Alternatibak, irria ezpainetan

Baionan 12 bat mila pertsona bildu dira Alternatiba Egunaren karietara; bide bera segitzeko eta sakontzeko deia zabaldu dute, eta egunarekin irabazitakoaren balorazio «ezin baikorragoa» egin.
Eguna Stephane Hesseli egin omenaldiarekin borobildu zuten, Baiona Ttipiko karpa betez, eta alternatibekin segitzeko deia eginez.
Eguna Stephane Hesseli egin omenaldiarekin borobildu zuten, Baiona Ttipiko karpa betez, eta alternatibekin segitzeko deia eginez. GAIZKA IROZ

Nora Arbelbide -

2013ko urriak 8
Leher eginak, oraindik desmuntatzeak dakartzan lan guztien korapiloetan harrapaturik, baina irria ezpainetan, «laino ttipi baten gainean» daudela erran du Baionako Alternatiba Egunaren antolatzaile nagusi izan den Bizi mugimenduko Jean-Noel Etxeberri Txetx-ek. Balorazio ezin hobea eginik, Alternatiba Egunak ugaritzeko deiarekin bururatu dute eguna. Klima aldaketaren arazoa agendetara berriz sartzeko parioarekin jarraituz, Europako 11 hizkuntzatara itzulia dute igande gauean irakurri manifestua, alternatiben «10, 100, 1.000 herrixka sortzeko deialdia» Frantzian eta Europako eskualde guztietan, Parisen 2015. urtearen hondarrean iraganen den klimari buruzko COP21 gailurraren aitzin. Atzo goizean berean hiriburuko peña batean bilduak ziren Bizi-ko militanteak, «segida konkretu bat» gauzatzen hasteko.

Egunak, igandean, 12.000 bisitari elkartu zituela kalkulatu dute. Jendetza bildu zen proposatu ekitaldi guztietan, eta hori zazpi bat mintzaldi zirela aldi berean. Adibidez, Hiria nork egiten duen tailerra proposatu zuen Claude Labat historialariak, eta hiriaren bisita berezia proposatu. 30 bat pertsona bilduko zitzaizkiola pentsatua zuten, baina 150 bat zitzaizkion batu.

Baionako hiri barnea autoei hetsi eta herrixka zabala bilakatu zen. Bere hamabost eremu tematikoekin, bisitariei aurkeztuak zitzaizkien alternatiba guziak ikustea «ia ezinezkoa» zela nabarmendu dute antolatzaileek. Eta hitzaldiei dagokienez, «galdera zorrotzak» egin zituen publiko «interesatuak»; gainera, «usaiako sinestunetatik zinez haragoko jende saldoa bildu zen».

Haiengandik sentitzen den indar positiboa du nabarmendu Etxeberrik: «Egun bukaeran eskertzera hurbildu jendez gaindituak ginen. Zoriontsu zirela ageri zuten. Zinez zerbait pasatu den froga. Biziki une indartsua izan da. Oinarrizkoak izaten diren gertakarietan sentitzen den hori». Gogoetarekin bezala, besta ere ederra izan zela nabarmendu dute guztiek. Motivees taldearen kontzertua eta ondotik Willis Drummondena, Fermin Muguruzarekin Radio Rahim eta Hotel Monbar eman zutela.

Euskararekin kexu

Balorazio orokorraren itzalean, zenbait anekdota adierazgarri izan dira. Bata, larunbateko hitzaldietakoa. Adituetako bat Iker Elosegi izan zen, Euskal Herriko Laborantza Ganberakoa. Euskaraz hasi zen, bi hitz eginez frantsesez hasi aitzin, esplikatuz itzulpenak eskas zirelako behartua zela frantsesez egitera. Baina euskarazko lehen hitzetik entzun ziren haserre ozenak publikoan, ez zutela fitsik ulertzen inposatuz. Beste anekdota bat. Alternatiba, zergatik euskaraz? Izenak V bat behar zuela aritu zaizkio Bizi mugimenduari Frantziako egitura handi zenbait, beren ohiko «jakobinismotik».

Bi anekdota ohiko. Baina hor ere baikor gelditu nahi du Etxeberrik: «Eguna aitzinatu arau ohartu dira, edozein gisaz, horrela dela». Euskara hor dela, euskal kultura, euskara «biziak» direla. «Eta batzuk segituko badute kontra, beste zenbaitek ideia aldatuko dute». Keinu adierazgarriena, eguna borobildu omenaldian. Kopenhageko gailurreko estatuburuen gala afarian atxilotu zuten Greenpeaceko Juan Jose Lopez de Uralde Garmendiak euskaraz irakurri zuen hitzaldi nagusia, zortzi minutuz. Denak adi, euskara ulertzen ez zutenak artean. «Beldur ginen batzuk txistuka hasiko ziren». Beste anekdota bat: Liberation egunkariko webguneak omenaldi osoa pasatu du, euskarazko hitz horiek barne: «Ez idurian, pario hau lortu dugu: klima aldaketari buruzko Europako bilera nagusia, Kopenhagetik landa, Euskal Herrian egin izana».

Etxeberrik berak aitortu du, halere: «Batzuek pentsa dezakete ez zela aski euskararik, baina, zintzoki, ahal dugun guztia egin dugu». Aniztasuna aldarrikatuz baino gehiago gauzatuz, arituz, erakutsiz, hori ere izan da Alternatiba Eguna, Etxeberrik dioenez: «Identitate bat badagoela berrestea, erakutsiz ez dela hertsidura baten sinbolo; alderantziz, interes kolektiboan eta munduan parte hartzen ahal duela. Haren zerbitzuko izan daitekeela. Gu horren egiten saiatzen gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna