Ainhoa Elices. Emuneko marketin arduraduna

«Euskara gizartean hari eroalea izan daiteke, ekarpen handiagoa egiteko»

Lan esparrua zabaldu berri du Emun aholkularitzak, gizartearen egungo beharrei erantzuteko zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Emun aholkularitza taldeak, lana euskalduntzeko kooperatiba izateaz gain, orain Euskara eta berrikuntza soziala azpititulua izango du. Azken urteetako jardunak lan ildoa zabaltzera eraman du, eta lau zerbitzu mota eskainiko ditu aurrerantzean: hizkuntza, kultura, aniztasuna eta immigrazioa, eta parte hartzea. «Etengabe eraldatzen ari den gizarte batek, bestelako tresna eta erantzun batzuk behar ditu, eta hori guztia eskaini nahi dugu», azaldu zuen Ainhoa Elices Emuneko marketin arduradunak atzo, irudi korporatibo eta helburu berriak aurkezteko Bilbon egindako ekitaldian.

Nondik dator Emunen lan esparrua zabaltzeko beharra?

Ia 16 urteko ibilbidea daukagu, lan mundua euskalduntzeko kooperatiba modura. Fagorrekin hasi ginen lanean, gero enpresa askorekin jarraitu genuen, eta urte batzuk badira administrazioan euskararen normalkuntzarako aholkularitza eskaintzen hasi ginela. EBPNn [Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia] agertzen diren lan esparruak jorratzean, ikusten genuen askotan zeharkakotasunez euskararen gaiarekin lotuta gizarteak beste esparru batzuk dituela, eta horiek ere ukitu behar genituela: aniztasuna, kultura, parte hartzea... Horietan euskarak badu zer eman: hari eroalea izan daiteke, baina gizarteari hori baino ekarpen handiagoa egiteko aukera ere badaukagu, eta gure bezeroek hori eskatzen dute. Gizartearen erronka berriei erantzuteko moduko ezagutza eta gaitasuna baditugu.

Orain ezarri dituzuen lau lan ildoak elkarri lotuta garatuko dituzue?

Bakoitza negozio ikuspegi batetik garatuko dugu, bere egiturarekin, bere lan prozedurekin... Baina uste dugu garrantzitsua dela euskararen eta euskal kulturaren presentzia indartzea, gizarteari askoz ekarpen sendoagoa egiteko aukera izango dugulako.

Euskarak balio erantsia izaten jarraituko du, beraz?

Euskara eta euskal kultura elementu komun modura hartu behar ditugu. Horiek sendo edukiz gero, inguruan ditugun kulturetara iristeko aukera izango dugu, horiekiko errespetua eta aniztasuna oinarri hartuta, hau da, komunitatea eraikitzeko bidea euskaratik eta euskal kulturatik egin behar dugu, modu seduktore batean. Gainera, enpresen munduan jada ikusi dugu euskarak ospea ere ematen duela: hizkuntzari presentzia eta garrantzia emateak, gizarte erantzukizunaren arloan, prestigioa ematen dio. Eta enpresak prestigioa badu, euskarari ere prestigioa ematen dio.

Nola uztar daiteke bertako hizkuntza gutxituaren defentsa kanpotik heldutako beste hizkuntzen aitorpenarekin?

Guk uste dugu euskara eta euskal kultura sendotu behar ditugula, baina, aldi berean, derrigorrezkoa dela besteak ezagutzea eta errespetatzea eta aniztasun hori kudeatzea. Guztiak maila berean jarrita, modu seduktore batean lortu behar dugu hizkuntza komun horretara erakartzea, bai etorri berriak, bai bestelako hizkuntzak erabiltzen dituztenak ere.

Seduzitzea aipatu duzu.

Bai, baina, era berean, argi ikusten dugu borondatea baino gehiago behar dela. Hori nolabait kudeatu egin behar da, luzera begirako ikuspegia eman behar zaio: ondo pentsatu helburuak eta estrategiak, eta modu sistematizatuan gauzatu. Bai hizkuntza zerbitzuetan, bai kultura edo aniztasun zerbitzuetan, oso argi izan behar dugu gure iparra zein den, eta horra iristeko zein pauso eman.

Lan esparrua zabaldu duzue orain, baina 16 urte eman dituzue lan mundua euskalduntzen. Zer lorpen egin dira, eta zer oztopo daude?

Normalkuntza maratoiarekin alderatu izan dugu beti, eta oraindik ez dakigu zenbat denbora beharko dugun. Azkeneko urteetan, enpresa asko batu dira normalkuntza horretara, baina egia da oraindik Euskal Herriko enpresen %1ek baino ez duela erabilera plana. Asko egin da, baina asko dago egiteko. Azken batean, ohituretan eragin behar dugu, eta aldaketa horiek oso zailak dira. Urrats sendoak egin dira, eta oso garrantzitsua izan da euskara kalitatearekin, prestigioarekin eta kohesioarekin lotzea. Horren aurrean, zailtasun nagusia da enpresa guztiek ez daukatela euskara lehentasunen artean, eta krisiak ez du laguntzen. Administrazioen aldetik, sustatzen jarraitzea nahiko genuke, baita arautzea ere: derrigortasunak bestelako urrats batzuk egiten laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.