Alaa al-Aswani. Dentista eta idazle egiptoarra

«Armadak gerra zibila ekidin du»

Anaia Musulmanenak egin du Egiptoko erregimen militar berrian, eta Mubaraken sistema zaharrak gogor eusten dio. Al-Aswaniren iritziz, egiazko demokrazia bat ezartzeko garaia da.

A. IRAZABAL.
Ane irazabal
Kairo
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hosni Mubarakentzat amesgaizto bihurtu ziren Alaa al-Aswani idazlearen liburuak (Kairo, 1957). Urteetan dentista gisa lan egiten jarraitzeko eta nobelak alde batera uzteko ohartarazi zion diktadoreak. Yacoubian Building eleberriaren idazlea, ordea, ez zen geratu Mubaraken gainbehera ikusi arte. Erreboltak hirugarren urtemuga beteko du aurki, baina oraindik egoera politiko korapilatsua du Egiptok. «Ez da estatu kolperik izan, terrorismoaren aurkako gerra bat baizik», mantra errepikatu du Al-Aswanik. Askoren harridurarako, militarrekin itsu-itsu lerrokatu diren Egiptoko intelektualak ordezkatzen ditu. Kairo erdigunean duen hortz klinikan hartu du BERRIA.

Nola dago orain Egipto?

Terrorismoaren kontrako gerran murgilduta jarraitzen dugu. Hori ikusten ez duenak ezin du egungo egoera politikoa ulertu. Egiptoko indar armatuek gerra zibil bat eragotzi dute.

Berriz ere militarren esku geratu da botere politikoa. Ez al dituzue iraganeko mamuak piztu?

Ulertzen dut egiptoar askoren ardura, baina ez dugu atzera egin. Alde handia dago 2011n boterea hartu zuen Kontseilu Militarraren eta egungo egoeraren artean. Ekainaren 30ean, milioika egiptoarren nahiak defendatzeko atera ziren militarrak. Nola egongo naiz iraultza babestu zuen armadaren aurka? Horrek ez du esan nahi baldintzarik gabeko eta betirako babes bat denik.

Kritikarik ez segurtasun indarrei?

Bai, baina armada gerra testuinguru batean dagoela ulertu behar dugu. Nire ustez, gehiegizko indarra erabili zuten Nahda eta Rabaa al-Adawiya plazak hustean, baina horrek ez du esan nahi hustu behar ez zituztela pentsatzen dudanik.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zait Amerikako Estatu Batuen jarrera. 2012ko azaroan Mohamed Mursik sinaturiko dekretu presidentziala ez zuten estatu kolpetzat jo. Zergatik bai ekainaren 30eko iraultza? Bere aliatuekin begiak ixten ditu Washingtonek.

Baina behin-behineko gobernu militarrarekin ere eroso dago Obama...

Ez nago ados. Aspaldiko partez, AEBen erantzuna zein izango den arduratu gabe jokatu dugu egiptoarrok. Eta Washingtonek ezin du Egipto aske bat onartu. Iruditzen zait 2011tik benetako demokrazia bat eraikitzeko aukera daukagula. Ez dut uste AEBak horrekin pozik daudenik.

Hiru hilabetetan, Anaia Musulmanak akabatutzat jo dituzte Egiptoko hedabide eta analista askok. Ez al da arduragabea hori esatea?

Ez dut uste mugimendua inoiz desegingo denik, eta oraindik haien indarra erakusteko ahaleginen bat edo beste egingo dute. Ez dakit erasoak edo hilketa politikoak hasiko dituzten, baina baliteke. Niretzat, talde terrorista bat dira. Alabaina, egiaren garaia iritsi da Anaia Musulmanentzat. Orain, benetan erakutsi beharko dute terrorismoa eta indarkeria errefusatzen dituzten.

Anaidiak ilusio bat izan du azken 80 urteetan. Jainkoak islamaren ohorea berreskuratzeko aukeratu zituela adierazi dute, baina, egiptoar gehienok, musulman sinestunak garen arren, kolpez ikasi dugu ezin direla erlijioa eta politika nahastu. Mundu errealera itzuli eta Realpolitik egiteko garaia iritsi da Anaia Musulmanentzat.

Diktaduraren zentsura errotik pairatu zenuen zuk. Baina oraindik ere adierazpen askatasunaren urraketak jardun orokorra dira Egipton.Ekintzaile askoren ustez, egoerak okerrera egin du militarrak boterera itzuli direnetik. Zer iruditzen zaizu?

Mursiren garaian okerragoa zen. Ehunka kazetari eta idazle auzitara eraman gintuzten presidentea kritikatzeagatik. Hori esanda, aurki benetako gatazka politiko bat izango dugu erregimen zaharraren eta indar iraultzaileen artean. Ezin dugu ahaztu sistema zaharrak ekainaren 30eko iraultzan parte hartu zuela; pertsona horiek demokraziaren alde garrasi egiten ikustea txantxa bat bezalakoa da. Terrorismoaren kontrako gerra amaitutakoan beste guda hori hasiko dugu. Eta oso baikorra naiz. Hiru urte baino gutxiagoan, bi presidente espetxeratu ditugu. Egipton ez dago diktadore gehiagorentzako tokirik.

Mubaraken kontrako ekintzaile sutsuenetariko bat izan zinen. Orain, kartzelatik atera dute, eta inor gutxik egin du protesta. Zergatik?

Idazlea naizenez, nobeletako adibide bat emango dizut. Bikotekidearekin hautsiko banu, hasieran mingarria izango litzateke elkar ikustea. Gerora, ordea, jatetxe berean elkartu gintezke, bikotekide ohia ondoko mahaian egon liteke, eta ez nuke ezer sentituko. Egiptoarrok Mubaraken garaia gainditu dugula adierazteko era bat da.

Baina diktadoreak 30 urtean eraikitako sistemak hor jarraitzen du...

Horregatik behar dugu trantsiziozko justizia sistema bat. Erregimen zaharreko hainbat boterek Mubaraken kontrako froga gehienak desegin dituzte; beraz, hil arte kartzelan egon dadin, epaile independenteak behar ditugu.

Zeintzuk dira botere horiek?

Batez ere, Polizia eta epaileak. Mubarak erori ondotik, segurtasun departamentuko eta Poliziako egitura guztia bere horretan geratu zen. Ez Kontseilu Militarrak, ez Anaia Musulmanek, ez zioten sistemari eskua sartu.

Egipton denak dira gezurtiak, eta dagoeneko gehiegitan gertatu dira sarraskiak. Ikerketa sinesgarriak behar ditugu. Erregimen zaharraren zerbitzura dagoen sistema izan bitartean, ez dugu inoiz benetako demokrazia bat izango.

Zaila da, ordea, trantsiziozko justizia sistema militarrek bultzatuko dutela sinestea...

Ez da egun batetik besterako aldaketa bat izango, baina presioa egiten jarraitu behar dugu. Hegoafrikan eta Txilen ezarri zen, eta Egiptorentzako garairik egokiena da. Iraultzak bere bidea jarraitzen du.

Zer iritzi duzu Al-Sisiri buruz?

Oso militar argia da, eta oso ondo ezagutzen du Egiptoko gizartea. Ez dit axola presidentetzarako bozetara aurkeztuko den ala ez. Prozedura demokratiko aske eta zuzen bat behar dugu. Hori da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.