Alba Menendez. Bera Berako jokalaria

«Titulua zaleen aurrean irabazi ahal izateak ilusio handia egiten du»

Puntu bakarra aski du gaur Bera Berak liga irabazteko. Ezin direla fidatu argitu du eskuin hegalekoak, Mar Alacant indartsu dagoelako.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero -

2014ko maiatzak 10
Denboraldi osoko lana errematatzea. Besterik ez zaio falta Bera Berari bigarrenez jarraian ligako titulua irabazteko. Donostiarrek Mar Alacant hartuko dute gaur Bidebietan (19:00), eta puntu bakarra aski dute helburua erdiesteko. Ordea, puntu soilaren bila ez, garaipenaren bila kantxaratuko direla dio Alba Menendez eskuin hegaleko jokalariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). «Partida noiz hasiko zain gaude, garai ahaztezin bat izateko ilusioz eta gogotsu». Hori bai, patxada eta lasaitasuna beharrezkotzat jotzen ditu, «ezustekorik gerta ez dadin».

Aste bereziari errematea ematea falta zaizue. Prest al zaudete?

Bai, noski. Aste berezia izan da. Entrenamenduetan giro polita sortu da, ezohikoa, eta tximeleta batzuk sentitu ditugu sabelean. Baina hankak lurrean ditugu: badakigu ez dagoela ospakizunik irabazten ez badugu, eta erronkari aurre egiteko pronto gaude.

Puntu bat aski duzue, baina hobe horretan ez pentsatzea, ezta?

Irabaztera aterako gara. Eta ez irabaztera bakarrik, aurkaria irenstera ere bai. Bi puntuak nahi ditugu. Horretarako, betiko bideari jarraitu beharko diogu. Defentsan gogor egon eta kontraerasoan azkar ateratzea izango da gakoa. Ez dago sufritu gabeko gozamenik: hortzak estutu eta lasterka egitea egokituko zaigu. Partida garrantzitsua delako ez dugu aldatuko gure joko sistema.

Urduritasunak eragin al dezake?

Ez dut uste. Taldean jokalari gazteak bagaude, baina beteranoak ere ugari dira, eta haiek izango ditugu gidari. Gainera, konfiantza dugu. Joan den astean neurketa zaila irabazi genuen Alcobendasen kantxan (23-31), eta gogotsu gaude. Ez dugu ahaztu behar titulua han utzi genuela bideratuta.

Han bideratuta utzi, eta orain errematea falta. Non eta Bidebietan. Horrek ilusioa sortuko dizue, ezta?

Ilusio ikaragarria. Orain arte ez baitugu aukerarik izan titulurik etxean irabazteko. Iragan sasoian Castron irabazi genuen, eta polita izan bazen ere, beste era batekoa behar du izan etxean irabazteak, gure zaleen aurrean. Beti ondoan izan ditugu, eta haiei eskaini nahi diegu ligako garaikurra.

Mar Alacant izango duzue aurkari. Esperientziak dioenez, hobe duzue ez fidatzea...

Halaxe da. Denboraldi honetan ez ditugu partida asko galdu, baina horietako bat Mar Alacanten kontra izan zen, haien kantxan, eta badakigu gauzak oso ongi egin beharko ditugula ezusterik ez izateko. Mar Alacant oso talde gogorra da, borrokalaria, eta sekula ez ditu gauzak erraz jartzen.

Kopa irabaztean, hau esan zenuen: denboraldia biribiltzeko liga irabaztea falta zitzaizuela. Ate joka duzue aukera.

Eta ezin dugu alferrik galdu. Superkoparen jabe egin ginen lehenik; Kopa ere lortu genuen, eta bekatua litzateke ligari alde egiten uztea. Bera Berak badu maila hiru titulu irabazteko. Joan den denboraldian ere hiru titulu poltsikoratu genituen, eta sekulakoa litzateke bigarrenez jarraian balentria hori lortzea. Kanpotik begiratuta erraza izan daiteke, baina guk badakigu lan asko egin beharra dagoela horretarako. Eta horixe izan da gure sekretua: lana eta lana.

Lan horrek ez dizue balio izan Txapeldunen Ligan onenekin lehiatzeko. Arantzarik ba al daukazue?

Txapeldunen Liga beste kontu bat da. Gozatzea zen gure asmoa, eta gozatu genuen. Europako talde gehienak Txapeldunen Liga irabazteko diseinatuta daude, baina gurea ez. Badakigu zein den gure tokia. Denontzat saria zen onenekin lehiatu ahal izatea, eta aukera baliatu genuen. Egiari zor, Espainiako Ligako eta Europako eskubaloiaren artean sekulako aldea dago.

Datorren denboraldian berriz ariko zarete Txapeldunen Ligan. Zer helburu izango dituzue?

Denboraldi honetako berberak: gozatzea eta, ahal bada, partidaren bat irabaztea. Sasoi honetan, azken jardunaldian irabazi genuen, eta ez zait iruditzen gauzak asko aldatuko direnik.

Arlo pertsonalean, bosgarren sasoia duzu Bera Beran. Inoiz baino minutu gehiago jokatu dituzu, gainera.

Jokalari eta pertsona gisa heltzen ari naiz Donostian. 17 urterekin iritsi nintzen, eta, pixkanaka, hobetzen ari naiz. Sasoi hau da horren erakusle. Jokalari batengan hobekuntza da garrantzitsuena, eta, nire kasua ikusita, pozik nago.

Espainiako Kopan eskuin hegaleko jokalaririk onena izendatu zintuzten. Zer sentitu zenuen?

Inondik inora, ez nuen halakorik espero. Gustura nengoen taldeak lortutako sariarekin, eta, eskuin hegaleko onena ni izan nintzela esan zutenean, sekulako poza sentitu nuen. Bozgorailuetatik nire izena esan zutenean pentsatu nuen erratu egin zirela. Bi partida on jokatu nituen, bai, baina ez nuen uste hainbesterako izan zirenik.

Izandako bolada txarrez oroituko zinen, noski.

Bai, pentsa. Orain hiru urte disko hernia izan nuen, eta operatu egin ninduten. Hamar hilabete egin nituen geldirik, eta nahiko ongi indarberritu naiz. Tarteka mina sentitzen dut bizkarrean, baina egun batez atseden hartu, eta kito.

Epe luzera begira, ez al dizu beldurrik ematen min horrek?

Ez dut horretan pentsatzen. Gauza txarren batek etorri behar badu, etorriko da. Oraina bizitzen eta gozatzen ari naiz ni.

Eskubaloia uzteko esan zizuten.

Medikuek aholku hori eman zidaten, baina nik ez nuen nahi. Kirol hau da nire pasioa. Indarberritze lanean serio jarraitu nuen, eta orain ongi nago.

Bera Berak, gainera, badu zu bezalako gazteen beharra.

Egia da. Beterano batzuk baditugu taldean, Eli Pinedo kasurako, eta horiek ordezkatzea tokatzen zaigu. Bera Bera lan bikaina egiten ari da beheko mailetan, eta taldearen etorkizun oparoa ziurtatuta dagoela uste dut.

Eta, zure etorkizuna, non ikusten duzu?

Oraingoz, ongi nago hemen, nahiz eta eskubaloitik bizitzea ezinezkoa den. Etorkizunean? Frantzia... Hor daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna