Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Aldaketak eta egunerokoak

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'All Apologies'

Zuzendaria: Emily Tang. Aktoreak: Cheng Thaisen, Tang Shuting, Liang Jing, Gao Jin. Herrialdea: Txina. Iraupena: 88 minutu.

Errealismo zinematografiko garaikidea Txinan dago, eta Emily Tangen azken filma horren adibide berria da. Herrian gertatzen ari diren aldaketak dira drama trinko eta samur honen markoa, eta makro-iraultza horren azpian pertsona soilen poz eta negarrak daude.

Kostunbrismoaren bidetik hasiko da filma, landa herri bateko egunorokoaren bitartez: haurrak eskolarako bidean, txikitxo baten ateraldi komikoak, bizilagunen arteko harremanak…Bat-batean tragedia agertuko da; hortik aurrera, kolore gris eta ilunak nagusituko dira; arrantzaleak kainaberarekin segituko du betiko lekuan, baina dagoeneko ez dira entzunen eskola umeen algarak.

Herritik hirira. Horixe omen da lana eta aberastasuna bilatu nahi dutenen patua. Eta bide hori hartuko dute protagonistek, etxean dituzten arazoak atzean utzi nahian, inorako ihesaldian. Izugarri aldatzen ari den herrialdea erakutsiko digu Tangek, sotiltasun handiz: ume bakarra izatearen legea, langabeziaren mamua, eraikuntzaren garapen geldiezina, nagusien denbora-pasa garestiak eta jarrera harroa…

Testuinguru horretan mugituko dira pertsonaiak, aldaketa sozioekonomikoekin batera, eta gizarte eta familia kohesioa hausten ari dela ikusiko dugu. Inork ez dezala espero akzio handiko filma; handikeriarik gabe egindako erretratu xume eta argigarria da All Apologies.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.