Jaiak. Etxarri

Jaiekin aurpegiz aurpegi

Gaur hasi eta ostegunera arte iraungo dute Etxarri Aranazko jaiek; tartean, hamaika ekintza antolatu dituzte

Buruhandi bat, ume bati zuzen-zuzenean begira,  Etxarriko iazko txupinazoann. LANDER FDZ ARROIABE / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Suziria lehertzearekin batera hasiko dituzte gaur festak Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Herriko txistulariek botako dute txupinazoa, eta, suziria lehertu ostean, datorren ostegunera arte izango dira ekintzak. Besteak beste, herri-kirol probak, bertso saioak, kontzertuak eta herri bazkariak antolatu dituzte. Gozatzeko aukera mordoa izango dute. Izan ere, aurten ere, bi egitarau aurkeztu dituzte: udalaren egitaraua, batetik, eta herri mugimenduko eragileena, bestetik. Baina, biek ala biek ziurtatuko dute festa giroa Sakanako erdigunean.

Aurten, txistulariak omenduko dituzte festen hasieran. Eneka Imaz zinegotziak azaldu duenez, bi helburu dauzka omenaldi horrek. Lehenik eta behin, orain dela urte batzuk hildako Jose Andres Sanchez txistularia omentzea. Bigarrenik, hainbat belaunalditako txistulariak batzea. Imazen arabera, txupinazoa txistularitza sustatzeko «lehen urratsa» baino ez da. Azken batean, txistulariak kalean egotea da helburua, eta «txistulari gazteek plaza hartzea».

Imazek aurtengo berritasun garrantzitsuenen berri eman du. Aldaketa nabarmenena garbitasuna bermatzeko hautua da: zorrotz bete beharreko neurriak ezarri dituzte. Aurten, taberna eta txosnen arduradunekin hitz egin du udalak, edalontzi berrerabilgarriak erabil ditzaten. Horrez gain, protokolo berezia aurkeztu du zaborra biltzeko, eta jaietarako ordutegi berezia onartu du.

Berritasunen artean, halaber, aurtengo Zorriazoka dago. Artisauen, abeltzainen, artisten eta nekazarien azoka da. Atzo egin zuten lehenengo aldiz, eta aurrerantzean hilero egingo dute. «Ez da ohiko azoka komertziala izango, zerbait ekoizten duen jendearentzako topagune bat izango da».

Bestalde, Imazek osteguneko parte-hartze eguna ere nabarmedu du egitarauko ekitaldi nagusien artean. Egun horretan egingo diren ekintza guztiak herritarren eta herriko eragileen esku utzi ditu udalak. Iaz sortu zuten, eta aurten ere eutsi egin diote. Vendetta taldeak, abesbatzak, guraso elkarteak eta kintoek bideratuko dute, besteak beste.

Larunbata, ekintzaz beteta

Gaurko eguna jaietako berritasun guztiak martxan ikusteko egun aproposa da. 13:00etan botako dute suziria. Behin txupinazoa botata, kalejiran abiatuko dira etxarriarrak herriko kaleetan zehar. Gainera, buruhandiek, erraldoiek eta gaiteroek alaituko dute ibilbidea. Eguerdi partean, Herri mugimenduak herri bazkaria deitu du plazan.

Dena den, oro ez da musika eta dantza Etxarrin; kirolak ere badu tartea jaietan. 17:30ean, pala eta pilota txapelketak jokatuko dituzte frontoian. Geroago, dantzak hartuko ditu kaleak berriz. Hain zuzen ere, euskal dantzek; Etorkizuna dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du plazan, 18:30ean.

Aldarrikapenerako aukera ere emango du festetarako lehen egunak. Herri mugimenduko eragileek euskal preso eta iheslarien aldeko egun gisa izendatu dute; horregatik, 19:30ean manifestazioa egingo dute, preso eta iheslarien eskubideen defentsan.

Gau partean, zezensuzkoa aterako da, eta etxarriarrei korrika eginaraziko die. Ondoren, kontzertuen bidez amaituko dute egunari. Ordu txikietara arte joko du plazan Tximeleta taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.