Hurrengo urtean hasi, eta 2014rako erretiratuko da NATO Afganistandik

Trantsizio militarra burutu eta gero ere, haien alboan laguntzen jarraituko dutela hitzeman diete afganiarrei estatu kideekMisilen aurkako ezkutuarekin bat egitea aztertuko duela jakinarazi du Errusiak

2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Afganistango trantsizio militarra erabaki du NATOk, eta erretiratzearen hasierako eta amaierako datak zehaztu ditu; Iraken bezala.Gerraren urterik okerrenean erretiratzeaz hitz egitea arduragabekeria ez dela erakusteko, dena dela, hitzeman dute amaierako data iritsita ere afganiarren alboan jarraituko duela, nahiz eta unea iritsita zeregin bakarra hango segurtasun indarrei laguntzea izango duen. Hala jakinarazi du Anders Fogh Rasmussen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak. Lisboako goi bileraren bigarren eta azken eguneko gai zerrendan Afganistan izan da gai nagusi; haatik, Aliantzaren eta Errusiaren arteko lankidetza ere ardatzeko bat izan zen atzoko saioan.

NATOk datorren urteko udaberrian ekingo dio lehen soldaduak ateratzeari. Ardura militarren transferentzia, jakinarazi dutenez, eskualdez eskualde egingo dute: seguruenetatik hasita, nazioarteko tropek bertakoen esku utziko dute herrialdearen kontrola. 2014an amaitu beharko dute prozesua, eta erretiratzea.

«Afganistan fase berri batean sartu da», ebatzi du Rasmussenek. «Hala ere, marraztu dugun trantsizioak ez du esan nahi bakarrik utziko ditugunik. Ahaztu hori; lana amaitu artean Afganistanen jarraituko dugu», azaldu du erakundeko idazkari nagusiak, talibanei inolaz ere ez dietela bidea erraztuko adierazi nahian. Hori dela eta, arduren transferentzia gauzatzeko baldintzak betetzen direla bermatzeaz arduratuko da aurrerantzean NATO; hain zuzen horregatik, nazioarteko erakundeko kideek uste dute garrantzi handia izango duela aurrerantzean Afganiako segurtasun indarrak prestatzeko misioak. Hainbat herrialdek laster bidaliko dituzte instruktore militarrak Afganistanera.

Aurtengoa gerra hasi zutenetik urterik beltzena izaten ari dela aintzat hartuta, zalantzan jartzen du hainbatek ezarritako egutegia betetzerik izango dutela. Haatik, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi du nazioartea gehiago arduratzen duela bakeak egutegia bera betetzeak baino. «Trantsizioa ez da denbora kontua bakarrik; uste dut bakea eta segurtasuna lortzeko Afganistanek lidergoa eskuratzea dela helburu nagusia», adierazi du Banek. «Herrialde horretako gatazka amaitzeko, ekintza militarrak baino zerbait gehiago beharko dugu; erabaki politikoez ari naiz».

Nazioartea aspalditik jabetu da gerra hutsean bide militarretatik ezingo dutela irabazi. Ideia hori dute ardatz Hamid Karzai presidentearen gobernuak proposatutako planean ere: armak utzi eta Konstituzioari men egiteko prest dauden talibanekin bakea negoziatu nahi du nazioarteko tropek herrialdea utzi aurretik. Lisboako goi bileran plan horri babesa eman diote NATOko kideek. «Afganistanen aho batasuna dago bake prozesuaz; horrez gain, nazioartearen babesa ere badu». Nazioarteak, baina, ez dio baldintza gabeko sostengua eskaini: izan ere, NATOk uste du ustelkeria amaitu eta demokrazian sakondu beharko duela Kabulgo exekutiboak benetako trantsizioa gertatuko bada.

Gastu murrizketa

Afganistango gerrak kostu ekonomiko handia eragin die erakundeko kideei; horrez gain, ekonomia krisiak ere izan du eragina NATOren aurrekontuan. Hori dela eta, aurrerantzean, egitura egungo garaietara egokitu, eta antolamendu merkeagoa eta arinagoa izango du erakundeak. Zehazki, kuartelen eta agentzien kopurua gutxituko dute; erakundearentzat lanean arituko direnak %35 gutxiago izango dira.

Aliantzaren eta Errusiaren arteko lankidetzaz ere aritu dira Lisboako bileran. NATOk eskatu dio Moskuko gobernuari bat egiteko besteak beste misilen aurkako ezkutuaren proiektuarekin. Moskuk erantzun dio aintzat hartuko duela eskaintza. Ezer erabaki aurretik, hainbat auzi tekniko argitu behar dituzte Errusiak eta NATOk. Bilera bera, haatik, garrantzitsua izan da, 2008tik ez baitziren elkartu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.