Baskonia 90. Gipuzkoa Basket 65

Txapel txikia

Baskoniak aise irabazi du Euskal Kopako lehen ekitaldia, finala bigarren zatian hautsita; debuta egin du Dragicevicek
Baskonia erraz gailendu da Gipuzkoa Basketen aurka.
Baskonia erraz gailendu da Gipuzkoa Basketen aurka. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

A. Urbistondo -

2011ko apirilak 29
Caja Laboral Baskonia.Huertas (11), Oleson (9), San Emeterio (14), Teletovic (17) eta Barac (13) -hasierako bostekoa-; Pau Ribas (8), Logan (10), Batista (4) eta Dragicevic (4).

Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Salgado (2), Domen Lorbek (3), Panko (10), Doblas (4) eta Miralles (4) -hasierako bostekoa-; Ritxi Uriz (16), Jimmy Baron (15), Lander Lasa (3), Freimanis (4) eta Kone (4).

Markagailua. 18-18, 36-33 (atsedenaldian); 63-51 eta 90-65.

Bestelakoak. 7.500 zale Buesa Arenan, Euskal Kopako lehen ekitaldiko finalean.

Baskoniak beste titulu bat lortu du bere sari gela beterako: Euskal Kopako lehen ekitaldia. Baskoniak bigarren zatiraino itxaron behar izan zuen Kopa irabazten hasteko, baina egurran hasi zenean txikitu egin zuen Lagun Aro. Liga ezberdinetan jokatzen duten taldeak direlako, abiadura ezberdinean, eta Baskoniak erritmoa igotzen duenean erantzunik eman ezinik geratzen direlako Lagun Aro, eta Lagun Aro bezala, baita tankerako beste talde asko ere.

25 puntukoa izan zen aldea bukaeran, baina lehen zatia oso ezberdina izan zen. Partida trabatua, itsusi samarra izan zen, ikuskizun apalekoa, defentsa nagusi izan zen jokoa. Ez zen halakorik espero, Euskal Kopa lagunarteko dema delako, baina Lagun Aroren meritua da Baskoniak partida lehenago ez hautsi izana. Arabarren eraso joko emankorra trabatzea lortu zuten, Konek eta Domen Lorbekek arazo fisikoak izan arren. Baskoniak 13 baloi eman zituen, eta horri esker mantendu zen partidan Lagun Aro, balorazioak bestelakoa esaten zuelako: 47 Baskoniak, 16 Lagun Arok.

Errebotean finkatu zuen bere nagusitasuna etxeko taldeak, Lagun Arok baino dozena bat gehiago harrapatu baitzituen. Partida egon, bazegoen, baina bigarren zatia hasi eta berehala hautsi zen. Baskonia estutzen hasi zen defentsan, eta defentsan asmatu zuelako, kontraeraso errazak gauzatu. Zortzi-hamar puntuko aldea ireki zuen aurrena, Teletovic eta San Emeteriori esker, baina Marcelinho Huertas izan zen Baskoniaren motorra. 11 puntu, zortzi errebote eta beste hainbeste asistentzia eman zituen, horietatik lau hirugarren laurden erabakigarrian, batzuk hiruko garbi-garbiak, eta hortxe bukatu zen Euskal Kopa.

Lagun Aroko Jimmy Baron eta Ritxi Uriz bestela saiatu baziren ere. Baronek zaleen marmarra eragin zuen hamaikagarrenez, bere jaurtiketa mekanika politarekin, eta Uriz nafarrak ere aspaldi ez bezalako eraginkortasuna erakutsi zuen hiruko marratik: bost bota eta lau saskiratu. Bistakoa da Urizek ondo ezagutzen dituela Buesa Arenako saskiak.

12 puntukoa zen aldea 10 minuturen faltan, baina abiadura handiko trena zen ordurako Baskonia, eta autobus geldo-geldoa Lagun Aro. Besteak beste, jokalari askok ez zutelako espero zen neurririk eman. Salgadok, Pankok edo Doblasek, esaterako. Ivanovicek minutu asko eman zizkien normalean aulkian denbora luzeagoa pasatzen dutenei, baina ordezkoek ere San Prudentzio festa egun handiarekin gozatzeko une aproposa zela ikusi, eta ikuskizuna ematen hasi ziren: kontraeraso politak,asistentzia hobeagoak, birrintzeak... Pena izan zen Lagun Aro etsita zegoela ordurako, eta gainera etorri zitzaion erauntsitik babestera mugatu zuen bere jarduna.

Dragicevic kantxan

Baskoniako fitxaketa berriak minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuen, eta bere egoera fisikoaren inguruan zeuden zalantza guztiak uxatu. 16 minutu jokatu zituen, eta lau puntu eta lau errebote lortu. Arazo franko izan zituen faltekin, bost egin zituelako tarte txikian. Ohitu egin beharko du ACB ligako epaileetara, baina lehengai ona dauka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna