Irritxoen Eguna: Errenterian irri egiteko aukera, azaroaren 11n

Haurrentzako egitarau zabala prestatu du antolakuntzak; goizetik gauera arte hainbat ekitaldi izango dira

Eriz magoa, Naroa Iturri kazetaria Porrotx pailazoa eta Olentzero, hainbat haurrekin, Irritxoen Eguneko aurkezpen prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aurpegi goibelak eta umore txarra debekatuta egongo dira azaroaren 11n Errenterian (Gipuzkoa). Umore onez bizitzeko eguna izango da, kalera atera eta irri egitekoa. Landare elkarteak Irritxoen Eguna antolatu du hemendik bi iganderako, «inoiz haurrentzat antolatu den egunik handiena».

Hamabi urtez azpiko haurrentzako eguna izango da, eta, antolatzaileen hitzetan, lehen aldiz antolatu da «maila horretako» festa bat adin txikikoentzat. Berez, beste bitan egin da preso daudenen haurren eskubideak sustatzeko eguna: 2008an, Hernanin; eta iaz, Tolosan. Baina indar berezia hartuko du aurtengoak, aurreko urteetan baino egitarau oparoagoa prestatu baitute.

Kilometroak, Nafarroa Oinez eta antzeko festen antzera, hainbat gunetan banatuko da Irritxoen Eguna; zortzi gunetan, zehazki. Herriko plaza eta leku ezagunetan jarri dituzte, guztiak hirigunetik gertu. Eguraldi txarrari aurre egiteko moduan dituzte gune guztiak. Egun osoko jaieguna izango da, 11:00etan hasi, eta 20:00 bitartean. Zanpantzarren doinuekin hasiko da festa. Jarraian, ekitaldi labur batean Julen Mendoza Errenteriako alkateak Alkate Txikia izendatuko du.

Koldo Mitxelena plazan jarri dute lehen gunea. Irrien Lagunen klubeko kideak egongo dira han, eta puzgarriak, jolasak, tailerrak eta talogileak egongo dira. 12:00etan eta 17:00etan erraldoiak, buruhandiak, dultzaineroak, trikitilariak eta txistulariak plazatik abiatuko dira, gunez gune herria girotzeko.

Lehenengo gunetik gertu dago bigarrena. Euskal jolasak eta Txan eta Eriz magoen ikuskizunak izango dira gune horretako izar nagusiak. Euskarazko joko elektronikoak ere egongo dira.

14:00etan hasita zabalduko da hirugarren gunea, Merkatuzarrekoa. Euskotreneko tren geltokitik hurbil dagoen gunean, herri bazkaria prestatuko dute. Haurrentzako zein helduentzako menuak egongo dira, baina menua oraindik zehaztu gabe dago. Menu berezia behar dutenek—zeliakoak, begetarianoak...— antolakuntzarekin harremanetan jar daitezke otordu desberdina egiteko. Sarrerak ohiko lekuetan edo Internet bidez eros daitezke.

Laugarren gunean, Zumardian, tamaina askotako puzgarri ugari egongo dira, pista amerikar bat, eta haurren gozamenerako beste hainbat jolas. Edariak hartzeko txosna bat eta talogileak ere egongo dira. Bazkalostean, 16:00etan Modestoren dantzaldiak girotuko du plaza lau orduz, 20:00 arte.

Bosgarren eta seigarren guneetan —Madalen kalean eta Niessen plazan, hurrenez hurren—antzerki ikuskizunak izango dira. Alkate Txikia izendatzeko ekitaldiaren ondoren, espetxean bere haurrarekin bizi den ama baten ikuspuntu eta bizi esperientziak antzeztuko dituzte. 17:00etan emanaldia errepikatuko dute. Niessen plazan Txiki Kaia izeneko zirkuitu babestu bat atonduko dute, bolaz beteriko igerilekuekin, txirristekin...

Abenturazaleentzako gunea izango da zazpigarrena, Herriko Plazakoa. Eskalatu, tirolinatik jauzi egiteko eta rappel egiteko aukera edukiko dute gaztetxo ausartenek.

Galtzarabordako kiroldegian, zortzigarren gunean, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek emanaldi berezia egingo dute. Irritxoen Egunerako egindako ikuskizun berezia izango da, eta ez dute beste herrietan errepikatuko. Emanaldia ikusteko aukera bakarra izango da, beraz. Ordubete lehenago irekiko dituzte kiroldegiko ateak. Beharrezkoa da ekitaldirako sarrera erostea (7 euro). Olentzero ere han izango da haurren gutunak jasotzen.

Bazkarirako edo ikuskizunerako sarrerak erosteko, jo webgune hauetara:

http://barrabarra.eu/eta www.irritxoeneguna.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.