UPNren gobernuari aurre egiteko, elkarlanerako deia egin du EAk

Barcinaren gobernuak porrot egin duela salatu du Maiorga Ramirezek, eta bozak aurreratzea «saihetsezina» dela esan

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
UPNren gobernuak «porrot» egin duela uste du Eusko Alkartasunak. Horrela adierazi dute alderdiko ordezkariek. Maiorga Ramirezek eta Aitor Etxarrik hezkuntzako eta osasun arloko murrizketak kritikatu dituzte, eta nabarmendu dute UPN ongizate estatua bukatzen ari dela. Halaber, UPNk bultzatutako azpiegitura erraldoiak arbuiatu dituzte, eta Nafarroako Kutxaren kudeaketaren kontra azaldu dira. Horrexegatik, «eskuinaren gobernua» eragozteko, elkarlanerako gonbita egin diete gainerako alderdiei, eta esan dute «saihetsezina» dela bozak aurreratzea. «UPN arduragabekeriaz jokatzen ari da hauteskundeak ez aurreratuta», esan du Ramirezek.

Aurrekontuen eztabaida orain hasiko denez, horren garrantzia azpimarratu du EAk. «UPNk herritarrei hitza eman nahi ez izanak berekin ekar lezake 2013an aurrekonturik ez egotea», ohartarazi du Etxarrik. Hori dela eta, egoerari buelta emateko datozen hilabeteetan egin beharreko urratsak nabarmendu dituzte. Ramirezen ustez, EH Bildu da alternatiba ekonomiko eta politikoa sor dezakeen alderdia. «EH Bildu da UPNri aurre egiteko indarra». Ildo beretik, herritarren eskubideak defendatu behar direla esan du, eta salatu du UPNk oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

Gizarte mugimenduekin bat

«Gizarteak aho batez eskatzen ditu aldaketak», esan du Etxarrik. Horregatik, EH Bilduk azaldu du gizarte mugimenduekin «erabateko» lankidetza behar duela. Hala, babesa eskaini diete «bestelako etorkizun bat» eraikitzen dihardutenei, baita irailaren 26ko greba deialdiari ere.

Gainera, bake eta normalizazio politikoaren alde egindako lana berretsi du EAk. Ramirezek nabarmendu du aldaketa garaia dela, eta giza eskubideak errespeta daitezela aldarrikatu du. Era berean, oroitarazi du gaixo dauden presoek aske egon beharko luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.