The Beatlesen garai goreneko une intimoen argazkiak kaleratu dituzte

Henry Bensonek 1964tik 1968ra arte egindako 1.700 argazki bildu ditu 'The Beatles: On The Road' liburuan

Agentziak
Londres
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hegazkin bat hartu eta Afrikara joatekoa zen Harry Benson argazkilaria 1964an, enkargatua zioten lan bat egitera, Daily Express aldizkariak beste enkargu bat proposatu zionean: The Beatles taldeko kideek Frantzian egitekoa zuten biraren jarraipena egitea. Afrikarako hegaldia azken orduan bertan behera utzita ekin zion Liverpoolgo lau musikariei jarraitzeari, jakin gabe ia 40 urte geroago ere zeresana emango zuten argazkiak egingo zituela: Taschen argitaletxeak The Beatles: On The Road 1964-1966 liburuan argitaratu dituenak. Bensonek izenburuan agertzen den tarte horretan egindako 1.700 argazki daude ikusgai liburuan.

The Beatles taldea ospearen gailurrera iristen ari zen garaian taldeko kideei giro intimoko argazkiak egiteko aukera izan zuen Bensonek, enkargu hari esker. Parisen egindako lanari jarraipena eman zion taldeko musikariak AEBetara joan zirenean. Harrera guztiz beroa egin zieten han, aurretik Europan jasoa zutena berretsiz, eta Benson pare-parean egokitu zen orduan ere.

«Nire argazkiak garaiari buruzko dokumentu historiko bat dira», adierazi du Bensonek, liburuaren hitzaurrerako egin dioten elkarrizketan. «1964ko nire argazkiek The Beatleseko kideak naturalak eta ezberdinak ziren garaia erakusten dute». Egin zuen lana egiteko «une perfektua» egokitu zitzaiolakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.