ETAren jardun armatuaren amaiera. Eztabaida Espainiako Kongresuan

PP, PSOE, EAJ eta CiUk bat egin dute ETAri desegin dadila eskatzeko

Amaiur eta Bildu legez kanpo uzteko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozioaren aurka egin dute talde guztiek Kongresuan

Amaiurrek salatu du adostutako testu alternatiboak ez duela balio bakea lortzeko

Edurne Begiristain -

2012ko otsailak 22
ETAren amaierari buruz ados jarri dira PP, PSOE, EAJ eta CiU Espainiako Kongresuan, eta testu bat hitzartu dute erakunde armatuari desegiteko eskatzeko. ETAk joan den urriaren 20an bere jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik alderdi horiek indarkeriaren amaieraz adostu duten lehen akordioa izan da. Bildu eta Amaiur legez kanporatzeko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozio baten alternatiba gisa aurkeztu zuten testua atzo, eta CC, UPN, Foro Asturias eta IU-ICV-EUiA-CHA taldeen babesa ere izan zuen. Amaiurrek, berriz, ez zuen bat egin testuarekin, «baztertzailea» dela eta gatazka politikoa konpontzeko balio ez duela iritzita.

Zuzenketa ez zuten bozkatu atzoko saioan, UPDk hala erabakita —jatorrizko mozioa aurkezten duenaren esku dago erabaki hori hartzea—. Nolanahi ere, taldeok adostutako zuzenketak badu garrantzia adierazpen politikoaren ikuspuntutik. Izan ere, PP, PSOE, EAJ eta CiUren testuaren lehen puntuak nabarmentzen du ETAren jarduera armatuaren amaiera «demokraziaren» garaipenaren ondorio izan dela. Bigarren puntuan alderdiok dei egiten diote Espainiako Gobernuari Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta «indar demokratikoekin» hitz egiteko ETAri «behin betiko eta baldintzarik gabe desegiteko» eskatzeko. Halaber, testuak dio elkarrizketa horren helburuak «terrorismoaren biktimen» aldeko konpromisoa indartzea eta «elkarbizitza sozialaren aldeko ahaleginak sustatzea» izan behar duela. Azkenik, elkarbizitza baketsua lortzeko legea «zorrotz» betetzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

UPD, bakarrik

Kongresuko eztabaidan, UPD bakarrik geratu zen legez kanporatzearen alde egindako defentsan, eta haren bost diputatuen aldeko botoa baino ez zuen izan mozioak. Rosa Diez diputatuaren iritziz, badaude «zantzuak» Bilduk eta Amaiurrek «lege iruzurra» egin dutela erakusteko. Zehazki, «25 zantzu» jaso ditu Diezen taldeak bere proposamenean. Horiek «nahikoak» lirateke Espainiako Gobernuak justiziari legez kanporatzea abia dezala eskatzeko, UPDkoaren aburuz. Haren ustez, ETAren amaiera ez da lortuko indarkeriaren historia justifikatzen dutenak erakundeetan badaude.

Ostera, ETAren amaieraren inguruan lortutako adostasun zabala nabarmendu zuten akordioaren sinatzaileek, eta gogor jo zuten UPDren ekimenaren kontra. Alderdien artean «zatiketa» sortzeko ahaleginean «bakarrik» geratzea leporatu zioten Diez diputatuaren taldeari, baita Bildu eta Amaiurri protagonismoa ematea ere.

UPDren mozioaren azken helburua PPren gobernuaren jarduna «zalantzan» jartzea dela erantzun zuen Leopoldo Barreda PPko diputatuak. «Arduragabekeria» eta «koldarkeria» egotzi zizkion PPkoak Diezi, mozioaren edukia Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren aurkakoa dela jakinda ere aurkeztu egin duelako: «Gauza bat da uste moral eta politiko osoa izatea, eta beste gauza bat da hori zuzenbidearekin frogatzea». Amaiurri hauspoa ematea egotzi zion, halaber: «Amaiurrekoak pozarren egotea besterik ez duzu lortu». Bestalde, Kongresuan lortutako «batasunaren» garrantzia nabarmendu zuen.

Ildo beretik aritu zen Ramon Jauregi sozialista. Haren ustetan, batasuna garrantzi handikoa da «etorkizuna ETArik gabe eraikitzeko» eta «bakeak atzera bueltarik izan ez dezan lortzeko» Kongresuak irudikatutako «batasuna». Era berean, UPDren mozioa «oportunista, demagogikoa, anakronikoa eta zentzugabea» dela kritikatu zuen Jauregik, legez kanporatzeak eskatzeko «oinarri juridiko» bat bera ere ez dagoela nabarmenduta. Haratago jo zuen PSOEko diputatuak, ETAk indarkeria utzita legez kanporatzeek tokirik ote duten galdetu zuenean: «Legez kanporatzeak ba al du tokirik biolentzia desagertu bada? Horixe galdetu beharko diogu geure buruari».

Aitor Esteban jeltzalearen lehen mezua UPDren eta Amaiurren aurkakoa izan zen, mozioari esker koalizioak egunkarietan «tituluak» izango dituela iritzita: «UPDk eta Amaiurrek elkar elikatzen dute». Estebanentzat, legez kanporatzeko eskatzea «zentzugabea» da, aro berria hasi delako ETAk indarkeria utzi ostean eta ezinbestekoa delako «denen artean» elkarbizitza sustatzea. EAJkoak azpimarratu zuen ez zutela «hitzez hitz» testu osoarekin bat egiten baina etorkizuna eraikitzeko baliagarria dela.

CiUko Jordi Jane i Guaschek ohartarazi zuen legez kanporatzeak «liskarra eragin» eta baketik urrunduko lukeela. Hain justu, egungo legealdia bakearena izango dela ziurtatu zuen, eta adostasuna eskatu zuen hori lortzeko.

Legez kanporatzea «iraganeko» kontua dela esan zuen Ricardo Sixto IUko diputatuak: «Amaiurren 330.00 boto legez kanporatzearen aurka gaude». Bakea lortzeko, elkarrizketa aldarrikatu zuen.

«Akordio baztertzailea da»

Amaiurrek, ostera, kritika zorrotzak egin zizkion taldeek adostutako testuari. «Gatazka politikoaren konponbidearen ibilbide orri bat izan behar zuenetik urrun dago, eta ekarpenik ez dio egiten bake iraunkor bati», Xabier Mikel Errekondok azpimarratu zuenez.

Amaiurri «kezkagarria» iruditu zitzaion jeltzaleen jarrera, «bakerako ekarpenik ez duen testu bat» babestu eta «akordio baztertzaileak bultzatzen dutenekin» bat egiteagatik. «PPren estrategiari men egin dio EAJk», salatu zuen Errekondok. Ohartarazi zuenez, akordio baztertzaileek «porrot» egingo dute, eta denen arteko elkarrizketaren bidetik baino ez da aurrera egingo. Haren ustez, «alde denak irabazle» sentituko diren akordioa beharrezkoa da gatazka konpontzeko eta bake iraunkorra eta adiskidetzea lortzeko: «Ibilbide orria Aieteko Adierazpenak zehazten du».

Amaiurreko diputatuaren iritziz, Kongresuan adostutako testuak, ordea, ez dio egungo egoera politikoari erantzuten, eta haren helburu bakarra da PP «estualditik» ateratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna