Krisia Europan. Defizita

Denbora bai, baina erreforma gehiagoren truke

Espainiari defizita BPGaren %3ra jaisteko epea 2014ra arte luzatu dio Europako Batzordeak, baina baldintza gogorrekinErretiro adina 67 urtera atzeratzeko erabakia lehenago hartu beharko du, eta BEZa igo

2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Espainiari denbora gehiago ematea erabaki du Europako Batzordeak. Urtebete gehiago defizita BPG barne produktu gordinaren %3ra jaisteko. 2014ra arteko epea, hain justu. Luzapena, huts-hutsean, berri ona litzateke Madrilgo gobernuarentzat, ekonomia atzeralditik ateratzeko neurriak hartzeko aukera emango liokeelako. Baina Bruselak ez du ezer musu-truk ematen. Ezta urtebeteko luzapen hori ere. Bi baldintza jarridizkio: bata, autonomia erkidegoen gastuaren gaineko kontrola muturreraino eramatea; bestea, uztaila bukatzerako, datozen bi urteetarako aurrekontu proiektu sinesgarri bat prestatzea, neurri eraginkorrez jositako plan bat, erreforma eta zerga igoerekin. Besteren artean, erretiro adina 67 urtera atzeratzeko epea aurreratu egin beharko du eta BEZ balio erantsiaren zerga igo.

Espainiaren egoerarekin ulerkor azaldu zen Olli Rehn Europako ekonomia gaietarako komisarioa atzo, herrialde kideen egonkortasun planen inguruko azterketa aurkezteko agerraldian. «Espainiak esan zuen egiturazko erreformak egingo zituela, eta egin ditu. Egiturazko defizita badu, ez da neurririk hartu ez duelako». Horregatik erabaki du Bruselak urtebete gehiago ematea. «Erabakia ez dugu arrazoi politikoengatik hartu, ekonomiaren egoeraren inguruko azterketa sakona egin ostean baizik. Europako egonkortasunerako itunak jasotzen duen aukera bat da».

Bruselak egin du berea, defizit helburua betetzeko epea urtebetez luzatzea. Orain Espainiari dagokio hark agindutako guztia zuzen-zuzen betetzea. Zortzi gomendio eman dizkio, zortzi agindu, era guztietakoak.

Bruselaren aginduak

2014a bitarte defizita murrizteko administrazioko maila guztietan hartuko dituen neurri guztiak banan-banan azaltzeko eskatu dio, baita autonomia erkidegoei eragingo dienak ere. Horrekin batera, Suediako eta Erresuma Batuko ereduak jarraituz, zerga erakunde independente bat sortzea aholkatu dio. Zerga politika kontrolatzea eta gobernuak zerga arloan hartzen dituen erabakiek aurrekontuetan izango duten eragina neurtzea izango lirateke erakunde horren zereginak. Banku zentralak diru politikan duen leku bera izango luke, baina zergen esparruan.

Espainiako Gobernuak duela urte eta erdi egin zuen pentsio sistema publikoaren erreforman ere moldaketak egiteko ere agindu dio. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak erretiro adina bi urtez atzeratu zuen orduan, 65 urtetik 67ra, baina atzerapena pixkanaka gauzatzekotan, 2027a bitartean. Bruselak epe horiek bizkortzea nahi du, eta 2027a baino lehen erretiro adin ofiziala 67 urte izatea.

BEZbalio erantsiaren zerga igotzeko ere eskatu dio Madrili, Espainiako batez bestekoa txikiegia dela iritzita. Ez du xehetasun gehiagorik eman, baina hainbat iturriren arabera, orain arte tasa murriztua (%8) ezartzen zitzaien zenbait produkturi tasa orokorra (%18) ezartzea izan liteke bide bat, eta tasa supermurriztua (%4) ezartzen zaien produktuen zerrenda moldatzea izan liteke bestea, gobernu sozialistak duela bi urte egindako erreformak ez ziolako zerrenda horri eragin. Tabakoaren eta alkoholaren gaineko zergak ere txikiegiak direla uste du Bruselak eta erregaiaren gainekoak igotzeko tartea badagoela.

Lan merkatuaren erreforman sakontzeko ere eskatu dio, aurreikusitako neurri guztiak lehenbailehen indarrean jartzeko, erlaxatu gabe. Esparru horretan, gauza gehiago ere eskatu dizkio, langabezia saria jasotzen dutenak prestakuntza ikastaroak egitera behartzeko, kasu. Gazteen langabezia gutxitzeko neurri eraginkorrak hartzeko ere agindu dio, esaterako, eskola porrota murrizten saiatzeko.

Azkenik, finantza sistemaren erreforma eraginkor bat egiteko agindu dio, erakundeen kontuak erabat garbitzeko, haien aktiboek etxegintzarekin lotura handiegia dutelako oraindik. Gobernua bankuei ematen ari den laguntzen erabileraren inguruko irizpideak argitzeko ere eskatu dio eta bankuen birkapitalizazioak estatuari zenbateko gastuak eragingo dizkion zehazteko.

Gomendio horiek guztiak entzun eta gero, argi gelditu da Bruselari ez zitzaiola nahikoa iruditu aurten defizita BPGaren %5,3ra jaisteko helburuarekin Espainiak igorri zion egonkortasun plan. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gainekoa igota eta aldi batez ezkutuko dirua azaleratzeko amnistia fiskala indarrean jarrita 13.000 milioi euro poltsikoratzea aurreikusten zituen Madrilek. Baina Bruselak, gutxietsi ez ezik, kritikatu ere egin du neurri horietakoren bat, PFEZ igotzea, esaterako, «berak emandako gomendioen kontra doalako».

Espainiako Gobernuak adierazi du kontuan izango dituela Bruselak egindako proposamenak eta saiatuko dela zeharkako zergak igota diru sarrerak handitzeko bideak topatzen.

Frantziari ere 'gomendioak'

Espainiari bakarrik ez, Frantziari ere hainbat neurri hartzeko agindu dio Bruselak, besteak beste, 2013rako defizita BPGaren %3ra murriztea bermatuko dioten neurri eraginkorrak hartzeko, horrek herrialdearekiko konfiantza handituko lukeelako. «Aurten %4,4ko muga errespetatzeak betetzeko moduko helburua dirudien arren, datorren urtean %3ra iristeak erronka bat izaten jarraitzen du». Espainiaren kasuan ez bezala, Frantziarenean helburu hori betetzea egingarria dela uste du, baina ondo etorriko litzaiokeela konpromiso irmoa duela erakusteko neurri sorta bat lehenbailehen hartzea. François Hollande presidente berriarentzat mezu bat izan da, Sarkozyk hasitako bidea alboratu ez dezan.

Horretaz gain, lan merkatuko zatiketa gainditzeko moldaketak egiteko eskatu dio, alegia, aldi baterakotasuna gutxitzeko neurriak hartzeko, langabezia prestazioak berrikusita. Esparru berean, langileei lan merkatuan jarraitzeko pizgarriak ematea aholkatu dio, erretiroa beranduago har dezaten.

Bruselaren proposamenak Europako Batasuneko gobernuburuen eta ekonomia eta finantza ministroen oniritzia behar du oraindik; ekainaren 28an eta 29an bilduko dira Bruselan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.