Irakoitz Etxeberria. Orioko patroia

«Erregulartasun handiz ari gara, eta itxaropen handia dugu gaurko»

Urteetan arraun mundutik kanpo egon eta gero, denboraldi honetan itzuli da Orioko ontziaren txopara. Oso gustura dabil, eta gaur Gipuzkoako Txapelketa irabaz dezaketela uste du.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko uztailak 17
Oriok azkenekoz Kontxako bandera irabazi zuenean, Irakoitz Etxeberria (Orio, Gipuzkoa, 1976) zuen patroi. Hain zuzen, 2007an izan zen. Aurten, arraun mundura itzuli da, eta dagoeneko irabazi du bandera bat: San Miguel ligakoa, Pedreñan, joan zen larunbatean. Gaur, beste bat nahi du: Gipuzkoako Txapelketa.

Orio al da gaurko faborito nagusia?

San Miguel ligako emaitzak ikusita, hala gara, baina txapelketetan ez dugu gure maila ematen normalean, eta ia beti Hondarribiak eraman izan du Gipuzkoako Txapelketa. Ea gai garen gurea emateko eta bandera irabazteko.

Hondarribiak irabazi zuen, gainera, ligako azkeneko estropada, igandean. Gainean al duzue?

Talde ona dauka, eta kaleekin zorte txarra izan zuen ligako estropadetan. Urte askoan dabiltza elkarrekin arraunean, eta hori oso garrantzitsua da. Hala ere, gu oso ondo ari gara, eta erregulartasun handia erakutsi dugu. Biharko [gaurko] itxaropen handia daukagu.

Zer egin behar du Oriok Gipuzkoako txapeldun izateko?

Orain arte egin duguna. Gure arraunketa hartu, minutuko 36 palakadako erritmoan joan, horrela joaten zaigulako ontzia azkarren, eta ez dugu erotu behar. Arraunean ondoen erritmo horretan egiten dugu, eta azken unean erritmoa altxatu behar bada, joan zen larunbatean Pedreñan bezala, igotzeko aukera izaten dugu. Aurkariak erritmo biziagoan joaten dira, eta ez daukate tarte hori abiadura bizitzeko.

Begiratuko zenuen itsasoaren iragarpena. Zer nahi duzu?

Ez dago itsasoa emanda; ez dut uste, behintzat. Aukeran, nik nahiago itsaso pixka batekin, txalupa oso azkar joaten delako itsaso mugituan. Arraunak behar ditu halako baldintzak. Izan ere, eremu guztiak berdinak balira eta kaleen arteko alderik-eta ez balego, bandera guztiak Kaikuk eta Urdaibaik irabaziko lituzkete. Arraunaren polita eta itsusia hori da: kalea alde izatea polita da, eta itsusia da kontrakoa, baina denei ematen digu aukera bandera irabazteko.

Hondarribia bakarrik al duzue gaurko aurkaritzat?

Ez, ez. San Pedro oso indartsu dabil, eta San Juanek ere irabazi digu aurten. Orain, ligan, esaterako, bigarren txandako edozein da gai banderak irabazteko. Pasaiko biei falta zaie bandera bat irabaztea eta taldeek ikustea gai direla irabazteko.

Buruko lana, azkenean?

Hori da. Arraunean buruak egundoko eragina dauka. Larunbatean, bandera irabazi genuenean, hiru minutu eta erdi kostatu zi- tzaidan taldea konbentzitzea bandera irabazteko, eta txispa hori lortu genuenean, ez dago ontzirik geratzerik.

Gipuzkoako Txapelketara iaz sekulako gogoarekin joan zen Orio, eta Euskadiko Txapelketara ere ez zen sailkatu. Arantza hori ateratzeko grina al duzue?

Arantza ateratzeko gogoa badago, baina iazko denboraldi osokoa. Estropada guztiak irabazi zituzten, baina gozatu gabe. Aurten gozatzen ari gara, eta horregatik ari gara emaitza onak lortzen. Iaz, Euskadiko Txapelketa antolatzeko egundoko ahalegin ekonomikoa egin zuen klubak, baina Orio ez zen sailkatu Gipuzkoakoan, eta gogo handiz gaude. Gainera, aspaldian ez dugu ekarri Gipuzkoako Txapelketa herrira [2008an izan zen azkenekoz].

Gozatzen ari zaretela esan duzu, eta iaz ez zutela gozatu. Zer aldatu da?

Iaz ez nengoen, baina uste dut presio handia zutela, Orio bigarren mailan egotea ez delako ohikoa. Gero, arraunlari handiak ekarri ziren, eta jendeak pentsatu zuen bigarrenari minutua aterako zitzaiola. Baina hemen denak dira ama-semeak, eta denak ibiltzen dira ondo. San Miguel ligakoen ondoan jarri zirenean, Gipuzkoako Txapelketan, esaterako, ez zuten maila eman, eta arraunketa aldatzen hasi ziren. Orion inoiz egin ez den moduan hasi ziren. Igotzeko kanporaketan sartu zirenean lasaitu egin ziren, eta orduan hartu zuten betiko arraunketa.

Aurtengoa Orio taldea da, eta iazkoa ez?

Izen handiko arraunlaria arriskutsua izan daiteke, espero duen guztia ez bada betetzen ari. Aurten, beste jende bat etorri gara klubera, eta apal-apal hasi gara lanean. Taldea asko ari zait erakusten. Inoiz ez dut ezagutu halako talderik; beti dena emateko prest, beti aholkuak entzuten. Esaten ari dira aurten arraunean ikasten ari direla, eta sekulako konfiantza ematen dio horrek entrenatzaileari. Bere onena ari da ateratzen entrenatzailea, eta onena ari da ematen; iaz ezin izan zuen hori egin.

Zuzendaritza ere lasaitasuna jar- tzen ari da; hankak lurrean ditu. Horrek ere laguntzen du?

Bai, dudarik gabe. Oso ondo ari dira, eta umiltasun hori oso lagungarria da. Nahiz eta oriotarrak izan, eta horregatik eskakizun maila handia izan, hankak lurrean izan behar dira.

Maila igotzeko tarterik badu Oriok?

Baietz uste dut. Entrenamenduetan ikusten ari naizenaren arabera, bai. Estropadaz estropada gorantz goaz, eta ez diegu beldurrik izan behar Kaiku, Urdaibai eta Hondarribiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna