Urte berria, prezio berriak

Prezio igoera trenean dator

Bihartik aurrera garraio publikoa garestituko da gehien: Iparraldean %3,2 garestituko da tren zerbitzua; Hegoaldean, are gehiagoGas naturalaren tarifak batez beste %0,5 igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak

Euskotrenek %5,99 garestituko du zerbitzua. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urte berriak prezio berriak ekarri ohi ditu, eta 2012a ez da salbuespena izango. Argindarra eta butano bonbona ez dira garestituko; baina, gainontzean, salneurri berrietara ohitzen joan beharko dute herritarrek. BERRIA egunkariak hamar zentimo gehiago balioko du.

1. Argindarra

Espainiako Gobernuak argindarraren tarifa arautua ez igotzea erabaki du. Horrenbestez, merkatu librera jauzi egin ez duten hego euskal herritarrek, hamarretik zortzik, fakturan igoerarik ez dute izango gutxienez apirilera arte. Ipar Euskal Herrian ere ez da garestituko argindarra.

2. Gas naturala

Aldiz, gas naturalaren tarifa arautua batez beste %0,5 igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Horrenbestez, erdi mailako kontsumoa duen familia batek hilean 57 bat zentimo gehiago ordaindu beharko ditu. Ordea, bi tarifa mota bereizi behar dira: T.1 tarifa, gasarekin ibiltzen den berogailurik ez dutenentzakoa, %0,9 garestituko da; T.2 tarifa, gainontzeko guztientzakoa, %0,9 garestituko da. Ipar Euskal Herrian, berriz, %4,4 garestituko da gas naturala.

3. Butano bonbona

Butano bonbonak ere prezio berean segituko du, gehienez 15,09 euroan, BEZ balio erantsiaren zerga kontuan hartuta. Aurten guztira %14,23 garestitu da.

4. Garraio publikoa

Trenez, autobusez, tranbiaz eta metroz bidaiatzea bai, garestiagoa izango da bihartik aurrera.Euskotrenek, esaterako, %5,99 igoko ditu txartelen prezioak zerbitzu guztietan. Hala, Bilbotik Donostiarako txartel arruntak 5,10 euro balioko du, eta hilabeteko abonuak, 85 euro.

Renfek ere urtarrilaren 1ean urtero igo ohi ditu tarifak, baina oraingoz ez du ezer jakinarazi. Tarifak erabakitzea Espainiako Sustapen Ministerioari dagokio; beraz, litekeena da gobernu aldaketak erabakia atzeratu izana. Dena dela, Renfeko langile batek BERRIAri jakinarazi dio berandu baino lehen espero dituztela igoerak. Bizkaibusek, berriz, daudenean utziko ditu prezioak. Ez du argitu, ordea, datozen hilabeteetan igoko dituen ala ez.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan leku batetik bestera mugitzea ere gaur baino garestiagoa izango da bihar. Igoerarik handiena, oro har, bilbotarrek igarriko dute, garraiobide publiko guztiak garestituko baitzaizkie. Bilboko Metroak batez beste %5,6 igoko ditu tarifak: hilabeteko abonua %7,1 garestituko du, Creditrans txartelarekin —erabiliena— ordaindutako bidaiak %7,02 eta urtebeteko abonua %5. Bilbobusek, berriz, batez beste, %2,88 igoko ditu prezioak: bidaia txartel arrunt batek 1,20 euro balioko du, orain arte bezala; aldiz, Creditrans bonuarekin ordaindutako txartelak 59 zentimo balioko du, %3,51 gehiago.

Baina bilbotarren patrikek ez ezik, gasteiztarrenek ere igarriko dute urte berriaren etorrera, batez ere Tuvisaren 30D txartelaren erabiltzaileek, %14ko igoera iragarri baitu konpainiak. Tuvisaren autobusetan eta tranbian bidaiatzeko balio duen txartel horrengatik hilean 28 euro ordaindu beharko dute, aurten baino 2,5 euro gehiago. Autobus txartel arruntaren prezioa, ostera, ez dute garestituko.

Iruindarrek %4,38 gehiago pagatu beharko dute Villavesa autobusetan bidaiatzeagatik, eta donostiarrek bost zentimo gehiago hirigunean ibiltzen diren autobusetan egiten duten bidaia bakoitzagatik.

Iparraldean, abiadura handiko, eskualde arteko eta gaueko tren zerbitzuen prezioak %3,2 igoko dira.

5. Taxi zerbitzua

Bilboko taxi gidariek%3 igoko dituzte tarifak, salbuespen batekin: ostiral eta jai bezperetan 22:00etatik 07:00etara bitartean bidaiatzekoa —5. tarifa— %4,2 garestiagoa izango da. Donostian taxi zerbitzua %3,3 garestituko da, eta %3,14 Iruñean.

6. Ibilgailuak

Hirugarren urtez jarraian zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki du Iruñeko Udalak; horrenbestez, baita ibilgailuei dagozkienak ere. Aldiz, Gasteizkoak %3 igoko du zirkulazio zerga, Bilbokoak %2,3 eta Donostiakoak %5 —%1 eta %10 artean ibilgailuaren indarraren arabera—. Era berean, garabiaren tasa %3 handiagoa izango da Gasteizen, %3,14 handiagoa Bilbon eta %9 handiagoa Donostian.

TAO gunean autoa aparkatzeagatik, berriz, %3 gehiago ordaindu beharko da Gasteizen, %3,75 gehiago Bilbon eta, gunearen arabera, %3 eta %10 artean gehiago Donostian.

Autobideetako bidesariek ere igoera izango dute bihartik. Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen AP-68%3,2 garestiagoa izango da, Eibar eta Gasteiz lotzen dituen AP-1 %3,1 garestiagoa eta Nafarroako autobidea %2,85 garestiagoa.

7. Zaborra

Azken urteetan Donostiako familiek igoera handiak izan dituzte zaborra bildu eta ezabatzeagatik ordaintzen duten tasan, baina 2012an ez, tasa dagoenean uztea erabaki baitu udalak. Hala, sendi bakoitzak urtean 116,34 euro ordaindu beharko du. Negozioei, ostera, %3 igoko die tasa.

Iruñeko familiek, berriz, aurten baino %2,88 gehiago pagatu beharko dute zabor bilketa eta desegite zerbitzuagatik, eta %2,5 gehiago Bilbokoek. Gasteizko Udalak ere tasa igotzea erabaki du, baina igoerak ez die modu berean eragingo familia guztiei.Izan ere, 120 metro koadro baino gutxiagoko etxebizitza dutenek %3,1 gehiago pagatu beharko dute; 120 eta 200 metro koadro arteko etxebizitza dutenek %8 gehiago; eta hortik gorakoek %10 gehiago.

Era berean, Gasteizko finantza erakundeek %50 gehiago ordaindu beharko dute zaborraren tasan eta 1.000 metro koadrotik gorako saltokiek %20 gehiago. Etxebizitza hutsei 260 euroko tasa ezartzea ere onartu zuen Udalak, baina zaila izango da indarrean jartzea etxe huts kontzeptua definitu artean.

8. Ura

Gasteizko familiek %6,23ko igoera izango dute ur horniduragatiko tasan, eta %5,68koa industriako enpresek. Iruñeko familiek aurten baino %1,77ko gehiago pagatu beharko dute zerbitzuagatik; %3 gehiago Donostiakoek eta %2,5 Bilbokoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.