Markina, ezustekoa emanda

Bizkaiko taldeak Aurrera Saiaz kanporatu du finalerdietan, eta bigarren aldiz jokatuko du BERRIA Txapelketako finalaZazpi Iturrik eta Uhartek igandean jokatuko dute bigarren finalerdia, Zestoan (17:00)

Markina, ezustekoa emanda.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Markina ustekabekoa emanda sailkatu da BERRIA Txapelketako finalerako. Iragan igandean, Aurrera Saiaz Bidegoiango taldea kanporatu zuen lehen finalerdian, Tolosan jokaturikoa. Bizkaiko taldeak kadete eta gazte mailako partidetan erabaki zuen kanporaketa. Aurkarien zorigaitza lagun izan zuen, lehen partidan gipuzkoarren atzelariak min hartu zuelako eta partida bertan behera gelditu zelako, baina beste bietan irabazleek bikain jardun zuten. Markina finalerako sailkatzen den bigarren aldia da. 2008an Adiskide Galdakaokoaren aurka galdu zuen. Aurkaria Zazpi Iturri Amezketako taldea edo Uharte izango da, igande honetan jokatuko baitute bigarren finalerdia, Zestoan (17:00). Finala hilaren 23an izango da, Hernanin.

Aurrera Saiaz 1. Markina 2

KADETEAK

Peña-Mendia 4

Arrizabalaga-Urizar 22

GAZTEAK

Labaka-Imaz 15

Zubikarai-Arrasate 22

NAGUSIAK

Urbieta II.a-Telletxea 22

Beitia-Kastillo 19

Finalerdietako kanporaketak hasiera beltza izan zuen. Dena den, lehen tantoetan, kadete mailako partidak itxura ona zuen, are gehiago Ander Peña eta Xabier Arrizabalaga aurrelariak errematean asmatzen hasi zirenean. Markinak errenta txikia zuen (4-7) Gorka Mendia Aurrera Saiazeko atzelariak belaunean min hartu zuenean. Pilota baten bila zihoala ezkerreko belaunean min hartu eta kantxa herrenka utzi behar izan zuen. Partida bertan behera gelditu zen, eta Markinak aldeko emaitza zabala lortu zuen (4-22).

Bizkaiko taldeak beste partida bat irabazita aski zuen finalean sartzeko, eta jubeniletan eman zuen ezustekoa. Ion Zubikaraik eta Andoni Arrasatek 22-15 irabazi zieten Peru Labaka eta Xanet Imazi. Hasiera orekatuaren ondoren (13-13), Markina nagusi izan zen partidaren erdialdetik aurrera. Bi atzelariak lan oso serioa egin zuten, eta ez batak ez besteak ez zuen aginte handirik lortu. Aldea aurrean egon zen, Zubikaraik hamabi tanto lortu zituelako, eta Labakak bederatzi. Azken horrek, baina, sei huts ere egin zituen, ziurrenik aurreko egunetan izandako partida kargaren erruz.

Lehen bi partiden ondoren Markinak 25 tantoren aldea zuen, eta, beraz, kanporaketa erabakita. Nagusi mailako bikoteak kantxaratzerako bazekien finala jokatuko zuela. Hala ere, Xabier Urbietak eta Xabier Telletxeak euren onena eman behar izan zuten Asier Beitia eta Kepa Kastillori 22-19 irabazi, eta Aurrera Saiazen puntu bakarra lortzeko.

Partida entretenigarria izan zen, eta Beotibarren bildutakoek gozatu egin zuten. Markinakoek alde txikiak izan zituzten, (7-11 eta 10-13) hamahirunako berdinketaren aurretik. Beste hiru berdinketa izan zituen partidak, hemeretzinakora arte, baina hortik aurrera gipuzkoarrek jarraian lortu zituzten azken hiru tantoak. Urbieta II.ak erakustaldia ikusgarria eman zuen errematean. Aurrera Saiazeko aurrelariak hamazazpi tanto lortu zituen guztira, horietatik bost, saketik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.