Espainiako Gobernuaren aurrekontuak. Murrizketak AHTari

Madrilek %40 urritu du AHTrako dirua

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du modu horretan ez direla 2017an amaituko lanak, eta bilera eskatu dio Sustapen Ministerioari

190 milioi euro gorde dituzte 'Euskal Y'-a egiteko 2013an, aurten baino 124 gutxiago
Abiadura handiko trenaren Aramaioko zubibidea, duela bi aste amaitu berri dutena.
Abiadura handiko trenaren Aramaioko zubibidea, duela bi aste amaitu berri dutena. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Iñaki Petxarroman -

2012ko urriak 2
Ez 2016an ez eta 2017an ere. AHT abiadura handiko treneko obrak ez dira amaituko aurrez zehaztutako epean, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburuaren arabera. Arriolak gogor jo du Espainiako Gobernuaren aurka. Izan ere, heldu den urteko aurrekontuetan %40 gutxitu du Euskal Y-arentzako aurrekontua Madrilek. 314 milioi euroko aurrekontua izan du aurten Sustapen Ministerioak obrarentzat, eta 190 milioi euro gorde ditu hurrengo urterako, 124 milioi gutxiago.

Berez, azken lau urteotan, eta krisiak krisi, etengabe handitu dute tren lasterraren obretarako dirua Madrilek eta Eusko Jaurlaritzak. Euskal Y-aren Arabako eta Bizkaiko zatiak —eta Gipuzkoako tarte txiki bat— Sustapen Ministerioak finantzatzen ditu. Gipuzkoako zati handiena, berriz, Jaurlaritza ari da ordaintzen, nahiz eta azkenean Sustapen Ministerioak bere gain hartu beharko duen, kupotik kenduta. Esate baterako, 2009an eta 2010ean 220 milioi euro inguru gastatu zituen Espainiak Euskal Y-aren lanetan. 2011rako 133 milioi euro gorde zituen aurrekontuetan, baina, Adifek hartutako mailegu baten ondorioz, azkenean 250 milioi gastatu zituen.

Arriola, haserre

Arriola haserre agertu zen atzo, Donostian egin zuen prentsaurrekoan. Eusko Jaurlaritzak bilera bat eskatuko dio Espainiako Gobernuari, gertatzen ari denaren inguruan azalpenak eskatzeko. Arriolaren arabera, inbertsioa «oso une onean» dago, eta ez da ulergarria urritzea: «Ulergarria litzateke eustea edo inbertsioa handitzea, ez gutxitzea».

Ohartarazi du egoera zuzendu ezean ezin izango dela bete obrak 2016an amaitzeko Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak duten asmoa. Madrilgo gobernuak onartu berri duen aurrekontu proiektuan zuzendu egin dute 2016an amaitzeko aurreikuspena, eta 2017an amaituko dela aipatu dute. Edonola ere, 2017an amaituko den aurreikuspen hori ere zalantzan jarri du Arriolak. Izan ere, hurrengo urteotarako asko gutxitu du Sustapen Ministerioak Euskal Y-arentzako konpromiso mailegua. Hori baieztatuko balitz, 2017 baino geroago amaituko lituzkete lanak, Arriolaren esanetan. Herri Lan sailburuak adierazi du Ana Pastor Sustapen ministroari esango diola konpromisoak betetzeko direla.

Ez dirudi hortik doanik Espainiako Gobernua. Hurrengo urteotan, esate baterako, ez dituzte ordainduko Hegoaldeko erakundeekin hitzartutako konpromisoak. Esaterako, Castejon eta Iruñea arteko zatia Nafarroako Gobernua ari da aurreratzen, eta diru sail batzuk itunduta dauzkate foru gobernuak eta Madrilek, dirua itzultzeko. Bada, 2013an hamar milio euro itzuli beharko lizkioke Espainiako Gobernuak Iruñeari, baina erdia besterik ez du gorde aurrekontuetan: bost milioi. Eta 2013an dauka Madrilek ordaintzeko zatirik txikiena. 2014an 25,65 milioi euro ordaindu beharko lituzke, 2015ean 30, 2016an 170 eta 2017an 152.

Euskal Herrian eragina duen beste zati bat Burgos eta Gasteiz artekoa da. Hori, izatez, Valladolid-Burgos -Gasteiz zatiaren atal bat da. Oraingoz, Valladolid eta Burgos artean bakarrik daude obrak hasita. Hurrengo urteko aurrekontuetan 45 milioi euro jarri ditu Espainiako Gobernuak zati horrekin jarraitzeko.

Espainiako Gobernuak adierazi du hurrengo urteko aurrekontuen helburua defizit publikoa murriztea dela eta horretarako «sakrifizioak» egin beharko direla ezinbestez. Euskal Y-aren murrizketak ere helburu horren barruan kokatu ditu Madrilek. Bide batez, ohartarazi du Ana Pastor ministroak inoiz ez duela adierazi obrak 2016an bukatuko direla. Izan ere, hori Jose Blanco Sustapen ministro ohi sozialistak hartutako konpromiso bat zen.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak nabarmendu du AHTa ez dela geratu, aurreko gobernuak utzitako defizita oso handia izan arren. «Zorionez, AHTa ez dute ez Arriolak ez PSOEk bermatzen, Espainiako Gobernuak baizik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna