Kantonamenduetako bozak. Elkarrizketa. Alain Lacassagne. Forces 64ko zerrendaburua

«Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren alde naiz; Pauera eramanen dut galdea»

Baiona Ekialdean aurkeztu da Forces 64ko zerrendaburu; 2004an sozialistak nagusitu ziren, eta aulkia berreskuratzea du helburu, kantonamendua «erabat abandonatua» izan delako azken sei urteetan.
BERRIA

Jenofa Berhokoirigoin -

2011ko martxoak 18
UMPk daraman politikarekin desadostasunak ditu Lacassagnek, eta argi utzi nahi du departamenduan zentrokoak direla nagusi eta ez eskuinekoak. Hori dela-eta Frantziako Gobernuaren politika eta Kontseilu Nagusiarena ezberdinak direla dio.

Luzaz eskuineko kontseilaria izan zenuten, eta 2004an sozialistak nagusitu ziren. Eskuinak aulkia berreskuratzea du helburu?

Eskuina diozunean, ez da nahasketarik egin behar; zentroa ez da eskuina. Kontseiluan, hemeretzi kontseilari dira Forces 64koak eta sei UMPkoak. 2004an sozialistek irabazi zuten, baina garai hartan, «uhin arrosa» izan zen eta Alderdi Sozialista anitz kantonamendutan nagusitu zen.

Zein mezu zabaltzen duzu?

Zentrokoa naiz, eta kontzientzia ekologikoa ere badut. Zentrokoak, ekologistak, errepublikanoak, sozialdemokratak bildu nahi ditut. Hainbat proposamen ditut eginak, izan zaharren arta, etxebizitza sozialen arloa, enplegua, gazteak edota ingurumena. Justuki, zehaztu nahi dut AHTari dagokionez RFFk ez dizkigula informazio guztiak ematen. Argi dut gure lurraldea ez dela suntsitu behar, eta horregatik dut zuhurtzia printzipioa eskatzen, Baiona eta Espainia arteko bidearen aurka naizelako.

Bakarrik Baiona eta Irun artean?

Dakidanez, Bordele eta Baiona artean gauzak finkatuak dira, atzera egitea zaila da. Haatik, Baiona eta Espainia artekoari doakionez, AHTaren aurka naiz. Bestalde, erran nahi dut hizkuntza gutxituak babestearen alde naizela, eta kultura eskuratzeko aukera guztiei eman behar zaiela diot. Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren alde naiz, eta kontseilari banaiz, Pauera eramanen dut galdea.

Hizkuntza gutxituak babestearen alde zarela diozu. Zein da, ba, proposatuko zenukeen politika?

Euskararen eta euskal kulturaren presentzia eskoletan sustatu behar dugu; ez da bakarrik ikastoletan irakatsi behar.

Ofizialtasunaren alde zara?

Berez, gure ondarearen, kulturaren eta aberastasunaren barnean da euskara. Beraz, kontuan hartu behar dugu. Euskararen Kultur Erakundearen gisa, hizkuntzaren inguruan diren erakundeak lagundu behar ditugu.

Frantziako Gobernuaren politika kritikatzen duzu.

Bai, adibidez, erretreten erreforma pasarazi dute, sindikatuekin izan beharko liratekeen negoziazioak gutxietsiz. Horrek gogaitzen nau, horrelako erreformak adostasunez egin behar direlako.

Lurralde erreformari begira zer diozu?

Lurralde kontseilaria lurraldetik urrunduko da, politikako profesionalak bihurtuko dira, hori bakarrik egiten ahalko dutelako. Nire ustez, beste aktibitateak behar ditu ukan ondoan politikariak, errealitatetik hurbil gelditzeko.

Gobernuaren politikaz kritiko zara, baina ez al duzu uste kritiko direnek ez dizutela zuri bozkatuko, ikusiz UMPrekin akordio bat duzuela eta elkarren ondoan zaretela Kontseiluan?

Nazionala eta lokala bereizi beharrak dira. Lokalki erran nezake zentrokoak garela nagusi eta UMPkoak zaizkigula guri lotu, zentroko gure balioekin bat egiten dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna