Urruti iritsi nahi du 'Urruti'-k

Olaizola II.a faborito argia da gaur Urrutikoetxearen aurka Bilbon jokatuko duen buruz buruko finalerdian: 100-2031 urte igaro dira Bizkaiko pilotari bat manomanistako finalerako sailkatu zenetik

Mikel Urrutikoetxea, belauniko, garaipen keinua eginez, iaz, Tolosan, lau t'erdiko txapelketako partida batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urruti iritsi nahi du Urruti-k. Hitz jokoa sinplea bezain zuzena da. Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989) hatz puntekin ukitzen ari da umetatik amesturiko eguna, eta pauso bakarra falta zaio buruz buruko finalerako sailkatzeko. Pauso hori Bilbon eman ahal izango du gaur (17:00, Nitro), txapel egarri diren Bizkaiko pilotazaleen berotasunean. Erronkak, baina, badu bere arazoa, azken pausoa ez baita nolanahikoa: Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1978) egungo txapelduna kanporatzea. Apustuek zerbaitegatik jotzen dute faboritotzat Goizuetakoa: 100-20ri. Irabazleak Juan Martinez de Irujoren aurka jokatuko du finalean, printzipioz, ekainaren 23an.

Txapelketako ustekabeko gozoa izan da Urrutikoetxea. Tira, Olaizola II.arentzat izan ezik; pilota aukeraketan esan zuenez, beretzat ez delako ezustekoa izan enpresakidea finalerdietara iristea. Belaunaldi gaztearen txapelketa zela esan zen aurkezpenean, baina Urrutikoetxeak bakarrik pasa du final-laurdenenetako galbahea. Aurrelaria debutatu aurretik entzuten hasia zen buruz buru asko jokatuko zuela, baina aurtengo manomanistara arte kosta egin zaio gaia erakustea.

Asegarcen hasi zenetik teknikari guztiek goratu zuten buruz buru jokatzeko zuen ahala. Aimar Olaizolak, Ruben Belokik... Askok erabili zuten sparring gaztea izan zen. Maiz entrenatu izan du Olaizola II.arekin, eta elkarren aurka jokatu ez duten arren, ondo ezagutzen dute elkar. Bigarren Mailako txapelketetan itxura ona eman zuen, baina kosta egin zaio Lehen Mailakoetan gora egitea. Zailtzea falta zitzaion, baina azken hilabeteetan lan fisiko gogorra egin du, eta kantxa gainean nabaritu zaio. Iaz, Gonzalezen aurka ondo hasi ondoren (16-6), behera egin zuen erdialdetik aurrera (17-22). Aurten, Idoateren aurka (22-18) 70 minutu eta 380 pilotakadako lehia irabazi zuen.

Zaratamoko aurrelaria sasoi bikainean iritsi da finalerdietara. Lehenbizi Xala kanporatu zuen, eta gero, Idoate. Bietan kolpe freskoa erakutsi du eta pilota mugitzeko erraztasuna. Olaizola II.ak, berriz, ez zuen maila onik eman Abel Barriolaren aurkako final-laurdenean. «Finalera iristea oso zaila da, baina ez ezinezkoa», onartu du Urrutikoetxeak. Baina Olaizola II.a oso sasoi onean egon ez arren, gazteak ia perfektu jokatu beharko du bere «idoloa» kanporatzeko. Goizuetakoak aurreko partidan emaniko mailak zalantza batzuk sortu zituen, eta berak eskuari egotzi zizkion. Astebetez atzeratu zuen partida, eta eginiko probetan ez du inolako oinazerik sumatu. Tarte horretan ezin izan du entrenatu, eta agian horren premia izango zuen buruz burukora berriz ohitzeko.

Kirioei eustea ere garrantzitsua izango da, eta Urrutikoetxearen tenplea neurtu ahal izango da. Irabaziz gero, Lehen Mailako finala litzateke beretzat. Olaizola II.arentzat, berriz, manomanistako zortzigarrena —guztira, hemeretzigarrena—. Pilotei dagokienez, biek «bizi antzekoak» hartu zituzten, besterik ez zegoelako. «Egun pilota guztiak dira biziegiak», azaldu zuen Olaizolak.

Bizkaia pilotalekua, zain

Bilboko pilotalekua ez da beteko, baina oso itxura ona izango du. Bizkaitar bat finalaren atarian egotea amu ona da. 11 urte dira pilotari bizkaitar bat ez dela buruz buruko finalerdietara iritsi. Ordukoan Imanol Agirre geratu zen egun handiaren atarian; 22-10 galdu zuen Abel Barriolaren aurka. Finalari dagokionez, 31 urte pasa dira Roberto Garcia Ariñok 1982ko finala Retegi II.aren aurka galdu zuenetik (22-9). Aurretik, Garcia Ariñotarren leinuko gazteenak beste lau final galduak zituen.

Bizkaiko azken txapelduna aurkitzeko, aldiz, Garcia Ariño IV.ak galdutako lehen finalera jo behar da (1977), Iñaki Gorostizaren aurka galdu zuelako (22-12). Atxondoko atzelari indartsua izan zen buruz buru txapela jantzitako bakarra. Historiari erreparatuz gero, Hilario Azkarate izan zen Bizkaiak buruz buru emaniko pilotaririk handiena. Elorriokoak sei irabazi zituen, eta bederatzi final jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.