Ukraina. Independentziarako erreferendumak ekialdean

Krimeari jarraitu nahi diote

Erreferendumaren ondoren, Ukrainako Donetsk eskualdeak Errusiari batzeko eskatu du, eta Luhanskek atea ireki dio horri

Bi herri errepublikek independentzia aldarrikatu dute, baietzak irabazi ondoren
Independentziaren garaipenaren ospakizuna, atzo, Luhansk hiriburuan.
Independentziaren garaipenaren ospakizuna, atzo, Luhansk hiriburuan. IGOR KOVALENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko maiatzak 13
Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetako erreferendumaren biharamunean Errusiaren teilatuan gelditu da pilota. Izan ere, erreferendumean independentziaren aldeko hautuaren garaipen zabala aldarrikatu ondoren, Donetskek Krimeako eredua jarraitzea erabaki du: estatu independentea aldarrikatu, eta ondoren errepublikak Errusian sartzeko eskatu du. Luhanskek, berriz, independentzia aldarrikatu du, eta ez dio bidea itxi Errusiarekin bat egiteko eskariari. Moskuk erran du erreferendumaren emaitza errespetatuko duela, baina ez dio erantzunik eman Donetsketik egindako eskariari. Ukrainako Gobernuak eta Mendebaldeak, berriz, ez diote inolako zilegitasunik onartu erreferendumari.

Antolatzaileek adierazi dute emaitza ofizialak astebetean jakinaraziko dituztela, baina atzo aurkeztutakoak behin betikotzat jo dituztela erran liteke: Luhanskeko Herri Errepublika independente izatearen alde %96,2k bozkatu zuen —1,6 milioiko errolda, %81en parte hartzearekin—, eta Donetskeko Herri Errepublikaren kasuan, berriz, %89,07 alde, %80 inguruko parte hartzearekin —3,2 milioiko errolda—. Erreferendumaren aurka zeudenek legitimitate politikoa ez ezik, zalantzan paratu dute prozedura bera ere, irregulartasun anitz egon direlakoan, baina errealitatea da Ukraina bidegurutze politiko batean paratzea lortu dutela erreferendumaren sustatzaileek.

«Herriak erakutsi duen borondatearekin bat, eta justizia historikoa berrezartzeko, Errusiako Federazioari eskatzen diogu azter dezala Donetskeko Herri Errepublika Errusiako Federazioan onartzea», adierazi zuen atzo Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren buruzagietako batek. Luhansketik ez dute halako adierazpen argirik egin, baina bidea zabalik utzi diote Errusiari batzeko aukerari, bertze erreferendum baten bidez. «Luhanskeko Herri Errepublikako herriak eztabaidatu behar ditu gai garrantzitsu horiek», adierazi dio Vasili Nikitin errepublikako gobernuaren prentsa arduradunak Errusiako Ria Novosti agentziari. «Baina halako erabaki bat hartuko balitz, herriaren borondatea errespetatu beharko litzateke».

Kremlina, erantzunean motz

Errusiak atzo ez zion erantzunik eman batzeko eskari horri. Moskutik egindako lehenbiziko adierazpenak, egia errateko, xumeak izan dira. Dmitri Peskov presidentetzako bozeramaileak Errusiako Kommersant egunkariari adierazi dionez, Vladimir Putin presidentea «emaitza ofizialak» jakitean mintzatuko da erreferendumaren inguruan. Kremlinek agiri ofizial batean dio emaitza «errespetatu» egiten duela eta espero duela horiek «praktikara modu baketsuan eramatea Kieveko, Donetskeko eta Luhanskeko ordezkarien arteko elkarrizketaren bidez». Sergei Lavrov Atzerri ministroak, berriz, «parte hartze handia» nabarmendu zuen, «nahiz eta bozketa geldiarazteko saioak egon». Ukrainako Gobernuari egotzi zion hori, «muturreko gerrillariak eta armada erabilita eta armak herritar baketsuen aurka zuzenduta».

Donetskeko eta Luhanskeko errusiazaleei erreferendumak gibelatzeko eskatu zien Putinek joan den astean, horrek «elkarrizketarako giro egokia» sor zezakeelakoan. Matxinoek, ordea, hasierako asmoarekin jarraitzea erabaki zuten. Joan den apirilaren bukaeran, Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak adierazi zuen Kremlinen «asmoa» ez zela «Krimeako jokalekua» Ukraina ekialdean errepikatzea. «Ez dago oinarririk hori gertatzeko», erran zuen orduan. Putinek berak ere hori erran zuen Krimearen bat egite dekretua sinatu zuenean —martxoaren 18a—. «Ez sinetsi Errusiarekin beldurtu nahi zaituzteten horiekin erranez Krimearen ondoren eskualde gehiago etorriko direla. Ez dugu nahi Ukraina banatzerik». Hori erran baino hamalau egun lehenago, presidenteak adierazi zuen Errusiak ez zuela Krimea «bereganatuko». Joan den apirilean, berriz, horrela azaldu zuen Errusiaren jokaera Krimean, telebista saio batean. «Errusiak ez zuen Krimea indarrez bereganatu. Errusiak baldintzak sortu zituen —indar berezien eta indar armatuen laguntzarekin, aitortu beharra dut— Krimean eta Sebastopolen bizi zen jendeak bere borondatea askatasunez adierazi zezan». Ukraina ekialdeko erreferendumaren ondoren, oraingoz, Donetskeko eskariari ez ezik, independentzia aldarrikapenei ere ez die erantzunik eman Kremlinek, nahiz eta emaitza errespetatu eta kontuan hartzen duela erran.

Estatu egiturak

Ukrainako Gobernuaren eta babesle dituen Mendebaldeko gobernuen erreakzioak esperotakoak izan dira. Oleksandr Turtxinov Ukrainako presidenteak «iruzur» eta «propaganda» deitu dio erreferendumari, eta erran du antolatzaileek emandako emaitzak ez dira halakoak izan. «Barne Ministerioaren arabera, Luhansken botoa emateko aukera zutenen artean %24k eman du, eta Donetsken %32k baino pixka bat gehiagok». EB Europako Batasunak luzatu egin du «Ukrainako burujabetza arriskuan» paratzea egotzita zigortutakoen zerrenda —Errusiako hamahiru herritarri eta Errusiako eta Ukrainako enpresa banari bisa debekuak eta ondasunen izozteak ezarri dizkie—, baina zigor ekonomikoak ezartzea saihestu du bertze behin. Bitartekaritza lanean ari den ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak legez kanpokotzat jo du erreferenduma, eta «probokazio ekintza» deitu dio.

Arlo militarrean, ordea, egoera ez da aldatu. Ukrainako Gobernuak operazio militarrari eutsiko diola adierazi du. Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepublikek, berriz, estatu egiturak sortuko dituztela jakinarazi dute, eta horien artean armada bat. Haien aginduetara paratzeko asmoa ez duten soldadu eta poliziak «okupazio indar» izendatuko dituzte, eta erasoaldi bat hasiko dutela iragarri dute. Horrekin batera, erran dute ez dutelako utziko Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak Donetsken eta Luhansken ere egin daitezen. Maiatzaren 25ean dira. Hori izanen da kontuan hartzeko hurrengo data, datozen egunotako gertakarietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna