Antzezleen lorratzei jarraituz

Buruan ezkontzea baino ez duen ezkongaiak eta kaleko musikari eta poetak hartu dute, besteak beste, Donostiako Bulebarra Olatu Talkaren lehen egunean. Bihar arte izango da festa.

Ikusleak antzerkian parte hartzera bultzatu nahi izan zituzten Bideak antzezlaneko protagonistek . J. C. RUIZ / ARP.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bulebarreko denda eta tabernekin paralelo korridore koloretsu bat zegoen jarrita atzo Donostian. Bretxaren atarian hasten zen, eta Antzoki Zaharrean amaitu. 13:00 iritsi arte, inor gutxik zekien zertarako zegoen jarrita. Baina, ordua iristearekin batera,inork zapaldu gabe zuen bidea oinetakoen arrastoz zikintzen hasi zen. Biolontxeloa jotzen ari zen emakume bat eta egunkaria eskuan zuen gizonezko bat izan ziren zapaltzen lehenengoak. Ondoren etorri ziren margolariak eta bikotekidea aurkitu beharrean zegoen ezkongaia. Olatu Talka han dela zioen antzezlana zen hura.

Biolontxelo doinuak urrundu ahala, emakumezko bat inguratu zen publikoaren harridura aurpegiek-edo deituta. «Zurea al da kapela hau? Norbaitek ahaztu du, eta zurea izango zelakoan nengoen!». Aldamenean zituen beste hiru lagunek lehendik marrazturik zegoen bidea gehiago margotzen ziharduten. Gogotsu ari ziren.

Antzezlan gehienek izaten duten moduan, Bideak ikuskizunak ere zuzendari bat izan du. Maite Agirre aritu da horretan, eta aktoreak EHUko antzerki taldeko kideak ziren. Olatu Talkak mugimenduan dagoen hiria islatu nahi zuen, eta ideia horri lotutaegin duten happeninga zen Bideak. Ohiko antzerki estatikoen «guztiz aurkakoa», Agirreren esanetan: «Ez da publiko jakin batentzako obra, hiri ibiltarientzat baizik. Kaleko jendeak topo egiten du honekin; batzuk gelditu egiten dira, eta beste batzuek jaramonik ere ez diote egiten, eta bada denbora tarte batean baino begiratzen ez duenik ere». Happeninga Donejakue bidearekin alderatzen du Agirrek, esperientzia pertsonaletan oinarritzen baita. «Aktore eta kolaboratzaile bakoitza bere istorioa ari da antzezten, askatasun osoz». Jendea antzokietara joatea izaten dute helburu happeningek, eta asmo bera zuen atzokoak ere; horregatik amaitu zuen bidea Antzoki Zaharrean. Zuzendariak nabarmendu zuen bitartean egiten ari zirena «gauza oso ireki bat» zela.

Agirreren azalpena, hala ere,ezkongai gazte batek eten zuen. Hurrengo egunean ezkontzekoa zela zioen, baina horretarako behar zuen laguna: «Bihar ezkonduko naiz, baina senargaia falta dut», oihukatzen zuen une oro. Lurrean etzaten zen noizean behin, estresak zorabiatuta. Ondoan zituen hiru lagunek altxatzen zuten atzera. Haiek urruntzen ziren gehien Bulebarreko bidetik: hizketan hasten ziren kafetegietako terrazetan zerbait hartzen ari zirenekin, eskaileretan eserita zeuden lagun taldeekin edo erdi despistatuta ondotik igarotzen ziren turistekin. Handik eta hemendik, itsututa zebilen senargaiaren bila. Egunkarian zituen hautagaien inguruan mahai inguru moduko bat ere egin zuen gazte kuadrilla batekin.

Inprobisatzen ari ziren aktoreak. Baina bazegoen tartean ezer gutxi esaten zuen aktorerik. Neskatxa bat bidean aurrera eta atzera zebilen, txintik esan gabe, hain isilik, bidea margotzen zebiltzanek ia zikindu zutela. Oharkabean igarotzen zen.

Bihar arte, ekintza franko

Mantso aurrera egin arren, iritsi ziren helmugara, antzokira. Jostunak zituzten han zain. Agirrek aitortu zuen horiek nahita jarri zituzten pertsonaiak zirela. «Antzezlanen atzeko aldea erakusteko jarri ditugu. Jantziak egiten ari ziren. Behin hara iritsita, taldeko argazki bat atera eta amaitutzat jo zuten ekitaldia.

Egin ziren beste hainbat ekitaldi ere atzo, eta gaur ere izango dira. Egun osorako programa dago prestatuta gaurko eta biharko. Liburuek zakarrontzitik kioskorainoko bidea egingo dute, Easo plazan, eta bertaratzen direnek irakurtzeko aukera izango dute. Gipuzkoa plaza artisten topaleku bilakatuko da, Artea edonon jardunaldiak egingo baitituzte. Bihar, berriz, Dantza Topaketak egingo dituzte Alderdi Ederren, eta euskara sustatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte Easo plazan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.