Albistea entzun

Kritika. Antzerkia

Nor ez da inor

Jokin Oregik idatzitako <em>Itzala</em> obra antzeztu du Kabia taldeak.
Jokin Oregik idatzitako Itzala obra antzeztu du Kabia taldeak. JAVIER J GUMIEL G

Agus Perez -

2014ko otsailak 25

'Itzala' eta 'Pepino ustelak (hozkailuan)'

Lekuak: Donostiako Lugaritz eta Kultur Leioa aretoak. Egunak: Otsailak 21 eta 22.

Bi bakarrizketa mamitsu eta berezi plazaratu dira asteburuan, oso planteamendu eta egikera desberdinetatik abiatuta, eta bietan izan da gizakia protagonista —nor bestela?—, gizartean inor ez direnen ordezkaritzat hartuta.

Anonimotasun horren erakusgarri, Kabia taldearen Itzala izeneko obran Nor deitura jarri diote Florentino Badiolak antzezten duen pertsonaia zorigabeari. Jokin Oregiren testuan garrantzi handia dauka heriotzaren pertsonaiak ere —Joseba Uribarrik antzeztua—, eta egia da aurrekari lausoak bilatu daitezkeela Sarrionandiaren Itzalarekin solasa eta Atxagaren Bagdadeko morroia ipuinetan, baina argi dago Oregik idatzitakoak bizi propioa daukala esandako erreferenteetatik harago.

Gutxieneko eszenografia baten laguntzaz, bi aktoreen esku geratu da emanaldia portu onera eramateko ardura, eta zeregin horretan bikain aritu dira biak ala biak: Badiolak sinesgarritasun handia eman dio bere pertsonaia malapartatuari eta Uribarrik sendotasunez eta keinu zehatzez gorpuztu du aurpegirik eta hitzik gabeko Herioa. Bien arteko borroka-pasarteetan ere prestakuntza fisiko handia erakutsi dute, eta azkenik, eskertzeko modukoa da oraingo honetan Borja Ruiz zuzendariak baliabide eszeniko hutsalen erakustaldia alboan utzi eta pertsonaien dentsitatean sakondu izana.

Pepino ustelak (hozkailuan) deitzen da Kultur Maratila jardunaldietan ikusi dugun bigarren bakarrizketa, eta horretan ere ez da inor taula gaineko pertsonaia, baina aldi berean, nortasun handia dauka, barne indarra, bizitzak emandako kolpeen aurrean duintasuna eta esperantza gordetzeko bokazioa.

Javier Barandiaran dugu lan bikain honen egile, zuzendari eta antzezlea —Oier Guillanena da euskaratzea—, eta oraingo hau trilogia bateko lehen atala da, nahiz eta, berez, pieza autonomoa den. Antzezpenaren hasieran, patxada handiz eta presentzia itzelaz biluztu da Barandiaran, eta bere gizon gorpuzkera bilotsua prostituta zimeldu bihurtu da gure aurrean, arropa zarpailak eta ileorde are zatarragoa jantzita. Kabiaren Itzala-n bezala, pertsonaia mutu bat eduki du alboan —polizia—, baina kasu honetan ez du inork haren rola bete, eta emakume atxilotuaren bidez ezagutu dugu alboko aulkian norbait zegoela.

Barandiaranek eratutako bakarrizketa sormen handikoa izan da, ñabardurez betea eta trinkoa, eta animalia eszeniko baten modura agertu zaigu, bere dohain guztien jabe. Testuan zehar izandako pasarteetan une barregarriak eta tragikoak aletu dira, eta inor ez zen andre haren izaerak gauza bat irakatsi digu: mundu honetako lagunik baztertuenak ere lezio ikaragarriak eman ahal dizkigula, horretarako aukera izanez gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Iñigo Astiz

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Gorka Arrese

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen

Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariak. ©GALDER IZAGIRRE

Paisaia ilun baten soinu banda

Ainhoa Sarasola

Pasadena sortu dute Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek, eta izen bera duen diskoa atera. Giro iluna iradokitzen duten zortzi kantu bildu dituzte, argi printzek zulatuak

Concha Barqueroren eta Sergio Alvaradoren <em>Descartes</em> filma. ©ZINEBI

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.