoa zigor gisa. Hiri bakarra izan arren, hautesbarruti bat baino gehiago daude, eta batek ezkerrerako joera badu ere, bertzeak eskuinerako joera ukan dezake. Horrela gertatu da, eta hori da demokraziaren legea. Hautesleek Espilondo zigortu dutela erratea gehiegikeria iruditzen zait eta ez dut onartzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna