'Sinfokids 2' atera dute, musika klasikoa haurrengana gerturatzeko

Umeek musika modu dibertigarrian ikasteko, musika eta hezkuntza uztartzen ditu 'Sinfokids 2' proiektuak

Zornotzako Zubiaur Musika Eskolako haurrak Sinfokids 2-ren grabaketa saio batean, Miramonen. SINFOKIDS 2.
Ainhitze Ruiz.
Donostia
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gazteen artean musika klasikoa zabaltzeko helburuarekin osatu dute Sinfokids 2 ikus-entzunezko proiektua. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzak elkarlanean egindako proiektua da. Sinfokids 2011n sortu zen, eta oraingoa ekinbide horren bigarren atala da. Txikienak musikaren mundura hurbiltzen dituen DVDa da Sinfokids. Zorroztasunetik abiatuta baina modu ludikoan eta ikuslearentzat egokitutako mintzaira erabiltzen du. Haurrentzako material pedagogikoa izateaz gain, musika irakasleek beren klaseak emateko material osagarria ere bada.

Sinfokids 2 Lehen Hezkuntzako ikasleengan pentsatuta dago, eta bost unitate didaktikotan banatuta dago DVDa: talde lana, orkestrako zuzendariaren egitekoa, natura inspirazio iturri, erritmoa eta musikaren bidezko sormena. Lehenengo atalean, orkestra batean kalitatezko emaitzak lortzeko norbanakoaren zein taldearen konpromisoaren beharra azpimarratzen da. Bigarren atalean, orkestra zuzendari baten eginkizun garrantzitsuenak ezagutarazten dira. Hirugarren atalean, naturak eta bertako soinuek konpositoreen sorkuntzarako iturri gisa zein funtzio duten aztertzen da. Erritmoak, musika natura eta bizitzan duen eragina azaltzen du laugarren atalak. Eta azkenengo atalean, berriz, musika sormena garatzeko baliabide gisa erabiltzea aztertzen da.

Umeak protagonista

Bost ataletako gai nagusi horiek lantzeko orduan, Zornotzako Zubiaur Musika Eskolako ikasleak eta Euskadiko Orkestra dira protagonista nagusiak eta ataletako bakoitzak 10 minutuko iraupena du. «Zornotzako Musika Eskolako umeek oso ongi pasatu zuten DVDa grabatzen, eta horrela irakastea oso aberasgarria da», azaldu zuen atzo Ruper Lekuek, Musika Eskolako zuzendariak. «Esperientzia oso dibertigarria izan zen umeentzat, eta Sinfokids 3 noiz aterako den zain daude», gaineratu du.

Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak atzoko aurkezpenean esan zuenez, proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa izan da talde lanean aritzea. «Guretzat oso garrantzitsua da hezkuntzan publiko berria erakartzea musikaren gozamenera, eta hori txiki-txikitatik egiten da. Haurrei musikarako interesa sortzea lortuko bagenu, betiko opari bat izango litzateke umeentzat», gaineratu zuen.

Sinfokids 2-ren helburua ikus-entzunezko musika saio kalitatezko eta berritzailea sortzea izan da, pertsona kopuru zabal batengana heltzeko ahalegina eginez. Euskadiko Orkestrak sortu, EITBk burutu eta emititu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzak banatutako materiala euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkezten da.

Maite Iturbe EITBko zuzendariak atzoko aurkezpenean esan zuenez, hezkuntza oso balio garrantzitsua da, eta, horretaz gain, modu dibertigarri eta entretenigarrian egiteak garrantzi handia dauka. «Musikak bizitzan garrantzi handia duela uste dut, ez bakarrik sentsibilitatea lantzeko, garunaren garapena lantzeko ere oso onuragarria dela uste dut», azpimarratu zuen. Gainera, produktu berritzailea dela eta aspalditik herririk aurreratuenetan musika derrigorrezko ikasgaia bihurtu dela ere azpimarratu zuen. Hori horrela, modu dibertigarri eta entretenigarrian irakastea garrantzitsua dela azaldu zuen.

Horrekin jarraituz, Mikel Cañada Sinfokids-en zuzendariak ere ekinbide berritzailea dela aipatu zuen: «Orkestra sinfoniko baten lana kontzertuak eman eta grabaketak egitea da. Eta hori horrela, orkestra sinfoniko batek Lehen Hezkuntzarako ikus-entzunezko material didaktiko bat egiteko denbora hartzea gauza berritzailea da». Iniziatiba berritzailea izateaz gain, eduki, formatu eta dituen helburuen aldetik ere berritzailea dela gaineratu zuen.

Sinfokids hezkuntza alorrean erreferentziazko material pedagogikoa izateko pentsatuta dago, hori horrela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe, musika eskola, kontserbatorio eta berritzegune guztietan banatuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzak. Horrez gain, Iturbek jakinarazi zuenez, abenduaren azken astean, «umeak etxean daudenean», Sinfokids2-ren atal bat emango dute egunero aste guztian, 11:00etan, ETB1en.

DVDak Bat guztiontzat eta guztiok batentzat familiarteko kontzertua ere biltzen du. Kontzertu horretan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Diego Martin Etxebarriaren zuzendaritzapean aritu zen, eta Iñaki Telleria aktore eta musikaria izan zen aurkezle. Sinfokids 2-ren 1.500 ale banatuko dituzte hainbat eskolatan, baina saltokietan ez da salduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.