Kalte-ordainaren zain daude oraindik Biescasko ezbeharreko hamalau kaltetu

87 lagun hil zituen eta 200 zauritu lokatzezko uholde batek Aragoiko kanpalekuan orain hamabost urte

Irati Elizalde -

2011ko abuztuak 10
Biescasko kanpalekuan (Aragoi, Espainia) 87 hildako —tartean hamabi euskal herritar— eragin zituen hondamendiaren auzibideak ez du amaierarik, ezbeharraren 15. urteurrena hilaren 7an bete den honetan. Kaltetuen aldeko lehen epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak orain sei urte, kanpina Gallego ibaiaren ibilgu ohian eraikitzea baimendu izana giza akatsa izan zela ebatzita. Ezbeharra aurreikusi eta saihets zitekeela ondorioztatu zuen auzitegiak, eta errudun jo zituen Espainiako Ingurumen Ministerioa eta Aragoiko Gobernua. Hala, kaltetu orori 180.000 euroko kalte-ordaina emateko agindu zitzaien Espainia eta Aragoiko gobernuei. Auzitegiak, ordea, ez zituen prozesu judizial hartan parte hartu ez zuten hamalau familia aintzat hartu, eta ukatu egin zien kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, «beranduegi» zelakoan.

Epaitegiz epaitegi ibiliak ziren familia horiek ere, baina bide judiziala etetea erabakia zuten ordurako. Baziren sei urte Huescako Probintzia Auzitegiak ezbeharra ezohiko fenomeno meteorologikoari egotzi, eta administrazioei arrazoi eman ziela. Auzibide penala agorturik, esku hutsik laga zituzten epaitegiak kaltetuek, tartean kalte-ordaina jaso ez duten hamalau familiak. Baina, Auzitegi Nazionalak kaltetuen aldeko epaia eman zuela jakinik, beste kaltetuei eman zitzaien kalte-ordainerako eskubidearen eske joan ziren hauek ere. Auzitegi Nazionaletik, ordea, ukatu egin zitzaien beste kaltetuei aitortu zitzaiena. Auzibide penala agortu zutenean errekurtsorako epea amaitu egin zitzaiela adierazi zieten.

Kalte-ordaina jaso ez duten Sergio Murillo eta Esteban Astarriagari babes judiziala ematen die Elena Melero abokatuak. «Zentzugabe jo du berak auzitegiaren erabakia: «Ez du ez hanka ez bururik. Auzitegi Nazionalaren epaiak Huescako Lurralde Auzitegiarena baliogabetu egiten du. Hala, aurreko epaia ez da aintzat hartzen zuzenbidean, ezeztaturik gelditzen da».

Auzitegi Konstituzionalarena joko dute hamalau kaltetuek. Kalte-ordaina berdintasunez jasotzeko babes helegitea jarri baitute. Konstituzionalak babesa ukatzekotan, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko dute, beren kasua Estrasburgoko epaimahaiaren aurrean aurkezte aldera. Biescasko ezbeharraren kalte-ordaina eskatzeaz gain, epaiketa azkarrerako eskubidearen urraketa ere arrazoibide izango dute hamalau kaltetuek. Meleroren hitzetan, beren giza eskubideak «era bikoitzean» zapaldu direlako.

Erauntsia

Biescasen botatako euri jasak lokatzezko uholdea eragin zuen, eta azpian hartu zituen 87 pertsona, tartean hamabi euskal herritar. 1996. urteko abuztuaren 7 hartan, ekaitz arriskuaz ohartarazi zuten Aragoiko zenbait tokitan.

Biescas inguruan, zerua erabat itxi, eta ordubetean 170 litro ur bota zituen metro koadroko. Euri jasak uholde ikaragarria eragin zuen, 500 metro kubiko segundoko, eta 13.000 tona sedimentu mugiarazi eta eraman zituen arrastaka. 1950. hamarkadan eraikitako hustubide artifiziala bultzatu, eta beste irteera bat bilatu zuen pilatutako materialak. Aras eta Gallego ibaien elkargunearen alboan aurkitu zuen uholdeak behar zuen tokia: Biescasko Nieves kanpalekua zegoen zelaian, alegia.

87 hildako eta 200 zauritu izan ziren kanpinean, asko euskal herritarrak eta katanak. Igandean bete da ezbeharraren 15. urteurrena, eta ez da kaltetu guztiekiko zorra kitatu oraino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna