Egipto. Islam politikoaren geroa

Islamistak kontraerasoan

Gamaa al-Islamiya eta beste mugimendu islamista batzuek pisu politikoa irabazi dute, Anaia Musulmanen orbitatik aldendutaIslam politikoaren ordezkari bihurtzeko aukera eman die anaiartearen ilegalizazioak

Ane irazabal
Alexandria
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ontzitik irten, hondoratu baino lehen. Hori da Egiptoko talde islamista gehienen leloa. Anaia Musulmanak politikatik kanpo uzteko estatuaren kanpaina gogorraren ostean, anaiartearen lagun eta aliatu izan ziren mugimendu islamista ugarik, kontrara, estrategia berri bati ekin diote: Egiptoren izaera islamista aldarrikatzen jarraitu arren, Anaia Musulmanen diskurtsotik askatu dira.

Testuinguru horretan, 180 graduko bira bat egin du Gamaa al-Islamiya mugimendu islamista kontserbadoreak. «Ez dugu onartzen iragan den uztailaren 3ko estatu kolpea, baina horrek ez du esan nahi Mohamed Mursi presidente moduan itzultzea eskatzen dugunik», esan berri du Abud El-Zomor mugimenduko buruzagi batek.

Gamaa al-Islamiya erakunde konplexu bezain heterogeneoa da. Halere, haren oinarriak ez du zalantzarik uzten: Egipton estatu islamiko bat sortu nahi du. Mugimenduaren ibilbidea indarkeriari loturik egon da hastapenetatik, eta Ameriketako Estatu Batuek zein Europako Batasunak talde terroristatzat jotzen dute. 1998an, berriz, Gamaakoek uko egin zioten indarkeriari. Kartzelan hasitako barne eztabaida batek taldearen zatiketa ekarri zuen. Tarek Zomor lider esanguratsuak hala azaldu du erabakia: «Konturatu ginen indarkeria erabiltzen genuen bakoitzean estatua indartu egiten zela, ahuldu beharrean. Haren zilegitasuna sendotzen laguntzen ari ginen».

Baina benetako eraldaketa politikoa 2011ko iraultzaren ostean hasi zen. Espetxetik atera berritan, Zomorrek Eraikuntza eta Garapena alderdia sortu zuen, eta ibilbide politikoari ekin zion. Hala, 2011ko parlamenturako bozetan hamabost diputatu lortu zituzten, salafistek gidaturiko Aliantza Islamikoa zerrendan aurkeztu ostean. Orduz geroztik, Gamaa al-Islamiyako korronte ofizialak iragana lurperatzeko saio bat egin du. Ez zaio erraza suertatu, ordea. Egiptoarrek nekez ahantz ditzakete erakundeari egozten zaizkion azken hamarkadetako bi datarik beltzenak: 1981ean Anuar Sadat presidentearen hilketa, eta 1997an Luxorko turisten kontrako atentatua.

«Aspaldi utzi genuen indarkeria, baina oraindik Sadaten hiltzaile moduan aurkezten gaituzte», kexu da Hatem al-Dawy Eraikuntza eta Garapena alderdiko kidea. Alexandriako itsas aurreko pasealekuan eserita, Al-Dawyk argi utzi nahi du mugimendu kontserbadorearen estrategia: «Guk gure ahotsa eta programa politikoa dauzkagu. Ez gara Anaia Musulmanen txotxongiloak».

Edonola ere, zatiketa handia dago Gamaa al-Islamiyako liderrek eta ordezkari lokalek esaten dutenaren artean. Oro har, erakundeak gogor kritikatu du Egiptoko militarrek ezarritako bide orria, eta ez du trantsizio demokratiko esapidea onartzen. Buruzagiek jarrera bakegileak hartu dituzte, baina jarraitzaleak Anaia Musulmanekin manifestatzen ateratzen dira. «Estatu kolpearen ondotik, talde islamistek jarrera orekatuagoak hartu dituzte; izan ere, anaiartearen legez kanporatzea mauka da haientzat. Nor izango da Egiptoko islam politikoaren ordezkari berria? Hor dago koxka», uste du Mustafa Kamel politologoak.

Mugimendu islamisten barneko kontraesanak kudeatzea ez da zeregin erraza, baina. Al-Dawyk Gamaa al-Islamiya barruko jarrera erradikala ordezkatzen du: «Boikota da irtenbidea. Ez dut uste sistema politiko ustel honetan toki bat izateko ahalegina egin beharko genukeenik», nabarmendu du.

Egiptoko mugimendu islamistak ziur daude sistema politikoaren parte izan daitezkeela, baina arduratuta sumatzen zaie azken egunetan. Batzar konstituziogileak onartu berria duen idatziaren arabera, oinarri erlijiosoa duten alderdiak debekatu egingo dituzte.

Konstituzioaren trabak

Kamelen arabera, «goizegi» da konstituzioaren artikulu hori nola ezarriko den jakiteko: «Erregimen militarrak badaki zeintzuk defendatu zuten estatu kolpea eta zeintzuk ez. Inozoegia izango litzateke, adibidez, salafisten Al-Nur alderdia debekatzea. Erabaki hori hartuko balute, islamista guztiak erregimenaren kontra jarriko lirateke, eta hori arriskutsuegia izango litzateke».

Iritzi berekoa da Al-Dawy. Haren aburuz, konstituzioaren artikulu horrek Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdia ukituko du soilik. «Anaiartearen adar politikoa nola legez kanporatu asmatu nahian dabiltza, eta konstituzioak aukera bat eskain liezaieke».

Kasuak kasu, Egiptoko konstituzio berriaren gaineko erreferenduma hilabete barru egingo da, eta Gamaa al-Islamiyaren gisako mugimenduentzat boto-emaile islamisten gogo aldartea aztertzeko froga bat izango da. Boikota egiteko eskatu, edo ezezkoa eman? Kamelek argi dauka: «Islamistentzat politika egiteko garaia iritsi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.