Garaipenaren Eguna Errusian eta Ukrainan

Harrotasuna, Kremlinetik plazara

Ukrainako gatazkaren itzalpean, errusiarrek indar bereziz ospatu dute Garaipenaren Eguna, Alemania nazia garaitu zutenekoaPutin: «Gure herria izan zen naziak zokoratu zituena, eta behin betiko garaitu»

Soldadu talde bat Moskuko Plaza Gorriko desfilean, atzo, Garaipenaren Egunean. YURI KOCHETKOV / EFE.
Olatz Urkia
Mosku
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Larisa Stepanovna Agurgarria! Bihotzez zoriontzen zaitut gaur, garaipenaren 69. urteurrenean. Egun hau betiko dago idatzia gure herrialdearen historian, familia errusiar bakoitzaren patuan. (…) Milesker zure ausardia eta erresistentziarengatik; milesker beti gure helburuan sinesten jarraitu duzulako. Bihotzez osasuna, arrakasta eta zoriontasuna opa dizut. Sinatuta: Vladimir Putin». Errusiako presidentearen sinadura tinta urdinez inprimatu dute Kremlinetik Larisari bidali dioten gutun honetan. Urtero iristen zaio horrelako bat etxera, beste beterano guztiei bezalaxe, eta kalera ateratzen da, aspaldiko soldadu arropak jantzita.

Atzo goizean goiz Moskun kalera atera ziren errusiarrak Alemania naziaren aurkako garaipena ospatzeko. Maiatzaren 9a da Moskutik hasi eta Vladivostokeraino, errusiarrentzat egun handiena. Eta hiriburuan, nola ez, Putinek herrialdearen indarra erakusteko aukera aurten ere ez du galdu: goizeko hamarretan hiriburuko kale nagusiak garraiobide berde ilun militarrek eta Sobietar Batasuneko tradizioek bete dituzte, udaberriko zeru garbia 69 hegazkin eta helikopterok estaltzen duten bitartean. Aurtengo desfilean 11.000 soldaduk parte hartu dute martxan Oleg Salukov jeneralaren zuzendaritzapean.

Herritarrak, 'Park Pavedi'-n

Betiko legez, Plaza Gorrian egin du Putinek urteroko hitzaldia. Aurten, Ukrainako gertakarien ondoren, harrotasun bereziz. «Sobietar herriaren altzairuzko adoreak, beldurrik ezak eta indarrak salbatu zuen Europa esklabotzatik. Gure herria izan zen naziak zokoratu zituena, haien erabateko eta behin betiko suntsipena lortu zuena, milioika bizitzaren eta gogorkeria izugarrien truke».

Tberskaia kalean jendea txaloka hasi da zeruan hegazkinek ilara gorri-zuri-urdin bat marraztu dutenean. Beste hogei bat gerra-hegazkin eta tanke pasa ondoren, Polizia jendeari esaten hasi da dena amaitu dela. «Zer? Amaitu dela? Eta non daude ba soldaduak, orkestra eta guzti hori?». Bi ordu itxaron ondoren 40 bat urteko emakume horrek ez du handik joan nahi. «Baietz, hemen dena amaitu dela. Soldaduak eta: Plaza Gorrian». «Nola iritsi naiteke hara?». Plaza Gorrira ez da errusiar hori inola ere iritsiko, sarrera guztiak itxi baitituzte herritarrentzat.

Dimitri, 24 urteko ingeniaria, ez du horrek harritu: «Plaza Gorrikoa Putinen familiarentzat, lagunentzat, goi mailako enpresarientzat eta kazetarientzat da. Baina bueno, festaren zati bat besterik ez da. Park Pavedi-ra (Garaipenaren Parkea, errusieraz) noa ni orain. Ekitazio militarraren eskolakoek desfile bat egingo dute bertan».

Metro aldaketa bat eta sei bat geltokiren ondoren: Garaipenaren Parkea. Han zelai eta espaloiak inbaditu dituztenak: haize instrumentu orkestra militarrak, 1940ko hamarkadako arropak, beteranoen argazkiak zuri-beltzean eta zaldizko patruilaren akrobaziak. Kultura munduko bitxirik preziatuena ere ez da falta: Valeri Gergiev zuzendari miretsiak orkestra sinfonikoa zuzendu du.

«Benetako protagonistak gaur beteranoak dira», dio Nastiak. «Hori da niri gehien gustatzen zaidana: beraiekin hitz egitea, eskertzea guregatik egin zutenagatik». Nastiak lore gorriak daramatza eskuan; « beteranoei oparitzeko dira».

Nastia bezalaxe, gazte gehienek pentsatzen dute, maiatzaren 9an garrantzitsuenak haiek direla: beraien aitona-amona eta birraitona-birramonak. 1940ko hamarkadan gerran parte hartu zuten beterano asko hilda daude jada. Bizirik jarraitzen dutenakkalera ateratzen dira, beraien arropa militarrak orden eta medailatxoz beteta. Hil zirenak ere ez dituzte ahaztu nahi eta horregatik urtero bezala, Moskuko plaza eta parke askotan mikrofonoak pizturik egon dira, nahi duenak agertokira igo eta guztiei kontatzeko beraien arbasoek gerran bizi izan zutena. Park Pavedi ere ehunka errusiarrek gurutzatu dute elkarrekin, beraien aitona-amonen eta birraitona-birramonen argazkiak esku artean jasota.

Ukraina gogoan

Ume batek dominaz betetako aitona bat ikusi eta korrika gerturatu zaio. Krabelina gorri sorta luzatu eta: «Eskerrik asko guregatik egin duzunagatik. Garaipen egun zoriontsu bat opa dizut». Bere atzetik beste pare bat ume gerturatu dira korrika, eta haiekin beste hiru bat gazte eta lau bat guraso. Minutu bat barru, 86 urteko beteranoak lorez beterik dauzkan eskuak eta hamar bat pertsonen argazki kamerek harrapatu dute bere irudia. «Vladimir naiz eta 1928. urtean jaio nintzen Ukrainan. Gerra amaitzean Berlinen nengoen ni eta orain Moskun bizi naiz zorionez. Ukraina? Noski, denek pentsatzen dugu Ukrainan orain. Garai batean elkarrekin borrokatu genuen eta orain begira, gerran. Pena da. Zer? Barkatu, gaizki entzuten dut, ia zahartxo nago eta. Milesker, nik ere zoriontasuna opa dizut».

Ukraina sarritan agertu da bai herritarren, bai politikarien hitzetan: «Ukrainan egun hau beti ospatu izan da», dio Lionia Korolevek. «Gaizki deritzot aurten Garaipen Eguna ukatu dutela. Berrietan ikusi dut Lvoveko alkateak [Ukraina mendebaldean] esan duena: II. Mundu Gerran Ukrainan gizonen erdiak hil zirela; ez zaiola iruditzen ospatu beharreko zerbait. Horrelako zerbait esan du. Noski, drama bat izan zen hura. Eta ez dugu ahaztu behar, hori da garrantzitsuena. Horrexegatik, ez dugulako ahaztu behar, maiatzaren 9a ospatzen jarraitu behar dugu, urtero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.