Estatus berriaren garrantzia nabarmendu eta ados jartzera deitu du Atutxak

PPk «Ibarretxe berria» bihurtu nahi izatea egotzi dio Urkulluri, eta Jaurlaritzaren «ideia falta» kritikatu du PSEk

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
«Inori ezer inposatu gabe, ahalik eta adostasun zabalenak» lortu nahiko ditu EAJk irailean abiatuko duen estatus politikoari buruzko lantaldean. Hala esan du BBBko presidente Itsaso Atutxak, eta adierazi du alderdi baten proposamenetik haratago joan behar dutela «halako garrantzia» duten gaiek:«Adostasuna behar duen gairik badago, etorkizuneko egitura nolakoa izan behar den erabaki behar dugun hau da».

Ez datoz bat horretan, ordea, PSE-EE eta PP. Iñaki Oiarzabal EAEko PPren idazkari nagusiaren esanetan, «huts larria» da herritarrak «Ibarretxeren garaiko konfrontazioaren eta zatiketaren eztabaidan nahastu» nahi izatea. Horregatik, Oiarzabal kezkatua agertu da jeltzaleak «ezker abertzalearen eta Bilduren presioaren» menpe daudelako, eta «Ibarretxe berria» bihurtu nahi izatea egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariari. PPko kideak salatu zuen «elkarbizitza jokalekua hankaz gora» jarriko lukeela EAJren estatus berrirako proposamenak, eta ohartarazi du arriskuan leudekeela gizarteak aurrera jotzeko behar dituen «funtsezko elementuak». Oiarzabalen ustetan, «gai independentista» ateraz Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomikoari buruzko kritikak estali nahi ditu EAJk, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearen bidetik. «Orain dela hilabete arte nazionalista kataluniarren jarrerak errespetua sortzen zion EAJri», esan zuen PPko kideak, baina kritikatu du orain estatus politikoa bihurtu dela kurtso berrirako jeltzaleen lehentasuna.

Ildo beretik jo zuen PSE-EEk ere. Izan ere, Urkulluren gobernuaren jarduna «oso pobrea» izan dela salatu du Patxi Lopez alderdiko idazkari nagusiak, eta Eusko Jaurlaritzaren «ideia falta» kritikatu du. Gobernuaren jarrera horri aurre egiteko, ekartzekotan, alderdien adostasunak ekarriko du irtenbidea, Lopezen hitzetan: «Alderdiok ari gara jartzenmahai gainean agenda, proposamenak eta ideiak, eta alderdiok lortu dugu, ziurrenik, adostasuna, gobernu honek zerbait kudeatu dezan».

Jarrera «irekia» izateko deia

Kritika horien aurka, Atutxak berretsi du berretsi du EAJrentzat egoera ekonomikoak duela «lehentasun erabatekoa», baina horrek ez du esan nahi estatus politiko berriak agendatik kanpo geratu behar duenik. Gogora ekarri du, era berean, hauteskunde kanpainan aurreratu zutela 2015erako «Euskadirentzat estatus politiko berri bat» lortzeko proposamena, eta adierazi du bide hori jorratu baino ez dutela egingo lantaldearekin: «Ez dakit zertaz harritzen diren».

Sorturi ere mintzatu zitzaion Atutxa, eta esan zion estatus politikoaren gaian EAJrekin «topo egingo» duela Eusko Legebiltzarrean sortuko den lantaldean «modu irekian» parte hartzen badu. Sortutik egindako kritikei erantzun die hala Atutxak, jeltzaleek prozesu subiranista bat aurrera ateratzeko indarrak biltzeari uko egin ziotela eta. «Azkenean, garrantzitsuena izango da egiten den proposamenak ahalik eta herritar gehiena biltzea, baztertzailea ez izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.