«Immobilismoaren horman» arrakalak zabaltzen ari direla sumatu du ezker abertzaleak

Euskal Herrira begiratu beharrean Madrilera so egotea egotzi dio Ikerne Badiolak Iñigo Urkulluri

Maribi Ugarteburu, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal gizarteak Espainiako Gobernuaren «immobilismoa» gaindituko duela ez dauka dudarik ezker abertzaleak. Horma hori hautsiko dela seguru daude, eta aurreneko arrakalak irekitzen ari direla uste dute. Maribi Ugarteburuk atzo Donostian emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, horixe esan nahi dute Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak herenegun Espainiako Kongresuan egindako hitzek. ETAren bukaerari dagokionez, «estatu zentzuarekin eta ikuspegi zabalarekin» arituko dela esan zuen Fernandez Diazek. Hala ere, presoek «banaka-banaka» barkamena eskatu beharko dutela ere esan zuen.

«Aldaketa txiki bat» ikusi du ezker abertzaleak Fernandez Diazen hitz horietan. Ekintzak aldatzen jarraitzea espero duten hiztegi aldaketa bat. Eta hori euskal gizarteak mobilizazioen bidez egindako presioarekin lortu du, ezker abertzalearen ustez. Izan ere, ezker abertzalearen aburuz, PP bakarrik gelditu da «immobilismoaren eta itxikeriaren» jarrera horretan.

«Jokaleku berria» ireki zenean immobilismoan bidaide izan zituen Euskal Herriko eragileak ere jarrera aldatzera behartuta sentitu direla dio ezker abertzaleak. «Beren burua gaindituta ikusi dute», Ugartebururen arabera, «gure herrian irekitako jokaleku berriarengatik eta demokrazia eta eskubideak aldarrikatzen dituen gehiengo sozial horrengatik». Hala, une honetan, PPk ez beste guztiek «azken hamarkadetan indarrean egon diren salbuespen politikak» bertan behera uzteko eskatzen dutela azpimarratu du. Zehaztu duenez, euskal gizarteak bi neurri jakin aldarrikatzen ditu: euskal presoei «kolektiboki» ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea, batetik, eta legez kanporatzeen aroa betiko ixtea, bestetik.

Euskal gizartearen gehiengoa ez ezik nazioarteko eragileak ere zentzu horretako mugimenduak egiten ari direla ohartarazi du: Egiaztatze Batzordeak joan zen astean publiko egindako txostena, Frantziako Asanbladak presoak hurbiltzeko eskatuz onartutako lege proposamena eta Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak Espainiako Gobernuari ETArekin hitz egiteko eskatu izana jarri ditu adibide.

Hori ikusita, alderdi eta eragileen artean bazterketarik gabeko elkarrizketak abiatzeko ordua dela uste du ezker abertzaleak, eta horretarakoxe deia egin die eragileei. Gatazkaren bi korapiloak askatzeko —nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea—, akordio demokratikoa erdiesteko. Ezker abertzalea prest dago.

Alde horretatik, garrantzitsua iruditu zaio Jesus Egiguren PSE-EEko lehendakariak «euskal konstituzio bat» sortzeko egindako proposamena: «Formula horrek bere barnean jasotzen ditu gatazka politikoa gainditzeko gakoak: nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriko herritarren esku utziz beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea». Ezker abertzalearen irudiko, ez dago zalantzarik mugak non dauden: «Euskal jendartearen borondate askeak izan behar du muga bakarra, inposaturiko edozein konstituzioren edota gaindituriko edozein estatuturen gainetik».

Ugarteburuk uste du baikorra dela EAJren EBBko buru Iñigo Urkulluk Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari salbuespen neurriak gainditzeko eskatzea harekin izandako bileran.

Bilera horren bestelako interpretazioa egin du EAk. Euskal Herrira begiratu beharrean Madrilera so egotea egotzi die jeltzaleei Ikerne Badiolak. «Independentismoa baztertzea» eta PPrekin zein PSE-EErekin egoera kudeatzeko akordioa egitea aurpegiratu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.