Horrela agur esatea ere...

Athleticen gizonezkoen taldearen denboraldi kaskarrak San Mames estadio zaharraren azken urtea itsustu duEmakumezkoen taldeak ere Katedralean galdu zuen liga irabazteko aukera

Athleticeko jokalariak harmailetako ikusleak agurtzen, San Mamesen jokaturiko Europako azken partidaren amaieran. MONIKA DEL VALLE / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Barria bazkideei oharra bidali nahiko balie bezala da. San Mames estadio zaharraren SMSa estadio berriaren eliztiar bihurtuko direnei: «Zuek jakingo duzue non sartzen zareten». San Mameseko maldizioa deitzen dionik ere bada, eta, agian, zale batek baino gehiagok birritan pentsatuko du eraitsi aurretik erlikiaren bat gorde ala ez. Ez da esajerazioa, Athleticeko taldeak ez baitira agur gozoa ematen ari Katedralari.

Athleticen gizonezkoen taldea ez da denboraldi ona egiten ari, eta haren jarduna da maldizioaren arrazoi nagusia. Estatistikak hala dio: Athleticek sasoi honetan etxean jokaturiko ligako hamazazpi partidetan hogeita lau puntu lortu ditu, eta azken biak irabazita hogeita hamar lortuko lituzke guztira. Asko al dira? Iragan sasoian hogeita hamaika lortu zituen; aurreko bietan, hogeita hamazazpi; eta 2007-08an eta 2008-09an, hogeita bederatzina.

Balbearen teoria defendatzen dutenentzat, baina, egun jakin bateko partidak dira argudio nagusia, Athletic Europa Ligatik eta Espainiako Kopatik kanporatua izan zirenekoak, adibidez. Iragan sasoian, Athleticek zerua hatz puntekin ukitu zuen Europa Ligan; denboraldi honetan, berriz, bide tristea egin du. Ez zen lehen fasetik igaro, eta etxean jokaturiko ligaxkako hiru partidetako bakar bat ere ez zuen irabazi. Hapoel Ironikekin bana egin zuen, Olympique Lyonekin galdu egin zuen 2-3, eta Spartak Pragakekin hutsean berdindu zuen San Mamesen jokaturiko Europako azken partidan. Partida hura, baina, gogoratuagoa izango da Fernando Llorentek jasotako txistu sortagatik.

Partida hori abenduaren 6an jokatu bazen ere, balbearen hurrengo atala astebete geroago iritsi zen, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Kopa txapelketa berezia da Bilbon, eta Katedralean jokaturiko azken kanporaketa Eibarrek irabazi zuen. Ipuruan, joaneko partidan, hutsean berdindu ondoren, Athleticek eskura zuen aurrera egitea, baina ez, bana bukatu zen itzulekoa.

Derbiak ere egun seinalatuak izaten dira. Sasoi hasieran egutegia zozkatzean, zaleak lehenbizi bilatzen dituen partidak dira. Sasoi honetan bi jokatu dira San Mamesen, eta azkenekoa galdu egin zuen Athleticek. Otsailean izan zen, eta Reala bisitaria. Txuri-urdinek urteetako bolada txarra zeramaten Bilbon, baina San Mameseko agurreko urtean eten egin zuten (1-3). Osasunaren aurkako derbia, behintzat, Athleticek irabazi zuen, 1-0, urriaren 7an. Derbiez gain, Athletic zaleak beste bi partida nabarmentzen ditu gorriz egutegian, Real Madril eta Bartzelona, San Mamesen ligan partida gehien jokatu duten bisitariak. Bada, Athleticek ez du bakar bat ere irabazi. Real Madrilek 0-3 irabazi zuen, eta Bartzelonarekin bina berdindu zuen.

Emaitzen eragina ez ezik, harmailetako giroa ere ez da ona izan. Javi Martinezen irteerak giroa ozpindu zuen hasieran, eta Marcelo Bielsaren inguruko zalantzak ere ez ziren lasaigarriak izan. Unerik deserosoenak Fernando Llorentek entzuniko txistuekin iritsi dira. Fernando Amorebietak ere entzun ditu, eta zurrumurruek Gorka Iraizoz gurutziltzatu zuten. Iñigo Cabacasen hilketaren oroitzapenak ere itzalez estali dute azken urtea.

Titulurik ez

Emakumezkoen taldeko sasoi honetako bidea gizonezkoaren aurkakoa izan da. Liga hasieratik arrakasta izan du lagun, eta denboraldi guztia lehen postuan egin du. Tira, osoa ez, azken egunean jaitsi baitzen bigarrenera, San Mamesen jokaturiko partida ofizial bakarraren ondoren. Bartzelonaren aurka puntu bat lortzea aski zuen txapeldun izateko, baina hura ere ez, 1-2 galdu eta txapeldunorde izan da azkenean.

Athletici egun bakarra falta zaio estadio zaharrari behar bezalako gorazarrea egiteko. Ligako azken partida, Levanteren aurka, maiatzaren 26an. Hasieran ostiral edo astelehenez joka zitekeela zabaldu zen, eta bat baino gehiago tristetu, San Mamesi lege zaharrean, igandez, esan behar zaiolako agur. Zorionez, hala izango da, igandez jokatuko da, behingoagatik zorte ona, ea emaitzak ere laguntzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.