Silvia Federici. Pentsalari feminista

«Andreen egoera materiala aldatu ezean, fikzioa da berdintasuna»

Ugalketa lanaren aitorpena aldarrikatu du Federicik, emakumeek egindako etxeko lanaren bizkar garatu baita kapitalismoa.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Marxismotik aztertu du Silvia Federicik andreen ugalketa lanaren eta kapitalismoaren arteko lotura. Italian jaioa da, 1948an, eta gazterik Amerikeako Estatu Batuetara joana; New Yorkeko Hofstra Unibertsitateko irakasle izanik ondu zuen tesia, 2010ean liburu bihurtua: Caliban eta Sorgina: emakumeak, gorputza eta oinarrizko pilaketa. Parte Hartuz-ek eta EHUk antolatutako Demokrazia + jardunaldietako irekiera hitzaldia eman zuen atzo Bilbon.

Sorgin ehizari buruz idatzi zenuen liburua. Zein lotura du kapitalismoarekin?

Handia, sorgin ehiza genozidioa izan zelako, instrumentala, kapitalismoaren bidea erakusteko: kriminalizatu eta demonizatutako jarduerak kapitalismoaren lan diziplinaren aurkakoak ziren. Adibidez: ugalketa kontrolatzen saiatzeagatik hil zituzten emakumeak, kontrazepzioa deabruzkotzat zutelako. Edo andre pobreen arteko elkartasun sareak sortzeagatik; emakumeen boterearen eta harreman kolektiboen aurkako erasoa izan zen.

Emakumeak parte hartze politikotik kanporatzea dago kapitalismoaren oinarrian. Nola azal dezakezu hori?

Andreen lana ez da ordaintzen, ikusezin iraun du, baina gainerako lan mota guztiak sostengatzen ditu, lan horrek lan indarra ekoizten duelako. Kapitalismoan, lan merkatuaren beharren menpe egon da lan hori. Mugimendu feministaren ekarpen handienetakoa izan da etxeko lan horren benetako izaera aitortzea: ez da zerbitzu pertsonal bat, baizik eta produkzioaren parte bat; kapitalismoak ez ordaintzearen eta ez aitortzearen ondorioz, produkzio horren kostua gutxitu da. Beraz, ondasunak pilatzeko prozesuan ona da lan hori ezkutuan gordetzea, eta andreen lana dela pentsaraztea, eta ez produkzioaren parte bat.

Horregatik borrokatu zinen AEBetako etxeko langileen soldataren alde? Ez hainbeste diruagatik, baizik eta aitorpenagatik?

Etxeko lanaren truke soldata eskatzeko mugimendua estrategia bat izan zen, etxeko lan hori lana badela demostratzeko. Etxean egindako lana aitortzeko borrokatzen ez baginen, ezin izango genien etxetik kanpoko botereei erantzun, enplegatzaile guztiek jakingo zutelako doan egiten genuela lan. Aldarrikapen haren helburua zen aitortzea kapitalismoak bere indarra, boterea, pilaketa eraiki duela, ugalketa lanaren degradazioan oinarrituta. Lana hierarkikoki antolatu du: goian ordainsaria jasotzen duena, eta behean kobratzen ez duena. Soldataren bidez, gizartea sexuaren arabera banatu du, eta kontrol mekanismoa sortu du: andreen lan eta gorputzaren gaineko boterea eman die gizonei.

Zergatik diozu ugalketa krisian dagoela?

Etxetik kanpo lan egiten dutenez, emakumeak ugalketa lan gutxiago egiten ari dira, oraindik asko egiten duten arren. Nor ari da lan hori egiten? Inor ez. Aldi berean, ugalketa lanerako oso garrantzitsuak diren gizarte zerbitzu asko mozten ari da estatua. AEBetan, adibidez, haurtzaindegi gutxi dauzkagu, eta garestiak dira, baina andreen soldata oso baxua da. Ondorioa da pertsona asko ez direla ugaltzen, andre gazte asko ez dira ezkontzen...

Ezkontzaren edota amatasunaren inguruko ikuspegi aldaketa horiek feminismoak eragin ditu?

Modu kontraesanezko batean. Ezkontza, etxeko lan edota amatasunarekiko jarrera bikoitza izan dute feministek. Batzuek erabaki dute ez ezkontzea, autonomia nahi dutelako, ez dutelako euren bizitza gizon baten mende egin nahi; baina abagune horretan, oso zaila da seme-alabak edukitzea, umeek lana, dirua eta denbora eskatzen dutelako. Bestalde, etxeko lanen garrantziaz ohartu gara. Kapitalismoak agindutako ugalketa arbuiatu dugu, ez ugalketa bera. Baldintza erabat desberdinetan eginda, ugalketa lana sormen prozesua izan daiteke.

Partekatuta, esaterako?

Bai, norbere bizkar gainean lan guztia hartu ordez, pertsona talde batean banatuta, ugalketa lanaz gain beste lan batzuk egin ahal izateko.

Feminismoa ere krisian dagoela esan duzu. Zergatik?

1970eko urteetatik instituzionalizatu delako. Hasieran emakume taldeak autonomoak ziren, baina feminismoa Nazio Batuen Erakundean txertatu zenetik, energia lekualdatu egin da, taldeetatik erakundeetara, Pekinera joateko. Eta Pekinen, andreen agenda goitik ezartzen dute, NBEk feminismo propioa sortu duelako: emakumeen beharrez arduratzen dena, baina sistemara egokitua. Haientzat, emakumeen askatasunak ez du esan nahi emakumeen egoera materiala aldatzea.

Ikuspegi hori ez al da ezkorregia? CEDAWk edo NBEren beste hitzarmenek ez al diote zilegitasuna eman borroka feministari?

Emakumeen mugimendua izan da indarkeriaren aurka antolatu dena, andreentzako aterpetxeak sortu dituena... NBEk ez du inoiz aterpetxeetarako dirurik jarri. Indarkeriari buruzko dokumentu onak dauzkagu, baina non daude baliabideak? Berdintasunaz hitz egitean, erakundeek diote berdinak izan gaitezkeela, baina berdinak zertan? Esplotazioan? Berdinak, emakumeek ordaindu gabeko lan gehiena egiten dutenean? Berdinak armadan egon gaitezkeelako gizonekin? Emakumeen egoera materiala ez da aldatu; beraz, berdintasuna fikzioa da.

Hala ere, feminismoak eskubideak eman dizkie emakumeei...

Baina andreen borrokak eman digu hori. Eta borroka egiteari uzten diogun unean, eskubide horiek kentzen dizkigute. AEBetan abortatzea debekatu nahi dute, emakume bati lehen mailako hilketa bat egotzi ahal izateraino, adibidez, haurdun egonda alkohola edo droga hartzen badu.

Zer irakats diezaieke borroka feministak demokraziaren aldeko beste mugimenduei?

Ezin dela demokrazia pertsonen egoera materialaren auzitik bereizi. Denen artean hartutako erabakiak ez dira nahikoak, zeren zein erabaki ari gara hartzen? Erabakiok ugalketa jorratu behar dute, sexuaren araberako lan banaketa, gizon eta emakumeen arteko botere harremana... Auzi horiek oso garrantzitsuak dira kapitalismoarentzat, irauteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.