Colette Capdevielle. Diputatu sozialista

«Gure geroa hiri elkargoan dugu, eta Parisi eskatu gabe eraiki dezakegu»

«Lurralde honen aldarria delako», euskal lurralde elkargo bat eskatuko du diputatuak heldu den astean Frantziako Legebiltzarrean.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Parisek Ipar Euskal Herriarentzako lurralde elkargo bat sortzea «konplikatua» ikusten du Colette Capdeviellek (1958, Ortheze, Okzitania). Hori dela eta, deszentralizazio erreformari beste aldaketa batzuk aurkezteari buruz dabil gogoetan. Bihar du aldaketak aurkezteko azken epea.

Datorren astean aurkeztuko duzu zure aldaketa Frantziako Legebiltzarrean. Zure alderdiak eta gobernuak ez zaituzte sostengatzen. Nola sentitzen zara?

Biziki ontsa. Nire aldaketa orokorra da, Frantziako lurralde guztientzat da, eta Konstituzioko 72-1 artikuluaren betetze baldintzei buruz ari da. Diputatu batzuk sostengatzen naute, hala ere. Nik diot ezin dugula beti itxoin estatutu bereziko lurralde elkargoen sortzeko erabakia gobernutik jitea. Artikulu horren gauzatze baldintzak zehaztea dut eskatzen.

Lege batzordeak baztertu du zure aldaketa. Zer diozu?

Zehaztu behar da ez duela baztertu 40. artikuluan zehaztu arrazoiengatik, eta hori interesgarria da. Artikulu horri segi, diputatu edo senatari batek ezin du gastu finantzario berririk sortu. Frogatzen du estatutu bereziko lurralde elkargo batek ez duela gastu berririk sortzen eta, beraz, euskal lurralde elkargoak ez lukeela gastu berririk gehituko, hori garrantzitsua da. Legebiltzarrean horri buruzko eztabaida egotea ere da beste arrakasta. Hala ere, nire eskaera esplikaziorik gabe baztertu izanaz dolu dut. Baztertua izan da arrazoi politiko batengatik, ez da arrazoi juridikorik.

Baina aldaketaren aldeko botoa nagusitzeko xantza gutxi duzu...

Argi da, oso zaila izanen da. Baina, hala ere, legebiltzarrera eramateko pausoa egin dut, lurralde honen aldarria delako.

Justuki, Lege Batzordeko txostengileak zehazten zizun lurralde elkargoa nahi izanez gero tokiko hautetsiek gobernuari edo parlamentuari dei egiteko aukera dutela. Egin duzue baina erantzunik ez duzue jaso.

Hori da arazoa, dei egin dugu eta ez dugu erantzunik jaso. Horregatik dut legearen argitzea galdatzen, lurralde elkargo bat xede duten lurraldeek honen sortzeko aukera ukaiteko gisan.

Bi azpialdaketa prestatzen ari zarela zehaztu zenuen Lege Batzordean. Zehazten ahal dituzu?

Zer eginen dudan ez dakit batere, lurralde poloei buruzko xehetasunik ez dudalako oraindik. Batzordearen txostenaren beha naiz, ikusteko zer gelditzen den testuaz, zein aldaketa onartu dituzten. Badakit ere beste diputatu batzuek lurralde poloei buruzko aldaketak aurkeztuko dituztela.

Beraz, polo edo sindikatu misto bat dakarren zuzenketa bat lirateke.

Ez, ez! Batere ez. Lurralde poloei buruz idatziko dena ikusi nahi dut, ondotik agian zerbait sartzeko... Baina ez dut erabakia; ezin dizut erantzun hor.

Aipatu al dizkiezu azpialdaketa horiek euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinakundekoei?

Bai, bistan da. Baina gaur egun ez dakit zer dion testuak, beraz, ezin dut oraino zehaztasunik eman.

Kolektiboki erabakiko duzue eman beharreko pausoa?

Hautetsien Kontseiluaren bilera uztailaren 15ean dugu, eta aldaketak aurkezteko azken epea ostiral gauean da, beraz, konplikatua izanen da. Ez da koordinakundearen bilerarik finkaturik.

Gobernuak Frederique Espagnacen aldaketa ere ordezkatu du. Hori dela eta, ez da gehiago Euskal Herriaren aipamenik ageri. Zer diozu horretaz?

Elkarte bat egitura publiko bilakaraztea planteatzen zuen aldaketak, baina hori debekatua da, elkarte askatasuna zangopilatzen duelako.

Arrazoi horren izenean, izan zitekeen Euskal Herriaren erreferentzia kendu dute legetik.

(...)

Zein da zure iritzia horretaz?

Baina nik horretaz ez dut iritzirik! Jurista naiz, Lege Batzordeko kide naiz. Espagnacen aldaketak arazo juridikoak zituen, eta dolu dut ikustearekin arrazoi juridiko horrengatik ez dela atxikia izan. Diputatua naiz, beraz, legea errespetatzen dut, ezin dut sostengatu ezin-sostengatua. Espagnacen testua kentzea eskatzen zuten aldaketa andana ziren aurkezturik, edo Euskal Herria aipatzeko arrazoirik ez zela erranez; ni horrekin ez nago ados, edo aipatu arrazoi juridikoagatik.

Adibidez, Landei lotuz, Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna kontutan hartuko ez lukeen polo bat sortu nahian dabiltza hautetsi batzuk. Arriskua hor da.

Galdera gaur egun argitua dela iruditzen zait. Euskal Herriarekin lurralde proiektu bat osatzea ez dute inoiz eskatu Landek, inoiz ez! Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna aitortua da Pays egituraren bidez.

Baina bihar ez...

Zergatik? Pays egiturak ez dira desagertzen. Marylise Lebranchuk dio argiki ez direla desagertzen. Euskal Herria existitzen da Pays egituraren bidez. Lege Batzordean bozkatu testu batek dio Pays horiek polo bihur daitezkeela. Euskal Herriko Pays horrek polo bilakatu nahi badu, egin dezake. Egia da ere beste modu batera egitura litekeela Euskal Herria, hiri elkargoa sor dezakegu, hori izateko behar den biztanleria heina 250.000 biztanlera jaitsi dutelako. Egin dezakegu, eta inork ezin digu oztopatu.

Baina Pays ez da instituzio bat...

Ados naiz, baina poloa ez litzateke instituzionalagoa... Lurralde elkargoa lirateke soilik instituzioa. Edo hiri elkargoa...

Inork ezin digu oztopatu hiri elkargoaren sortzea?

Sor dezakegu Parisen iritzia eskatu gabe, tokiko hautetsien adostasuna nahikoa litzateke. Euskal Herriko herrien arteko kooperaziorako egitura publiko guztiak batzen ditugu, eta Euskal Herriko hiri elkargoa badugu.

Eskumenak lituzke?

Bai, eta sekulakoak gainera. Hiri elkargo baten eskumen guztiak lituzke. Biharko beharko genituzkeenak: enplegua, etxebizitza...

Erantzun gisa statu quo-a «ezin imajinatutzat» jo duzu Lege Batzordean. Alta, erantzun hori sendi da.

Badugu hemen nahi instituzional azkar bat, ez da ahobatezkoa, baina biziki azkarra da. Momentu batez erantzun bat beharko dugu! Bi aukera daude: edo Paristik datorren erantzuna itxoiten dugu baina konplikatua izanen da, edo guhaurk antolatzen dugu, aipatu hiri elkargoaren bidez. Nire ustez, gure geroa horretan kokatzen da, ez dugu iritzia galdetzerik Parisi, eraiki dezakegu.

Aurka diren tokiko hautetsiek zer diote? Aurkako presioa egiten dute Parisen...

Presio handia egiten dabiltza. Horretaz haiei eskatu behar lirateke, ezin dut haien ordez erantzun.

Zer diozu logika jakobino horretaz?

Euskal Herritik egin aldarriaren gaizki-ulertze bat da. Tristea da, baina horrela da. Parisen inork ez du ezagutzen egoera, inoiz ez da hemengoa aintzat hartu, eta domaia da. Beraz, Paristik duten ikuskera erabat karikaturazkoa da, ez dute batere errealitatea ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.