Ipar Euskal Herria. Udalgintza

Erronka latza abiatu orduko

Herri elkargoetako gobernantza ia denak zehaztuta gelditu dira; bakarra falta daValls Frantziako gobernuburuak iragarritako erreformak baliabideak kenduko dizkie herri elkargoei, eta horri egin beharko diote aurre

Jean Rene Etxegarai, Aturri-Euskal Kostaldeko elkargoaren presidente hautatu zutenean. AITOR RENTERIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Argitzen ari da herri elkargoetako gobernantza, eta asteazkenean haien karguak bozkatu zituzten hiru elkargoetan, hain zuzen ere, Donapaleun, Errobi eta Errobi-Aturri elkargoetan. Zuberoa Herri Elkargoak bart hautatu behar zuen presidentea. Horrekin, herri elkargo bakarra faltako da Ipar Euskal Herriko Elkargoen mapa argitzeko. Lapurdi hegoaldeko Herri Elkargoan lehia hertsia da Michel Hiriart Biriatuko auzapezaren eta Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezaren artean. Nahiz eta biek ihes egin alderdien etiketari, biak dira UMPko ordezkariak. Aturri-Euskal Kostaldeko presidentearen aukeraketa izan zen lehena, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza aukeratu zutelarik kargurako.

Ustekabeko erronkari ekin beharko diote presidente guztiek. Izan ere, Manuel Valls Frantziako gobernuburu berriak erreforma sakona iragarri du. Departamenduak deseginen ditu 2021ean eta 2017rako erdira mugatu nahi ditu egungo eskualdeak. Ipar Euskal Herria abantzu sei milioi biztanleko egituran urtuko litzateke. Aldi berean, aurtengo aurrekontuetan, Vallsek hein handi batean apaldu nahi du departamendu, eskualde eta udalerriei egiten dien adjudikazioa. Herri Elkargoetako presidenteek erronka bikoitzari egin beharko diete buru. Gero eta handiagoa den gizarte gaietarako aurrekontua haziz doa, diru sarrerak gero eta urragoak direlarik.

Bertze elementu batek eragin zuzena ukanen du herri elkargoen jardunean. Eskumen orokorrari esker, erakunde anitzek eskumen partekatuak dituzte, bereziki arlo sozialean eragiteko. Etxebizitza sozialetan bereziki, eskumen hori kentzeak eta estatuaren ekarpena apaltzeak, eragin zuzena ukan dezake.

AMIKUZE Aldaketa izpirik ez

Amikuzeko Herri Elkargoak (Nafarroa Beherea) Eric Narbaits-Jauregi Arboti-Zohotako auzapeza berretsi du presidente gisa. Parean Barthelemy Agerre Lukuze-Altzumartako auzapeza aurkeztuko ote zen zalantza argiturik, herri elkargoak ez du kolorea aldatuko. Hala ere, oposizioak lortu du toki gehiago ukaitea herri elkargoan, eta horien artean, abertzaleak.

ERROBI ETA ERROBI-ATURRI Lehengo eskuetan

Amikuzen bezala, aldaketa izpirik ez da Errobi eta Errobi-Aturri Herri Elkargoen giderretan. Errobi-Aturri Elkargoan Roland Hirigoien Mugerreko auzapezak atxikiko du presidentetza. Errobi Herri Elkargoan, berriz, Paul Baudry Basusarriko auzapeza izanen da presidente. Bozketan, 31 boz ukan zituen alde, eta hiru izan ziren zuri. Ondorengo sei urteetan, nahiz eta aitorpen jendaurrekorik ez izan, herri elkargo horiek aurre egin beharko diote Baionako hirigunean lantzen ari diren xedeei. Izan ere, Baiona-Angelu-Miarritzek biztanle emendatze handia espero dute datozen urteotan. Miarritzek ez du eraikitzeko lurrik eta Baionak ere, zailtasun handiak ukanen ditu eraiki gabeko orubeak atzemateko, berdeguneen eremua murriztu nahi ez badu. Vallsen erreformak uste baino eragin zuzenagoa ukan dezake. Izan ere, hiri elkargoen sendotzea, handitzea hobesten du. Lurrik ezean, Aturri-Euskal Kostaldea Hiri Elkargoak handitzera jo dezake, nahiz eta horretarako inguruan dituen herri elkargoetan eragin.

Erreformaren ildo nagusiak bide horretatik badoaz, Basusarrik berak lanak ukanen ditu hiri elkargoaren presioei men ez egiteko. Oraindik eraiki gabeko lurrak daude Baiona inguruan. Estatuaren diru laguntzen banaketak eragin handia ukan dezake. Bizi Eremuen araberako lurralde antolaketa hobesten du Vallsek, metropoli edo hirigune handien sorrera bultzatuz. Biztanle gutxi dituzten herri elkargoei diru laguntzak murrizten badizkiete, eragina ukan dezake haien moldaketan.

GARAZI-BAIGORRI Eskuinak bat egin du

Joan den astelehenean hautatu zuten Beñat Arrabit Arrosako auzapeza Garazi-Baigorri Herri Elkargoko presidente, ordura arte karguan zegoen Jean Mixel Galant Azkarateko auzapez abertzalea gaindituz bozketan. Abertzaleak ez du lortu Garazi-EAJkoa da Arrabit baina hautagai abertzalea gainditzeko, eskuin eta zentristen bozak behar izan zituen Arrabitek. 28 kontseilarik bozkatu zuten Arrabiten alde, 24k egin zutelarik Galanten alde. Bakar batek bozkatu zuen zuri. Eskuin-zentroaren arteko hitzarmenak eragina ukan zuen ere presidenteordeetan. Pierre Eiherabide izanen da lehen presidenteordea 28 bozekin, Mixel Ozafrain Bankako auzapez abertzaleak 23 boz ukan zituelarik. Nahiz eta abertzaleen bozak gora egin eta Baigorrin, adibidez, lehen indarra bihurtu, ez da aski izan herri elkargoa abertzaleen esku atxikitzeko.

Engoitik, Nafarroa Behereko gainerateko herri elkargoetan bezala, prefetak mahai gainean jarri duen xedeari ekin beharko diote. Prefetak herri elkargo bakarrean bildu nahi du Nafarroa Beherea. Frantxua Maitia Akitaniako Kontseilariak begi onez ikusi zuen proposamena, eta horren aldeko parioa egin du. Abertzaleek zuhurtziaz hartu dute proposamena. Nahiz eta herrialdearen egitura atxikitzearen aldekoak izan, egitura proposatu aitzin, horren eskumenak eta, bereziki, gune nagusiak nola antolatuko diren zehaztu beharra dagoela azpimarratu dute. Bertze erronka bati ere egin beharko diote buru. Prefetak lurralde garapenerako eskema bakarrean bildu nahi ditu Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Azken urteetan, administrazioaren egituratzeak Biarnora begira ezarri du Zuberoa eta Baionara so Nafarroa Beherea. Mendiguneko ekonomia nagusi den arren, zailtasunak egonen dira garapen bateratua antolatzeko tenorean.

ATURRI-EUSKAL KOSTALDEA Eskuinaren erresuma

Eskuinerako aldaketa nagusia Aturri-Euskal Kostaldea Hiri Elkargoan gertatu da. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez zentrista hautatu zuten kargurako, baina Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistak kargua galdu ondoren, Baiona-Angelu-Miarritze zentro-eskuinaren esku gelditu dira osoki. Eragin hori nabarmena izan da presidenteordeak hautatzerakoan. Michel Veunac Miarritzeko auzapez zentrista izanen da lehen presidenteordea, bigarrena Claude Olive Angeluko UMPko auzapeza izanen delarik hirugarren. Emmanuel Alzuri (Bidarte), Francis Gonzalez (Bokale), Sylvie Durruti (Baiona), Guy Lafite (Miarritze), Jacques Veunac (Angelu), Christian Millet-Barbe (Baiona), Antony Bleuze (Angelu) izanen dira gainerateko presidenteordeak. Eskuinen eta zentristen arteko lehiak markatuko ditu ondoko sei urteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.