Andrea Barno. Eskubaloi jokalari ohia

«Bai, begiratzen diot dominari»

Urtebete igaro berri da Olinpiar Jokoetako brontzezko domina irabazi eta Londresen bere ibilbideko azken partida jokatu zuenetik. Itxako desagertu izanak oraindik min ematen dio.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez oporretan joan da abuztuan, eta aspaldiko partez ere Lizarrako jaiekin gozatu du. Bederatzi denboraldi egin zituen Itxakon, eta denboraldi-aurrea ez zenean, Espainiako selekzioarekin igarotzen zuen. «Erretiroa hartzeak gauza txarrak eta onak ditu», esan du umoreko Andrea Barnok (Lizarra, Nafarroa, 1980). Erretiroa hartu ondoren Lizarreria taldean hasi zen entrenatzen, Itxakok utzitako beheko mailak jaso zituen egitasmoa.

Non duzu domina?

Toki berezi batean dut. Nire koinatuak ireki daitekeen marko polit bat egin zion, eta ederki ematen du. Egongelako paretan daukat eskegita.

Askotan begiratu diozu?

Begiratzen diot, ez pentsa. Nora joan, nirekin dator domina. Duela egun batzuk Martzillan egin zen campus batean egon nintzen, eta eraman egin nuen. Umeei erakusteko da; sekulako ilusioa egiten die. Ikastolaren batera banoa, beti nirekin dator.

Eta partidak, ikusi dituzu?

Irudiak, laburpenak... partidak ez. Urte honetan deskonektatzea zen asmoa, baina irudiren bat ikusteak zirrara sortzen dit.

Herenegun urtebete domina irabazi zenuela, zein oroitzapen duzu?

Oso berezia. Denbora asko izan zen; jokoak luzeak dira. Une jakin batzuetan sufritu egin genuen, nekea, tentsioa, urduritasuna... Eta oso garbi genuen zerbait berezia bizitzen ari ginela; olinpiar hirian esnatzen nintzen egun bakoitzean nabaritzen nuen. Gezurra dirudi, baina hemen nago. Jokoak bereziak dira, eta kontua aldatuz joan zen. Ia bi aste izan ziren. Hasieran dena oso berria zen; denak aztoratuta geunden; baina egunak pasatu ahala, beste modu batera gozatzen duzu, lehiaketan are gehiago sartuta.

Harremana mantentzen duzue?

Guzti-guztiekin ez, baina wattssap multzo bat dugu, eta pila bat hitz egiten dugu.

Behin erretiroa hartuta, udak oso desberdinak izango dira?

Bai, bai... erabat desberdinak. Lehen ez geneukan udarik: liga bukaera selekzioarekin lotzen genuen, eta gero denboraldi-aurrea zetorren. Gainera, gu oso goiz hasten ginen. Ia ez zenuen egunik, eta uda hau oso berezia da.

Falta nabaritzen duzu? Oraindik Jokatzeko adinean zaude eta.

Tira, oraindik ere ondo jokatzeko moduan nagoela ez dut hain garbi...

Urtebete baino ez da Olinpiar Jokoetan zeundela.

Azken bi urteak fisikoki gogorrak izan zirelako diot. Ez nuen lesio larririk izan, baina bai higatze prozesu bat. Denbora asko jokatzen nuen, eta zaindu beharra neukan, indarrak aurreztu... Alde horretatik bai, eman diot buelta. Eta falta nabaritu? Gehiago nabarituko nuela uste nuen. Finalak eta une bereziak bai, sumatzen dituzu faltan, kideak, sentsazioak... baina hartu nuen erabakia oso pentsatua nuen. Nire ordua iritsia zen.

Damurik ez?

Ez, egia esan ez.

Jarraitzeko aukera ez zenuen izan? Itxakotik kanpo.

Izan nituen eskaintzak; pentsa,abenduan ere bai, erretiroa hartu eta hilabeteetara. Atzerritik ere bai. Baina eskaintza bakoitza aztertzen nuenean, nire buruak bazekien erabakia hartua zegoela. Beste gauza batzuk egiteko ilusioa nuen: ikasketekin jarraitu, bizitza...

Bederatzi urte Itxakoko lehen taldean, domina... Baina, hala ere, eskubaloiak ez zaitu lanetik atera.

Eskubaloia garai oso zail batean dago, eta emakumeena, are zailagoan. Nolabait esatearren, garai onak ezagutu izan genituen, eta pribilegiatu batzuk ginen. Ligan jokalari oso gutxi zeuden eskubaloitik bizi ahal izan zirenak, eta zorionez, gu horietako batzuk ginen. Eta nire kasuan etxean, gainera. Orain hori pentsaezina da, eta pena handia ematen du. Klubak, azpiegiturak... galdu dira. Urte askoko lana zen, goi maila batean jokatu genuen, eta ez dakit noiz itzuliko den, noizbait itzultzen bada.

Gaia irten da. Itxako desagertu da. Ez zintuen harrituko?

Ez, ez nau harritu. Guk prozesu bat izan genuen, eta ez zen bakarrik gure azken urteko kontua. Hura atzetik zetorren. Are gehiago nire kasuan, Lizarrakoa izanda. Egoera gelditzen saiatu gara, «aizue, kontuz ibili», esaten, baina azkenean okerrena gertatu da: desagertzea.

Zuen azken urtea oso gogorra izan zen. Liga irabazi zenuten bai, baina protestaldiak...

Oso. Erretiroa hartzearen arrazoietako bat hori izan zen. Ez garrantzizkoena, baina eragina izan zuen. Psikikoki gogorra izan zen, eta ni, gainera, kapitaina nintzen.Urte desatsegina izan zen: zortzi hilabete kobratu gabe, egunero lanean eta lehiatzen, irabazten... Eta burua kirol kontuetan bakarrik izateko ahalegina egiten; gogorra izan zen.

Zortzi hilabete... Noizbait kobratzeko itxaropenik bai?

Bai, gutxi gorabehera. Egoerak berdin jarraitzen du, edo are okerrago, azken urte honetako jokalariek berdin jarraitu dutelako.

Entrenatzaile hasi zara. Zer irakatsia duzula uste duzu?

Zerbait berria da, eta pozik nago. Nik entrenatzaile ikastaroa egin nuen, eta gustatzen zitzaidan, baina, tira, hasi arte ez dakizu. Oso pozik nago. Lizarran talde berria sortu zen, Lizarreria, eta lagundu beharra zegoen; entrenatzaile kontuan eta kadeteekin lagundu diet. Eta Espainiako Federazioan ere bai, promesekin.

Defendatzen irakasteko gutxi egongo dira zu baino hobeak.

Denetarik!... [barrez]. Baina defendatzen ere bai.

Krisiak oso gogor jo du emakumezkoen kirola Nafarroan: Itxako, Obenasa, Lagunak...

Ezin gara pasatu dena izatetik deus ere ez izatera. Egokitze prozesu bat behar da, eta gutxieneko batzuk. Taldeak ezin dira hala desagertu. Ez profesionaletan, ezta harrobian ere. Itxakon argi zegoen: beste talde bat atera behar izan genuen harrobiko hamasei talde horiei eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.