Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

«Erronka bat gehiago da»

«Antsietatea eta lasaitasuna orekatuta» dauzkatela igartzen die Bielsak jokalariei, eta «naturaltasuna» nahi du

Jon Eskudero - Berriemaile berezia

2012ko maiatzak 9
«Aurretik erakutsi dugun moduan, dauzkagun baliabideak ehuneko handi batean baliatzea da bidea. Naturaltasunez jokatzeko gai izatea da garrantzitsuena, arrakastarako bidea erraztuko digulako horrek». Konfiantzaz gainezka, eta, normala denez, tentsio apur batekin eman zuen atzo Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak Europako Ligako finalaren atariko prentsaurrekoa. «Emozioak eta sentipenak ugaritu egiten dira horrelakoetan, baina ezaugarri berezi horiek jokoan zenbateko eragina daukaten da garrantzitsuena». Argentinarraren hitzetan, «erronka bat gehiago» da gaurko finala.

«Hain gauza handia» jokoan egonagatik, «antsietatea eta lasaitasuna nahiko ondo orekatuta» dauzkatela igartzen die Bielsak jokalariei. Hori bai, aitortu zuen «ilusioa, handinahia, itxaropena eta desioa» areagotu egin direla azken egunotan. «Ondo gaude, eta ondo egon behar dugu. Egoerak eskatzen duen moduan egoten asmatu behar dugu». Badaki final batek «are ahalegin handiagoa» eskatzen duela. «Baina ilusioz gainezka gaude, zer lor dezakegun ikusita».

Hamaikakoari dagokionez, «azken orduko ezusterik ezean, ohikoek» jokatuko dutela baieztatu zuen Athleticeko entrenatzaileak. Eurena argituta, aurkariaren balizko taktika ere aztertu zuen Bielsak. «Haiek espazioak eskaintzea da aukeretako bat, hutsunez betetako zelai zabal batean eraso ahal izateko». Aurkariak izan dezakeen «kontraerasorako taktika» horrek «arriskua» daukala argitu zuen, eta, horren jakitun, funtsezkotzat jo zuen «taldeak desorekarik ez edukitzea». Baloia aurkariak baino denbora gehiago edukitzeari ere garrantzi handia eman zion.

Bielsak atzo ere ez zuen argitu datorren denboraldian Athleticen jarraituko duen edo ez. «Denboraldia amaitzen denean aztertuko dugu egoera». Baina Lezaman harrobiarekin egiten den lana goraipatzeko baliatu zuen prentsaurrekoa. Eskerrak eman zizkien «neurri handi batean klubean bertan hazitako hain belaunaldi gaztea sortzea ahalbidetu» duten guztiei. «Oso lan ona egin dute azken hamarkadan eginbehar horretan aritu direnek». Athleticen gisako taldeetan orainaldian gertatzen dena «iraganarekin lotuta» egoten dela gaineratu zuen argentinarrak. «Eta kolektiboaren ilusioarekin autoelikatzen da Athletic».

«Azken errematea falta da»

«Europako Liga zoragarri hau biribildu behar dugu». Andoni Iraola Athleticeko kapitainaren hitzak dira. «Oso lehiaketa berezia izan da, zentzu guztietan, baina azken errematea falta zaigu». Iraolaren hitzetan, «sinesgaitza» da horrelako final bat «jokatzeko eta irabazteko» aukera izatea. «Milioika aldiz egin dugu amets momentu honekin. Jende asko poztu dezakegu garaipenarekin».

Iraolaren bidetik mintzatu zen Herrera ere. «Azken pausoa eman nahi dugu, baina geure futbolari fidel izanda». Erdilariaren hitzetan, «finala hasteko irrikan» daude jokalariak. «Aurkaria errespetatuz, baina gabarra ateratzea lortu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna