Ekonomiari buruzko zenbait gaitan soilik dira ados Urkullu eta Basagoiti

Bake eta bizikidetza gaietan elkarrengandik urrun daudela baieztatu du PPko buruak, bileraren ostean

Koldo Aldabe.
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ikuspegi zeharo desberdinak azaldu zituzten Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak eta EAEko PPko lehendakari Antonio Basagoitik, atzo Gasteizen Iñigo Urkulluk eta Basagoitik egin zuten bileraren ostean. Lehenak ohar labur baten bidez bilkurak izandako «giro adeitsua» nabarmendu zuen, eta aurrekpoontuen eta zerga sistemaren inguruan «sakondu» zutela. PPko lehendakariak, aldiz, zenbait gai ekonomiko alde batera utzita bi buruzagiak adostasunetik urrun daudela irudikatu nahi izan zuen.

Basagoitik azaldu zuen Urkullurekin ados dela ekonomia bizkortzeko eta krisitik irteteko egiten dituen planteamenduetan. Hortik aurrera, ordea, dena desadostasuna dela azpimarratu zuen. Hainbesteraino, ezen, gaur-gaurkoz, PPk ez luke Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen alde bozkatuko; aitzitik, osoko zuzenketa aurkeztuko luke, Basagoitik esan zuenez. Bizkaiko eta Gasteizko aurrekontuak aurrera ateratzeko eta Arabakoen luzapena adosteko EAJk eta PPk egindako hitzarmenak, beraz, ez dira automatikoki Eusko Legebiltzarrera hedatuko.

Bereziki, 2013rako foru ogasunen diru sarrerak berriz kalkulatzeko Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok egin duen proposamenarekiko gogor jardun zuen PPko buruak. Urkulluk bide horretatik joz gero «aurrekonturik gabe geratzeko arriskuan» egongo litzatekeela ohartarazi zuen Basagoitik.

Gainera,ez dio batere «graziarik» egin EAJk Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka jotzea eta Eusko Jaurlaritzatik beste murrizketa batzuk proposatzea: «Nahikoa badugu gure murrizketekin; ez diegu Urkullurenei babesik emango». Eusko Legebiltzarrean EAJ eta PP aurrekontuetan ados jarriko balira, boto bat gehiago beharko lukete kontuak ateratzeko, edo EH Bilduren edo PSE-EEren abstentzioa.

Aurrekontuen harira, PSE-EEk atzo iragarri zuen ez duela baztertzen Urkulluren aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteko aukera, eta jeltzaleei leporatu zien baliabide ekonomiko gehiago ez edukitzearen erantzukizun guztia.

PP ez da lantaldean egongo

ETAren amaieraren kudeaketa eta bakea eta bizikidetza izan zen Urkulluk Basagoitirekin landutako beste alor bat. PPko buruak baieztatu zuen gai horietan elkarrengandik urrun daudela.

Azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ahalegindu zela PPk Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetzaren Lantaldea osatzearen aldeko botoa eman dezan eta hura sortu eta gero bertan parte har dezan konbentzitzen. Basagoitik, ordea, aurreratu zuen PPk lantaldea osatzearen aurkako boza emango duela hilaren 14an egingo den bozketan, eta, gainera, osatzen bada ere ez duela parte hartuko.

Lantaldearen aldeko boza emateko eta bertan parte hartzeko baldintzak jarri ditu PPk: «EH Bilduk ETA gaitzetsi behar du, iraganaz arnegatu behar du, biktimekin egon behar du eta egindakoaz damutu behar du».

Horregatik, Basagoitik gaineratu zuenez, ez dute lantaldearen alde egingo, bertan «sekula bakerik nahi izan ez dutenek eta egun oraindik ETAk egin duena gaizki dagoela uste ez dutenek» parte hartzen baldin badute. EAJri eta PSE-EEri ere mezua bidali zien PPko buruak: «Exijentzia maila beheratzen baldin badute, mesede gutxi egingo diete etorkizunari eta bizikidetzari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.