Homofobiaren aurkako kanpaina abiatuko dute Ipar Euskal Herrian

Asteartean bozkatuko dute diputatuek gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidea arautuko duen legea

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Datorren asteartean bozkatuko du Frantziako Parlamentuak gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidea arautzeko legea. Diputatuek iragan otsailaren 12an eta senatariek apirilaren 12an gehiengoz alde bozkaturik, parlamentuko bigarren bozketa horretan ez da ezustekorik espero. Baina, eskubideen berdintasunean aitzinamenduak lortu arren, egunerokoan diskriminazioak eta erasoakpairatu behar izaten dituzte gay eta lesbianek. Errealitate horren berri eman zuten atzo Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboak eta Les Bascos taldeak, Baionan egin prentsaurrekoan. Hori dela eta, homofobiaren aurkako kanpaina abiatuko dute.

Batetik, hautetsiengana joko dute, «benetako berdintasuna» ekarriko duten konpromisoak hartzeko eskatuz. «Sexu joerari edo generoari buruzko diskriminazioen aurka borrokatzeko nahikeria plazaratu duten arduradun politiko guztiei eskatzen diegu argiki eta garbiki eskubideen berdintasunaren alde kokatzeko. Horretarako, berdintasun hori benetakoa egingo duten lege guztiak bozkatu behar dituzte», Beñat Gachen Les Bascos elkarteko ordezkariak azaldu duenez.

Gutun bat bidaliko diete ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako auzapezei. Maiatzaren 17an, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kari burutuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatuko diete ere.

Kolektiboari doakionez, Baionako Autre Cinema aretoan gaualdi bat antolatuko dute maiatzaren 17an. Bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei: «Egun horretan herritar orok salatu beharra du mila aurpegikoa den homofobia».

Bozketa ospatzeko unea

Ezkontza eta adopzio eskubidearen bozketa «momentu historikotzat» joz, une horren ospatzeko elkarretaratzea eginen du kolektiboak. Asteazkenean, 18:30ean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean dute hitzordua finkaturik.

Ekimen horiekin bat egin dute hamarnaka eragilek. Besteak beste, Planning Familial-ek, Giza Eskubideen Ligak, Indar Beltzak, Altxa Neskatxak, Ezkerreko Alderdiak eta CGT k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.