Hezkuntza. Donapearako egitasmoa

Donapea mugitzeko bertze plan bat egiteko aukerari atea ireki dio PSNk

Udalez gaindiko sektore planen legea aldatzeko proposamenaren aurkako boza eman dute sozialistek parlamentuanGobernuak iragarri du hurrengo bileran atzera botako duela orain arteko egitasmoa

PSNko Roberto Jimenez, eserita, atzoko Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Donapea Etxabakoitzera mugitzeko orain arteko proiektua ez da gauzatuko. Baina zentroa tokiz aldatzeko bertze egitasmoren bat aurkezteko aukera mahai gainean jarri du PSNk, Nafarroako Parlamentuko atzoko osoko bilkuran udalez gaindiko sektore planen legea aldatzeko proposamenari ezezkoa eman eta gero. Ezkerrak, Aralar-NaBaik, Bilduk eta Geroa Baik aurkeztu zuten proposamen hori, Donapea Lanbide Heziketako zentroa bertze toki batera mugitzeko aukerari atea ixteko. PSNk hainbat zuzenketa aurkeztu zizkion lege proposamenari, ongi zehazteko legearen aldaketak Donapeari bakarrik eraginen ziola. Baina azken unean, zuzenketa horiek atzera bota zituen, eta lege proposamena ere gai zerrendatik at uzteko eskatu zuen.

Eskaera horrekin bat egin zuen Geroa Baik. Ez, ordea, Ezkerrak, Bilduk eta Aralar-NaBaik. Eztabaida eta bozketa egin zituzten, baina PSNren, UPNren eta PPNren kontrako bozekin, proposamenak ez zuen aurrera egin.

Eztabaida hasi baino lehen, Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik iragarri zuen gobernuak hurrengo bileran utziko duela bertan behera Donapeako proiektuaren inguruko udalez gaindiko sektore plana. PSNrentzat nahikoa da hori. «Plan hori ez zen ona Donapearentzat, baina ez gaude ikastetxea bertze toki batera mugitzearen kontra, baldin eta zentroaren baldintzek hobera egiten badute», nabarmendu zuen PSNko ordezkari Juan Jose Lizarbek, parlamentuko atzoko saioan.

Bozketan galtzaile aterako zirela jakin arren, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak eztabaidarekin aurrera egitea erabaki zuten. Talde horietako ordezkariek argi utzi zuten Donapeak bere tokian jarraitu behar duela, eta orubea Nafarroako Unibertsitatearen esku uzteak «interes pribatuei» baino ez liekeela mesede eginen. «Donapeako saria beretzat nahi du Opus Deik», erran zuen Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek.

Iritzi aldaketak

Azken egunotan, erabat aldatu da orain arteko Donapeari buruzko proiektuaren egoera. Udalez gaindiko sektore plan baten bitartez, Nafarroako Gobernuaren asmoa zen ikastetxea Etxabakoitzera mugitzea, eta lurrak Nafarroako Unibertsitateari saltzea, mediku ikerketarako hiru zentro eraikitzeko. Horren aurka agertu dira hasieratik Donapeako bertako kideak. Ez dute mugitu nahi. Parlamentuan UPN eta PPN egitasmoaren alde izan dira hasieratik; PSN ere bai, hastapenean, baina iritzia aldatu, eta proiektuaren kontra egin du azken garaiotan. Ezkerra, Bildu, Aralar-NaBai eta Geroa Bai ere aurka agertu dira hasieratik.

Oposizioan mamitu da atzo parlamentuko osoko bilkurara ailegatu zen lege proposamena, jakinda beti PSNk izanen zuela giltza. Herenegunera arte, udalez gaindiko sektore planen legea aldatzeko proposamen hori babestuko zuela ematen zuen, Donapeako proiektua bertan behera utzi ahal izateko. Baina azken bi egunetako gertakariek sozialisten iritzia aldarazi dute, berriz ere: batetik, Nafarroako Unibertsitateak asteazkenean iragarri zuen gobernuarekin sinatutako akordioa bertan behera utziko zuela; eta, bertzetik, gobernuak berak udalez gaindiko sektore plana hutsean uzteko asmoa agertu zuen atzo parlamentuan.

Lege proposamena bultzatu duten taldeentzat, sozialistak motz gelditu dira, eta atzo kritikatu egin zuten PSNk Donapea tokiz aldatzeko aukerari atea itxi ez izana. Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek argi utzi zuen gobernuarekin ez dela fidatzen. Salatu zuen gobernuak udalez gaindiko sektore planen bidez interes pribatuei ematen diela lehentasuna, «proiektuak inposatuz eta sektore planen tresna trikimailu bilakatuz». Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek erantsi zuen sari moduko bat dela Donapea Opus Deirentzat, eta erantsi zuen ikastetxe publikoaren lurrak ezin direla erakunde horren esku utzi.

Ezkerrako Marisa de Simonek gehiago erran zuen: «Apeta bertzerik ez da Donapea Opus Deirentzat».«Pozgarritzat» jo zuen ikastetxearen inguruko sektore plana bertan behera gelditzea, eta berretsi zuen Ezkerrak zentroa tokiz aldatzeko aukera ez duela babesten. «Egungo eraikinaren ondoan udalak badu lurra, nahi izanez gero, zentroa handitzeko», erantsi zuen.

Aukera hori bera defendatu izan dute Donapeako irakasleek. Haietako hainbat parlamentuan izan ziren atzo, eta «harriduraz» hartu zuten PSNren jarrera. «Ematen du zerbait hitzartua dutela», erran zuen Nekane Otxotorena irakasleak. «Orain arteko proiektua bertan behera geldituko da, baina mahaiaren gainean dago bertze bat egiteko aukera», erantsi zuen. Ganbera barruan Donapea ez dago salgaileloa zuten elastikoak erakustea debekatu zieten irakasleei.

«Ikerketaren aurka»

Bertze egitasmo bat egiteko aukerari eutsi dio PSNk lege proposamenari emandako ezezkoaren bidez. Atzoko saioan, hala ere, «galdutako aukera» baino ez zuen mintzagai izan UPNko parlamentari Carlos Garcia Adanerok. «Ikerketaren, enpleguaren eta inbertsioaren aurka zaudete», egotzi zien proposamena babestu zuten taldeei. «Zuen helburu bakarra mediku ikerketarako zentroak hemen ez eraikitzea da». Iritzi bera agertu zuen PPNko Eloy Villanuevak. Eta Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina ere ildo berean mintzatu zen, atzoko saioa hasi baino lehen. PSNri egotzi zionorain arteko proiektua bertan behera gelditu izana. Arratsaldean, bertze bat egiteko aukera mahai gainean utzi zuten sozialistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.