Indar paraleloak

Okupazioaren kontra urteetan borrokatu arren, Irakeko xiita talde paramilitarren agenda eta sunitena oso desberdinak dira. Bi milizia xiita handienek, Mahdik eta Badrek, harreman zuzena dute gobernuarekin.

Muqtada al-Sadren aldeko kartel bat, Bagdaden, AEBen erretiratzea ospatzen. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Moqtada Al-Sadr buru erlijioso eta politikoak sortutako Mahdi taldea dugu xiita milizia ezagunena. 2003an eratu zen, beste hainbat talde matxinaturekin batera, eta horko kideak Irakeko xiita eskualde txiroenetatik datoz, baita Bagdadeko Thaura auzotik ere —Sadr City ere esaten diote—.

2004ko ekainaren 6an, Mahdiko miliziakoek lehen su-etena deklaratu zuten, baina urte bereko abuztuan hautsi zen. Gerlariak amerikarren kontra bideratzen zituen bitartean, Moqtada Al-Sadrek bere alderdi politikoa sortzeari ekin zion, 2005eko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko. Azkenean, seigarren gelditu zen Al-Sadren koalizioa.

Al-Sadren milizianoek amerikarren kontrako borroka sutsuari ekin zioten lau urtez, eta tartean hainbat su-eten izan ziren. 2008an, baina, Mahdi miliziak berebiziko zigorra jaso zuen Basora, Kerbala eta Najafeko euren gotorlekuetan eta, azkenik, Al-Sadrek behin betiko su etena deklaratu zuen maiatzaren 10ean.

Xiitak jada nagusi ziren Iraken, buruzagi erlijiosoak politikaren bideari ekin zion berriro ere eta 2010eko hauteskundeetan gobernurako giltza bilakatu zen al-Sadren alderdia: hauteskundeak Iraqiyak —boto sunita biltzen zuen koalizioak— irabazi arren, Nuri Al-Malikiri ireki zizkion Al-Sadrek gobernuko ateak; xiita hura ere.

Amerikarrek presio handia ezarri ohi dute Al-Malikiren herrialdean oraindik aktibo diren bi milizia xiitak desarmatzeko, baina, espero bezala, alferrikako ahalegina izan da hura. Arlo politikoan ez ezik, armadan, Polizian eta, oro har, Irakeko segurtasun indarretan eragin handia omen du Mahdi miliziak. Askok diote gobernuko indar armatu «paralelo» bilakatu direla Al-Sadren gizonak.

Teheranen itzala

Badr Erakundea dugu Irakeko beste talde armatu xiita nagusia, eta Al-Malikiren alde garbi lerrokatuta dago egun. Irakeko Islamiar Kontseilu Goreneko beso militarra da Badr Erakundea, eta Kerbala hiri santuan da indartsu, bai eta Irak hegoaldeko beste hainbat eskualdetan ere. Iranen zeuden irakiar errefuxiatuek sortu zuten Badr Erakundea, Teheranek lagunduta. Iran-Irak gerrak iraun bitartean, Saddam Husseinen kontra borrokatzeko eratu zen talde armatua.

1988an, Iranen kontrako gerra bukatu ondoren, Badr Erakundeko kideak Iranen gelditu ziren, eta Hussein boteretik baztertu zenean baino ez ziren bueltatu Irakera, 2003an. Orduan, Badreko miliziano ugari Irakeko segurtasun indar berrietan sartu ziren, beste sunita nahiz xiita matxinoen kontra borrokatzeko.

Hainbat adituren ustetan, Iranek hornitzen ditu bi talde horiek, prestakuntza, logistika eta diruaren bidez. Era berean, milizianoak bi herrialdeen arteko mugan zehar askatasun osoz mugitzen direla esan ohi da.

Azken hilabeteotan homosexualen kontrako kanpaina bortitza egitea leporatu diote al-Sadren miliziari. Halaber, hainbat sektorek salatu dute talde armatuok xiita auzoetan bizi diren suniten kontrako erasoak egin dituztela. Helburua zera litzateke, populazio sunita murriztea edo desplazatzea, egun berpizten ari den ondoez sektarioan.

Baliteke bi milizia xiita horiek Sirian aktiboak izatea egun. BERRIAk Anbar eskualde sunitan jaso duenez, haietako hainbat muga zeharkatzen ari dira Al-Assaden armadarekin bat egiteko. Siria da Iranek duen aliatu bakarra Ekialde Hurbilean. Teheranek Irakeko milizia xiitei emandako ustezko babesa Siriako lurretaraino iritsiko litzateke horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.