Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban

Lemazaina zelatatzen

Nick Calathes joko antolatzaile greziarra da Lokomotiveko izarra. Nikos Zisis haren erkide eta Uxueko joko antolatzaileak haren jokoa aztertu du.

Imanol Magro Eizmendi.
Charleroi
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bere buruan eta eskuetan sortzen da dena. Nick Calathes da (Florida, AEB, 1989) Lokomotivek sasoi hasieran dirutza eskainiz Panathinaikosetik fitxatutako joko antolatzailea. Proiektua, eta Euroligarako sailkatzeko helburua haren eskuetan utzi zuten, eta berak ondo baino hobeto erantzun du, Eurokopako jokalari onenaren saria jasotzeraino. Uxue Bilbo Basketen erkide eta postukide bat du: Nikos Zisis. Horrek harremana du Lokomotiveko izarrarekin. «Aspaldian ez dut berarekin hitz egin. Twitterren mezu pare bat trukatu genituen duela aste batzuk, baina ordutik, ezer ez. Hau final bat da... Izango dugu gero nahi beste hitz egiteko denbora».

Hain ona da Calathes? Bai. «Bikaina da, oso indartsua. Ahal fisiko izugarrikoa da, eta azken urteetan, Panathinaikos eta selekzioarekin esperientzia handia hartu du». Calathes 1,98 metroko eta 97 kiloko joko antolatzaile puska da. Gihartsua da, eta bere gorputza ondo baliatzen du barnealdietan tokia egiteko. Iragan sasoira arte Panathinaikosen ari zen, eta 2011n Euroliga irabazi zuen. Zerk atera zuen, bada, etxetik AEBetan hazitako greziar jatorriko jokalaria? Sosak. Urtean zergarik gabeko 2,2 milioi euro irabazten ditu. Lokomotiven jokalarien soldata guztiak 11,3 milioi dira urtean, eta zati handiena zazpiren artean banatzen dute. Taldeak, orotara, hemezortzi milioi euroko aurrekontua du, eta 500.000 euro pasatxo ordaintzen ditu zergetan.

Dirutza ordaindu zuen Lokomotivek AEBetako unibertsitate mailako izar ohia fitxatzeko, eta inbertsio errentagarria egin duela dirudi. Zisisek, behintzat, ezagutza egin dio. «Bera eta Kalnietis, bi joko antolatzaileak oso onak dira. Dena pasatzen da haien eskuetatik, eta ia 40 minutu jokatzen dituztenez, ziur gauza onak egingo dituztela. Haien eragina ezingo dugu eten, baina behintzat batez besteko txarrak lor ditzatela».

Calathesek entrenatzailearen konfiantza osoa du. Eurokopan denbora gehien jokatzen duen jokalaria da, eta estatistikak bikainak ditu: 34 minutu, 13,1 puntu, 6,6 asistentza eta sei errebote partidako. Hutsune bakarra jaurtiketa libreetan du: %58,8.

Eta, horretaz gain, taldea zuzentzen du. «Haien erasoen %90 pick n'roll-arekin (blokeoa eta jarraipena) hasten dira, eta Calathes maisua da». Jokaldi hori antolatzailearen eta pibot baten artean egiten da. Jokalari handiak traba egiten dio antolatzailearen defendatzaileari, eta ez da erraza asmatzen antolatzaileak aurrera egingo duen edo pibotari itzuliko dion baloia. «Ia beti jokaldi bera egiten dutenez, erraza beharko luke gelditzea...», dio Zisisek. Baina azkar azaldu du ezezkoaren erantzuna. «Oso ondo egiten dute. Brown eta Hendrix oso pibot zabalak dira, eta haiek parean jartzen direnean zaila da saihestea».

Zisis, halere, ez da ezeren beldur. Bere eta Raul Lopez taldekidearen dohainak goratu ditu. «Gu ez gara hain indartsuak, baina jokoa igartzeko erraztasun handiagoa dugu. «Ez gara hain itxiak. Bi estiloren arteko borroka da. Haiek biziago jokatzen dute, eta guk, lotuago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.