Tamara Aleksandravna. Krimeako akademikoa

«Lurraldeen auziari ez badio soluzio bat ematen, ekialdea ere galduko du Kievek»

Aleksandravna 1970ean iritsi zen Krimeara. Hiru nazionalitate eduki ditu, «maletarik egin gabe». NAPKS unibertsitateko dekanoa da.

Olatz Urkia
Simferopol
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Simferopolen kanpoaldean, bi zutabe gris erraldoiek kea botatzen dute zeru urdinera. Bat-batean, kale estu-estu batean ate metaliko bat ireki da. «Privet!» (kaixo, errusieraz). Tamara Aleksandravna bizi da hor (Petujobo, Siberia, Errusia, 1945). Dena prest dauka: kikaratxoak, etxean egindako marmelada, ogia eta gazta. Krimean, bisitaria etxean sartu eta egiten duten lehen gauza da, jatekoa eskaintzea. Ingurumenaren Babesaren eta Baliabideen Garapenerako Akademia Nazionalaren (NAPKS) nazioarteko saileko dekanoa da Aleksandravna.

Noiz etorri zinen Krimeara?

1970. urtean. Orduan, dena Sobietar Batasuna zen. Horregatik, senarrari hona jarraitu nionean, ez neukan bidaia zerbait handitzat. Ez zen beste herrialde batera emigratzea ere. Bakarrik, trenean eser,i eta hiru bat egunetan hegoaldean atera. Dena berdin berdina zen: jendea, hizkuntza… Bakarrik tenperatura, hori bai, suabeagoa da hemen.

Sobietar Batasuna puskatu eta pasaportea aldatu behar izan zenuen.

Begira, nik hiru nazionalitate eduki ditut maletarik egin gabe. Krimean lehenengo urteetan nire pasaportean Sobietar Batasuna jartzen zuen, 1992tik Ukraina eta laster Errusia. Ukraina independizatzean, hasieran, ez genuen sentitu errusiarren kontrako tentsiorik. Tentsio hori handitzen geroago hasi zen, gu, errusiarrak, kanpokoak garela eta horrelako ideiak zabaltzen hasi zirenean, Justxenkoren eta Timoxenkoren garaian. Hitz berriak sortzen hasi ziren; hitz arriskutsuak. Adibidez, titulnaia natzia terminoa (tituludun nazioa, errusieraz), ukrainarrak izendatzeko. Eta horrela, termino horren ondoan, beste guztiak bigarren mailako herritarrak bihurtu ginen. Eta azken hilabeteetan, Maidaneko tribunetatik izugarriak esaten hasi ziren. «Errusiar eta juduak, Ukrainatik kanpora» eta horrelakoak. Urte hauetan guztietan, kultura eta hizkuntza ukrainarra bereganatu ondoren oso gaizki hartzen dut sentimendu hau: Ukraina ez dela gure ama, amaordea baizik.

Baina nork esaten ditu horrelakoak errusiarren aurka?

Goikoek, noski. Ukrainar gehienek ez dituzte horrelakoak esaten. Gorroto hori guztia beti politikariengandik etortzen da. Guk, herritarrok, ikasia dugu nazio askotakoen artean bakean bizitzen. Tatarrak, errusiarrak eta ukrainarrak elkarrekin egiten dute lan, asko ezkondu dira elkarren artean. Pentsamendu nazionalista horiek goitik sortu dira, eta boterea daukatenek ondo dakite herritarrei beldurra edo gorrotoa transmititzen.

Zer pentsatzen duzu orain Ukrainan hitza duten politikariez?

Asko harritzen nau ikusteak Mendebaldeak ez dutela arreta jarri boterea hartu dutenengan. Oleg Tiagnibok, adibidez, talde faxista bateko burua da, izen polita daukan asoziazio beldurgarri batena: Svoboda (Askatasuna). Berak jendaurrean azaldu duen bezala, bere bizitza guztia dedikatu du iraganean zapalkuntza nozitu zutenak mendekatzera. Eta, esan: zer sor dezakete mendekuak eta gorrotoak? Sobietar Batasunekoak izan ziren nazio guztiek eduki ditugu kapitulu zailak gure historian. Orain denak gure arbasoak mendekatzen hasten bagara, nola amaituko dugu? Haren ordezkaria ere, Irina Farion, pertsona beldurgarria da. Telebistan agertu zen orain dela gutxi, haurtzaindegi batera bisita egiten. Umeei beren izena galdetu, eta haiek Maxa edo Kolia (izen errusiarrak) erantzun ziotenean zera erantzun zien: «Zu ez zara Maxa, baizik eta Maritxka (izen ukrainarra), eta zu ez zara Kolia baizik eta Mikola (izen ukrainarra). Eta Maxa eta Kolia guztiak joan daitezela Moskura». Hori telebistan ikusi genuen, ez da norbaitek kalean kontatu didana. Normala iruditzen al zaizu?

Krimeak orain arte lasai iraun du. Nolatan banandu da Ukrainatik bat-batean, hain azkar?

Jatorrizko hizkuntzen inguruko legearengatik. Lege hori orain dela urte batzuk onartu zuten, Ukrainan erabiltzen ziren hizkuntza ez-ofizialak babesteko. Lege horren arabera, herritarrek beraien hizkuntzak erabil ditzakete eguneroko bizitzan askatasun osoz. Ezin genuen tribunalean errusiera erabili, ezta botiken aginduak errusieraz irakurri ere. Dokumentu ofizial guztiak ukraineraz egin behar genituen. Hala ere, gu ez ginen kexatu, eta ez genuen hori aldatzerik eskatu. Kieven lege hori ere galduko genuela esaten hasi zirenean, beldurtu egin ginen. Ulertu genuen ez bagenuen zerbait egiten urte batzuk barru Krimean errusiera baztertuko zutela. Gero, guretzat sakratua dena mespretxatzen hasi ziren: eta ez Lenin bakarrik. Mendebaldeko herri batean, adibidez, soldadu sobietarren oroimenean altxatutako eskulturari burua moztu zioten. Zergatik? Ezin dezaket ulertu. Eskultura hori ez zen errusiarrentzat altxatu, sobietarrentzat baizik, guztientzat. Guztiak anai-arrebak izan gara urte askotan. Ni ez naiz inoiz alderdi komunistako partaide izan, ez naiz politikazalea. Baina astakeriak ez ditut onartzen,eta azken hilabete hauetan astakeria gehiegi egin dira.

Maidanen parte hartu duten guztiak zaku berean sartu behar al dira?

Inola ere ez. Ukrainako mendebaldean lagunak dauzkat, eta kontatu didate beraien egoera oso txarra dela: ustelkeria, langabezia… Hemen baino okerragoa. Hori guztia aldatzeko borrokatu ziren Maidanen, baina laster etxera itzuli ziren etsiak jota; orain,oso haserre daude boterera nor iritsi den ikustean: orain dela lau urte ukrainarrentzat ezer hobetu ez zuten berberak itzuli dira eta.

Eta etorkizunean, zer?

Maidanek luzaroan jarraituko du. Eta gobernuak ez badio lurraldeen arteko desberdintasunei soluzio bat ematen, Kievek ekialdea ere galduko du. Krimeari dagokionez, espero dut orain arte bezala, eta oraindik hobeto, nazio guztiek elkarlanean jarraituko dugula. Bai errusiera, bai tatarera eta bai ukrainera, hemen hizkuntza ofizialak izango direla espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.