Euskal Selekzioa 6. Peru 0

Jolasean, jokatu beharrean

Euskal Selekzioa goitik behera gailendu zaio Perukoari eta partida kaskarra izan da, erritmo eta intentsitaterik gabekoaSan Mameseko harmailen hiru laurdenak bete dira, eta giroa ez da bereziki beroa izan

Aritz Aduriz, bizkarrez, eta Roberto Torres, azken horrek atzoko partidako lehen zatian sarturiko gola ospatzen. Aurrenekoa du Euskal Selekzioarekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioa. Iraizoz, Iraola, I. Martinez, Ansotegi, Aurtenetxe, Iturraspe, Beñat, De Marcos, Xabi Prieto, Roberto Torres eta Aduriz. Geroago zelairatu ziren: Oier, Ekiza, San Jose, Balentziaga, Illarramendi, Susaeta, Gomez, Agirretxe, Toquero, Zubikarai eta Bergara.

Peru. Delgado, Vilchez, Balbin, Advincula, Cruzado, Benavente, Bazan, Yotum, Ramos, Chavez eta O. Vilchez. Geroago zelairatu ziren: Penny, Gambetta, Cespedes, Farfan eta Aparicio.

Golak. 1-0: Adurizek (13. min); 2-0: Torresek (21. min); 3-0: Adurizek (39. min); 4-0: Agirretxek (48. min); 5-0: Agirretxek (51. min); 6-0: Susaetak (80. min.).

Epailea. Delgado Ferreiro.

Bestelakoak. San Mameseko harmailak ez ziren bete, 25.000 ikusle inguru. Partidaren aurretik, megafonia arazoen erruz, ereserkiak ez ziren entzun, ezta ere Maialen Lujanbiok abestu zuen bertsoa. Amets Arzallusena ez zen bere osotasunean entzun.

Amets Arzalluz euskal herritar askoren bozgorailu bilakatu zen Euskal Selekzioak atzo jokaturiko partidaren aurretik abesturiko bertsoan: «Urte dezente dira jolasean gabiltzala / eta guk jokatu egin nahi dugu beste guztiek bezala». Lagunartekoek sortzen duten frustrazioa aldarrikatu nahi zuen, eta partidak beste arrazoi bat eman zion bere ustean sakontzeko. Euskal Selekzioak eroso irabazi zion Perukoari. Gol asko eta ikuskizun urriko partida izan zen. Ikusleek, gainera, ez zuten beste partida batzuetan bezala erantzun, San Mameseko harmailen bi heren eta hiru laurdenen artean bete baitziren. 25.000 ikusle asko jota. Hori du jolasteak, ez duela jokoak adinako ikusminik sortzen.

Ofizialtasuna da jolastu eta jokatzearen arteko aldea. Partida serio eta lagunartekoaren artekoa. Euskal Selekzioko kideek hala aldarrikatu zuten zelairatu zirenean: «Ofizialtasuna nahi dugu», zioen eskuetan hartu zuten pankartak, eta sinadura ere deigarria zen: «Euskal jokalariak». Selekzioak 28 lagunarteko jolastu, edo jokatu, ditu aro modernoan, eta Gabonetako hitzordu bereziaren magia higatzen doa. Aurkaria punta-puntakoa izan ezean, ez da erraza ilusioa piztea. Hala ere, babes polita jaso zuen partidak, eta gol festak harmailak girotu zituen. Zale gazte asko bildu ziren, eta horiek izaten dira sutsuenak. Ikuskizuna txarra izan zen halere, Peruk ez ziolako aurre egin Euskal Selekzioari.

Garrantzitsuena partida jokatzea dena argudio zabaldua da. Beste ezeren gainetik, festa. Egon daiteke ados edo ez, baina hori defendatzen duenak ondo zaindu behar du lagunartekoaren kalitatea. Iazko Boliviaren aurkako 6-1ekoa ez zen izan uste horren aldeko pausoa, ezta atzoko norgehiagoka ere. Peruko hautatzaileak beraientzat lagunarteko partida ez zela esan zuen bezperetan, bada jokalariek ez zuten halakorik erakutsi. Ez zen partidarik egon, eta Euskal Selekzioa goitik behera gailendu zen.

Partidak hasiera txarra izan zuen, megafonia arazoen erruz berandu hasi baitzen eta Maialen Lujanbioren bertsoa ez zen entzun. Epaileak partidari hasiera eman zionean ikuskizunak ez zuen hobera egin. Peruk erraztasun asko eman zituen atzean eta Euskal Selekzioak gol aukera asko izan zituen lehen zatian.

Euskal Selekzioak huts horietako hiru baliatu zituen atsedenaldiaren aurretik. Bi Adurizek, eta dagoeneko selekzioko goleatzaile nagusia da. Guztira bederatzi gol sartu ditu elastiko berdearekin. Adierazgarria izan zen aurrenekoa (13. min). Xabi Prietok boleaz zutoinera bidali zuen Roberto Torresen erdiraketa, eta Adurizek, bakar bakarrik ate aurrean, baloia sarera bidali zuen. Peruko atzelariak begira gelditu ziren, eta ikustekoa izan zen kanpokoen hautatzailearen errieta.

Roberro Torresek sartu zuen 2-0ekoa (21. min), area ertzetik, beste behin aldaratze bat baliatuta. Osasunako erdilariak selekzioarekin jokatzeko gogoa zuela aitortu zuen herenegun BERRIA-n Oier Sanjurjok, bada bere debutean lehen gola sartu zuen. Oroitzapen polita eraman zuen etxera. Bigarren golean ere Peruko atzeko lerroa lo egon zen. Orduan ikusi zen partidak ez zuela orekarik izango. Kanpoko jokalarien ezina agerian gelditu zen. Etxekoan nahieran zebiltzan eta Adurizek arazo handirik gabe erabaki zuen partida 43. minutuan.

Ereserkiak atsedenaldian

Atsedenaldiak esperpento itxura izan zuen, megafonia konpondu eta orduan entzun baitziren ereserkiak. Entzun gabe ere pasa zitekeen. Orduan ikusi zen aldaketa dantza hasia zela, Euskal Selekzioak zortzi jokalari aldatu baitzituen kolpetik. Aldaketek ez zuten partida irauli, eta Agirretxek bi gol sartu zituen bigarren zatiko lehen sei minutuetan.

Bigarren zatia aspergarria izan zen. Etxekoek baloia alde batetik bestera mugitu zuten eta Peruk ez zuen hozka egin. Zaleek olatuarena egin zuten eta oihu batzuk entzun ziren. Beste partida batzuetan baino gutxiago agian, giroa hotzagoa izan zen. «Independentzia» oihukatu zuten aho batez une batzuetan, baina gutxi. Bukaerako txalo zaparrada izan zen nabarmenena, harmailetatik zelaira, eta aurkako norabidean. Dena den, ikuskizunak eta bizitako giroak hausnarketa eragin beharko lukete selekzioaren ofizialtasunaren auziaren inguruan jolasean dabiltzan eragile guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.