Sastraka arteko burdinola

Eako Urtubiaga burdinola aztertzen ari dira HEA kultur taldeko kideak herritarren laguntzaren bitartez, auzolaneanIndusketa lana hasi dute, sasiek estalitako ondarea ezagutzera emateko

Irailera arte iraungo du Eako Urtubiaga burdinolako indusketak. Irudian, herritarrak XIX. eta XX. mendeetako hondakinak kentzen. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Haizearen edo uraren indarra baliatuz lantzen zen garai batean burdina, burdinoletan. Herrien bizimoduaren lekuko ere baziren. XIII. mendetik aurrera hedatu ziren batez ere, eta garrantzi handia izan zuten. Garrantzi horretaz jabeturik, Eako Urtubiaga burdinolan (Bizkaia) indusketa lanetan dabiltza herritarrak, ehortzitako historia lurretik ateratzen. Sastraka artean egon eta gero, orain berreskuratu dute burdinola, auzolanaren bidez.

«Herriak lotura afektiboa du burdinolarekin», ohartarazi dute HEA Herrijeri Emon Arnasa kultur taldeko kideek. Hori dela eta, erabaki dute merezi duela XVIII. mendeko eraikin hori leheneratzea. Naturak hostoz eta goroldioz babestu izan du gunea, eta orain txukundu dute. Erreka inguruan pasieran ibiltzen ziren kultur taldeko kideak; horrela bururatu zitzaien bide bazterrean zegoen burdinolaren kasua aztertzea. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan ikertu dute eraikinaren egoera, eta iruditu zaie Urtubiagakoa Eako eraikuntza zibil «garrantzitsuena» dela. Horregatik hasi zen auzolana, baita auzia gehiago ikertzeko beharra ere. Burdinolarekiko jakin-mina piztu zitzaien eatarrei.

Erdi Arotik da ezaguna Euskal Herriko burdingintza. Baliabide naturalik ez zen falta; Muskizko meatzeek primerako ikatza ematen zuten, basoetan ere egur-ikatz mordoa zegoen eta ibai eta erreketako emariak indarrez jotzen zuen. Burdinolek arrakasta izateko elementu guztiak zituen lurraldeak. Eta ez hori bakarrik: itsasorako bide ona zeukan, burdina garraiatzeko kokapen egokia. Goiz hasi zen burdinari lotutako ogibidea, eta berandu bukatu. XIII. mende inguruan sortu ziren burdinolak, eta XIX. mendean amaitu zen burdina era tradizionalean lantzeko ohitura. Hainbat mendetako pasadizoak gordetzen dira burdinoletan.

Bermeoko frantziskotarrek eman zuten burdinolei buruzko lehenengo erreferentzia Euskal Herrian, 1357an. Baina XVIII. mendea izan zen burdinolen urrezko aroa. Burdina urtzeko, haizearen indarra erabiltzeari utzi, eta urarena baliatzen hasi ziren orduan. Gurpil hidraulikoari zor zaio prozesu hori. Hala heldu zen burdingintzaren gorakada.

Herrian errotutako eraikina

Josef Larizoelaeta eta Chatalina del Puerto Uribek sortu zuten Eako burdinola, 1725eko maiatzaren 2an, burdingintza gailurrean zegoen sasoian. Eta, gaur egun argitzeko badago ere, dirudienez, 1860. urte ingurura arte iraun zuen lanean. «Puntako teknologia zeukan», azaldu du Unai Aurrekoetxeak, burdinolako indusketako arduradunak. Gaineratu du berandu samar egin zutela Urtubiagako burdinola gainontzekoekin alderatuz. Hala, burdinaren lanketak mendeetan izandako aldaketak ikusten dira bertan.

Batelaz esportatzen zuten Ean ekoitzitakoa, eta urrutira eramaten zuten. Adibidez, Bordeleraino garraiatzen zituzten Urtubiagan egindako burdin lingoteak, eta trukean ardoa eta artoa jasotzen zituzten. Urtubiaga «ikusgarria» da, eta «oso ongi» kontserbatuta dago, arkeologoak dioenez. Abuztuaren 13an hasi ziren indusketa lanekin, eta irailean bukatuko dute. Ez da langintza erraza: «Lehenengo, dena garbitu dugu, eta gero, indusketarekin hasi gara. XIX. eta XX. mendeetako hondakinak kendu ditugu, eta, orain, hobeto ikus ditzakegu eraikinaren elementu guztiak».

Indusketa amaitzean, bi bisita gidatu egingo dituzte, eatarrek aztarnak ikusteko, eta Urtubiagaren historia ezagutarazteko, hitzaldia emango dute herrian. Orain arte lurpean egondako istorio askoren historia da burdinolarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.